Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak hiriko ikastetxe publiko eta itunduetako antzerki lantegien udal programaren hirugarren luzapena onetsi du. Eskaintza duela ia hiru hamarkada hasi zen, 1996an. Berriro ere, 2023-2024ko ikasturtean, hala eskatzen duten ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 1. eta 5. mailako ikasleek asteroko saioak jasoko dituzte eskola-orduetan, Nafarroako Antzerki Eskolako ‘El Colectivo’ taldeak emanda. Udalak 97.008 euro inbertituko ditu horretarako.
Joan den ikasturtean, 27 ikastetxetako 1.700 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten joko dramatikoa eta dramatizazioa lantzeko programa batean. Horrek sorkuntzako adierazpen librerako aukera eskaintzen die haurrei, adierazpen-hizkuntzez osatzen den esperientzia baterako hezkuntza-baliabide gisa. Iruñeko ikastetxeetan egiten diren Antzerki lantegien udal programak barne hartzen ditu, parte hartzen duten ikasleen adinaren arabera beti ere, joko dramatikoko jarduerak, dramatizazioa eta txotxongiloak egitea, lankidetzazko ludifikazioan oinarrituko metodologia parte-hartzaile baten bidez, eta baita antzerkirako berariazko metodologiekin ere.
Planteamendua da antzerkiak, bere alderdi hezitzailean, gorputzaren garapenean, garapen kognitiboan eta emozionalean gaitasunak eskuratzen laguntzen duela; bestetik, elkarrekintza soziala sustatzen du, balioekin eta jarrerekin batera, eta lantegi horiek baliabide dramatikoak ikaskuntzei laguntzeko jarduera gisa erabiltzea ahalbidetzen dute. Gainera, saio horietan adierazpen-sormena garatzen da, eta horrek haur guztien nortasunaren garapen integralari laguntzen dio, gaian adituak diren pertsonen eskutik.
Programan parte hartu nahi duen ikastetxe bakoitzak lantegietan zein hezkuntza-mailako ikasleek parte hartuko duten aukeratzen ahalko du (Lehen Hezkuntzako 1. mailako 6/7 urteko ikasleek, Lehen Hezkuntzako 5. mailako 10/11 urtekoek), beti ere, gehienez, 50 minutuko 28 saio eginez ikasturtean zehar. Jarduera zein hizkuntzatan eginen den ere aukeratzen ahalko dute: gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez.
ANTZERKI-LANTEGIAK
• Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko lehen eta bosgarren mailako ikasleendako
• 50 minutuko saio bat astean, eskola-ordutegian
• Gehienez ere 28 saio ikasturtean
• Saioak gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez