2021erako ordenantza fiskalak eