2022ko sanferminetako programa ofizialak 532 hitzordu ditu, adin guztietako herritarrek festak goza ditzaten pentsatuak

2022ko sanferminetako programa ofizialak 532 hitzordu ditu, adin guztietako herritarrek festak goza ditzaten pentsatuak
Programazioa Kondestablen, literatura-ibilbideak, zahar eta familiendako proposamen gehiago eta uztailaren 12a “Jotaren eguna” izendatzea dira berritasunetako batzuk

Iruñeko Udalak 532 ekitaldi antolatu ditu 2022ko sanferminetarako. Gaur goizean, Enrique Maya Iruñeko alkateak eta María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak programaren berritasunak eta ekitaldi nagusiak xehatu dituzte, zeinetan bederatzi egunez kontzertu, dantzaldi, su artifizial, erakusketa, kale-animazio, haur eta familiendako jarduerak eskainiko baitira herritarren eta bisitarien gozamenerako. Era berean, ez dira faltako hitzordu tradizionalak, hala nola entzierroak, Prozesioa, Bezperak edo Zortziurrena, eta, urtero bezala, hiriak hitzordua izanen du Txupinazoarekin uztailaren 6an eta Gaixoa Niarekin uztailaren 14an.

Enrique Maya alkateak arduraz jokatzeko mezua azpimarratu du: hirukoiztuta biziko ditugun sanferminak, baina hiria eta besteak errespetatuta, festak zainduz, Iruñearen nazioarteko proiekzioko eta turismoko erakargarritasun nagusia baitira sanferminak. 2022ko festetako kultur programaziora 1.700.000 euro baino gehiago bideratu dira, eta hura indartzeko aurrekontu-aldaketa bat egin da kontratazio, azpiegitura eta zerbitzuei lotutako gastuen igoeraren ondorioz.

Ekitaldien zerrenda ele biko programa batean jaso da; 10.000 ale editatu dira paperean, eta aste honetan zehar jarriko dira salgai Tonbolan, hiriko liburu-dendetan eta Turismo Bulegoan. Prezioa sinbolikoa izanen da, euro bat. Programazioa formatu inprimatuan eramangarriago egite aldera, poltsikoko 63.000 liburuxka jarriko dira herritarren eskura, bost hizkuntzatan (gaztelania, euskara, ingelesa, alemaniera eta frantsesa). Programaren diseinuak hiriko balkoiak eta horiek azken bi urte hauetako iruditeria kolektiboarekiko izan duten lotura berezia ditu ardatz. Villa McLuhan Comunicaciónek egin du diseinua, María Victoria Fuentes Galindoren akuarelekin, eta alkatearen agurra eta Vanesa Garderen –La Pamplonesa zuzendu duen lehenengo emakume-konpositorea– hitzaurrea ere jasota datoz programan.

Ohikoa denez, zenbait efemerideri eskainitako egunak ere badaude: Baionaren eta Senidetutako hirien eguna (uztailak 8); Haurren eguna (uztailak 11) eta Zaharren eguna (uztailak 13). Aurten, gainera, Sanferminetako Mahaiaren eskariz, eskaintza berri bat sortu da, Jotaren eguna; uztailaren 12an eginen da Sarasate pasealekuan eta Alde Zaharreko kaleetan.
Baina, badaude berritasun gehiago: animazioa Konpartsaren atsedenaldietan txotxongilo eta eskorga-zezenekin; Dj-saioak Gazteluko plazan “arratsalde-pasa” egiteko eta gauez; sanferminetako erreferentziek literatura unibertsalean izandako garrantziaren inguruko literatura-ibilbideak, eta kultur espazio berri bat zabaltzea sanferminetako bigarren erdialdetik aurrera Kondestable Civivoxean. Musika erdialdeko guneetara itzuliko da, baita haurrendako guneak Askatasun plazara eta Media Lunara; Foruen plazan, bere horretan diraute gazte-eremuak, eguneroko programazioarekin, eta herri-kirolak; eta berriz ere festetako ekitaldirik jendetsuenetako baten alde egiten da, hau da, Ziudadelan su artifizialen bildumen jaurtiketaren alde.

2022ko berritasunak

Sanferminetako Mahaiaren proposamenez, Jotaren eguna (uztailak 12) ospatuko da, eta berariazko programazioa prestatu da egun horretarako. Ospakizun horren inguruko jarduerak batez ere Sarasate pasealekuan eginen dira, eta Udalak goizez eta arratsaldez programatu ditu emanaldiak. Egunero eginen diren jota-emanaldiez gain, Nafarroako Emakume Desgaituen Elkarteak (AMUDISNA) kontzertu bat eskainiko du, hiru jota-erronda eginen dira Iruñeko jota-elkarteen eskutik, eta Nafarroako eta Errioxako jotarien topaketa bat eginen da Navarjota Elkarteak antolatuta.

Zaharren egunean (uztailak 13), El baúl de los 70 ikuskizuna programatu da Sarasate pasealekuan, Serafín Zubiri, Mikel Herzog eta Artaxoako bandaren eskutik, Sarasate pasealekuan. Kontzertu horrekin, zaharrei eskainitako musika- eta dantza-eskaintza bikoiztu da; izan ere, Gurutzeko plazako dantzaldi tradizionalei eusten zaie, eta bertan askotariko musika-generoak jotzen dituzten musika-orkestrak arituko dira.

Txikienentzat, eta egunero erraldoi eta buruhandiei lagun egiten dieten familiendako programazioa osatzeko, Udalak hainbat animazio-ikuskizun antolatu ditu 11:00etatik 12:00etara, txotxongilo eta eskorga-zezenekin, konpartsaren atsedenaldian haurrak entretenitze aldera; lehen aldiz, konpartsaren atsedenaldia aurrez ezarri da (uztailaren 7an eta 14an izan ezik, elizkizunen iraupenaren araberakoa baita) ekitaldi jendetsu horretara doazenen antolaketa eta itxaronaldia errazteko. Egunero gozatzeko aukera egonen da.

Eta eskaintza kulturalei dagokienez, sanferminetan literatura-ibilbideak estreinatuko dira. Proposamen horrek sanferminen ikuspegia eta presentzia erakutsiko digu hainbat literatura-lanetan. Iazko udan programatu ziren, bertan behera geratu ziren festei egindako keinu gisa, eta harrera ona izan zutenez, aurten programa ofizialean sartzeko hautua egin da. Gainera, 2022an, uztailaren 9tik aurrera, Kondestable Civivoxean kultur espazio berria zabalduko da arratsaldeetan. Doako musika-ikuskizunak eskainiko dira, formatu txiki eta ertainean, eta xede dute jolas-esperientzia berriak sortzea, kalean festa egiteko ohikoez bestelakoak.

Orkestrek girotutako dantzaldiak eta DJak izanen dira berriz ere protagonista Antoniuttin, non berriz ere itzuliko baitira feriako gastronomia-postuak, 19:00etatik 22:00etara eta 23:30etik 03:00etara.

Aurten festak Gainzaren Biribilketaren erritmoarekin hasiko dira, txupinazoaren ondoren La Pamplonesak eta txistulariek interpretatuko baitute Udaletxe plazan. Konposizio hori koheteak eztanda egin ondoren entzuten den aurreneko musika-pieza da, baina duela 40 urte baino gehiago Udaletxeko ezkaratzean interpretatzen da, plaza jendez beteta baitago. 2022an, musika-pieza tradizional hori kanpoan entzunen da berriz ere, jende orok goza dezan.

Musika: DJak Gazteluko Plazan

Gazteluko plazak ere musika-programazioa berrituko du aurten. Arratsaldeetan, hiriko toki ikoniko horretan “arratsalde-pasak” egiteko ordua izanen da. 19:00etatik 20:50era, tokiko DJ sorta batek festa egiteko musika jarriko du, eta su artifizialen ondoren, nazioko DJen txanda izanen da, ‘Sound Fermin’ izeneko gunean. 23:30etik aurrera, plazan arituko dira, besteak beste, nazioko irratietan erreferentziazko musika-programetako DJak, baita beste zenbait artista ere, hala nola ELYELLA, Mickey Pavón eta Innmir, denak Espainako onenetakoak. DJak sanferminetako programazioan egotea ere Sanferminetako Mahaian onartutako puntuetako bat izan zen. Gune horretan, nabarmendu behar da Carlos Jean DJaren emanaldia, uztailaren 6an, txupinazoa bota eta ordubete ondoren. 

Musika eta dantzatzeko aukerak egonen dira festetan toki askotan. Lola Índigo, La Oreja de Van Gogh, La M.O.D.A. eta Camela, besteak beste, girotuko dituzte sanferminetako gauak Foruen plazan. Bestalde, Compañía plazan, jazzaren eta munduko musiken aldeko apustua eginen da berriz ere. Askotariko herrialdetako –Estatu Batuak, Britainia Handia edo Kuba– zazpi artista daude kartelean, baita Nafarroatik gertuago dauden beste musika-ikuspegi batzuk ere, besteak beste, Omenaldia Pedro Iturralderi (2020an hildako saxo-jotzaile nafarra).

Gurutzeko plazan, goizez, 13:00etan, musika-bandak arituko dira. Baionako banda eta Nafarroako beste batzuk –Tutera, Erriberri edo Fustiñanakoak– ukitu tradizionala emanen diote gune horri, eta haiekin batera, dantzaldiak egonen dira 20:00etan eta 23:30ean. 

Sarasate pasealekua izanen da aurten gure folklore tradizionalaren egoitza, askotariko jotak izanen baitira goizez (12:00etan), eta bertso-saioak eta dantzariak arratsaldez (19:00etan). Gainera, aurten berriz ere txistu- eta gaita-dantzaldiak egonen dira; gaiteroak erdiguneko kaleetan barna ibiliko dira eta girotzeko musika modalitate ezberdinei eutsiko zaie. Aurten, Sarasate pasealekura lekualdatuko da, baita ere, Iruñeko Txistularien 63. Alardea, uztailaren 10ean, igandearekin, 10:00etatik 12:00etara; aurtengo edizioaren izenburua Ibaiak da, eta ibaiek gure historian izandako garrantzia nabarmendu nahi du.

2022ko sanferminetako programak Askatasun plazako (‘Hauek Festa Hauek’), Taconerako (‘JolastuBirjolastu’) eta Media Lunako (‘Sports Kids’) haurrendako aisia-guneak berreditatu ditu, bai eta haurrendako entzierroak (goiz eta arratsaldez) eta arratsalde-gauero Karlos III.era iritsiko diren kalejira-antzerkiak. Halaber txotxongilo-ikuskizunak eginen dira euskaraz eta gaztelaniaz Askatasun plazan, egunero, 20:00etan. Gainera, zezensuzkoa aterako da egunero 21:45ean San Domingoko aldapatik.

‘Hauek Festak Hauek!’ zabalik egonen da uztailaren 6tik 14ra, goizez, 11:30etik 14:00etara (6a salbu) eta arratsaldez, 18:00etatik 21:00era, abentura-jolasekin, lantegiekin, puzgarriekin eta, oro har, 17 urtera arteko askotariko jendearendako eta adin tarteka banatuta. Taconerako parkean sanferminetan berriz ere egonen da haurrei zuzendutako programazioa. ‘JolastuBirjolastu’ berrerabiltzea eta birziklatzea sormenarekin eta irudimenarekin lotzen duen programa da, eta Larrainatik gertuen dagoen eremuan egonen da antzerki ikuskizun handi baten eszenografiarekin. Media Lunan ‘Sports Kids’ programak berriz ere eginen du Nafarroako kirol federazioekin lankidetza, eta 6 eta 14 urte bitartekoei 17 kirol modalitate ezberdinetan debutatzeko edo praktikatzeko aukera emanen die, hala nola arku-tiroa, esgrima, saskibaloia edo boleibola eta errugbia (berria aurten). Ordutegia: 11:00etatik 11:30era eta 18:00etatik 20:30era izanen da.

Gazteak eta nerabeak

Nerabeendako dagoeneko hitzordu finkoa da eta aurten bueltan da Foruen Plazako Gazte eremua. 12 eta 17 urte bitartekoei zuzendutako aisialdiko eta hezkuntzako gune horrek lantegiak, masterklassak, puzgarriak, DJak eta gazteen emanaldiak eskainiko ditu uztailaren 7tik 14ra, 19:00etatik 22:45era. Gunearen irekiera Bocabeats Comedia bikote bilbotarraren eskutik izanen da, zeinek Stand Up Comedy formatuan inprobisazioz eta beatboxarekin –interpreteak hainbat musika-instrumenturen soinuak eta erritmoak imitatzen dituen teknika– egindako musika-parodiez osatutako ikuskizun bat eginen baitute; uztailaren 14an, itxierarako,  alkoholik gabeko koktelak dastatzea, ur-jolasak eta Nakama Planet tokiko taldearen eta Ramón Mirabet artista katalanaren emanaldiak izanen dira proposamena.

Bertan, halaber, Udalak ‘Gozatu burua galdu gabe’ kanpaina bultzatuko du; mezu horrek norberaren erantzukizuna azpimarratu nahi du jaiak modu osasuntsu eta arduratsuan bizitzeko orduan, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa saihestuz eta sexu-harremanak izatean beharrezkoa den segurtasuna azpimarratuz.

Su-artifizialak: hitzordurik jendetsuena urtero

2022an suek berriz ere aldarrikatuko dute egileen irudia. Bilduma piroteknikoen diseinatzaileak Su Artifizialen Nazioarteko XXI. Lehiaketaren ardatza izanen dira, laugarren urtez egile-suei eskainia. Lehiaketan bost herrialdetako bederatzi egilek parte hartuko dute (Espainia, Portugal, Italia, Frantzia eta Suedia). Gainera, aurtengo festetako lehiaketak hiru berritasun izanen ditu: aurrez muntatzeko aukera –Iruña Espainian aitzindari izanen da–, epaimahaian artista plastikoak sartzea eta lehiaketaren lehen logotipoaren aurkezpena.

Bildumak sanferminetarako berariaz diseinatu dituzte nazioko zein nazioarteko lehen mailako piroteknia-sortzaileek, eta Ziudadelaren barrualdetik jaurtiko dira uztailaren 6tik 14ra 23:00etan. Ikusleek hitza edukiko dute sarietan; izan ere, publikoaren sariak aurrera jarraituko du eta horiei Urrezko, Zilarrezko eta Brontzezko San Ferminak gehituko zaizkie, lehiaketaren epaimahaiak emanak.

Herri-kirolak, akardea eta kalejira

Aurten ere, Foruen plazan eginen dira, uztailaren 6an 13:30ean folklore-jaialdia eta, eta 8tik 14ra, herri-kirolen ohiko txapelketa eta erakustaldiak –trontza, aizkolariak, txingak, sokatira, harri-jasotzaileak– bai eta kirol tradizionaleko beste modalitate batzuetako erakustaldiak ere.

Nazioarteko folklorea Kulturen kalejiran ere izanen da nagusi berriro; ikuskizun horretan Iruñeko dozenaka talde eta entitatek, hainbat jatorri eta kulturatakoak, parte hartuko dute. Uztailaren 14an, igandearekin, izanen da hitzordua, 18:00etan Descalzos/San Lorentzo kalean, eta Gazteluko plazan amaituko da, 20:30ean.

Peñen dirulaguntza

Urtero bezala, kaleko jarduerak peñentzako dirulaguntzarekin osatuko dira, zeinek Iruñeko kaleak egun osoan zehar girotzen baitituzte. 2022ko zenbatekoa 81.750 eurokoa izan da.

Balkoietako sanferminak

Aurtengo liburuxka kalearekin lotura duen elementu baten irudiz hornitu da: balkoiak. Espazio hori, konfinamenduan besteekiko zubi gisa erabiltzen zena, gaur erabat ezberdina den Iruña batera zabaltzen da. Hori da Vanesa Gardek, La Pamplonesa zuzendu duen lehenengo emakume konpositoreak, programaren hitzaurrean jorratzen duen gaia.

Villa McLuhan Comunicación agentziak, María Victoria Fuentes Galindok akuarelaz egindako irudiekin, Iruñeko Udalaren liburuxka diseinatu du, eta haren 10.000 aleak aste honetatik aurrera salduko dira euro bateko prezio sinbolikoan Tonbolan, hiriko liburu-dendetan eta Turismo Bulegoan. 15,5 x 28 cm-ko tamaina eta 68 orrialde koloretan ditu, eta Udalak antolatutako jardueren eguneroko programazioaz gain, honako hauei buruzko informazioa ere ematen du: Iruñeko askotariko kolektibo eta entitateek antolatutako jarduerak, erraldoi eta buruhandien konpartsaren ibilbidea, entzierroko arauak, Zezen-feria, festen toki nabarmenak erakusten dituen irudiz hornitutako plano bat eta intereseko lekuak. Programak, halaber, Udalak jaiak lasaiak, harmoniatsuak eta festen protagonistekin, herritarrekin eta ingurunearekin errespetuzkoak izateko sortutako kanpainen berri ematen du. Bertan ageri dira ere eraso sexisten aurkako kanpaina, edalontzi berrerabilgarriari buruzko kanpaina, arduraz jokatzeko gazteei zuzendutako kanpaina eta ‘Biziko ditugu’ kanpaina.

Gainera, doan banatuko dira poltsikoko 63.000 liburuxka (tolestuta, 70 x 105 mm-koak) sanferminetako programazioarekin. 35.000 gaztelaniaz, 17.000 euskaraz, 7.000 ingelesez, 2.500 frantsesez eta 1.500 alemanez. Halaber, poltsikoko 15.000 liburuxka banatuko dira konpartsaren ibilbideekin gaztelaniaz eta euskaraz.

¿Te ha sido útil esta página?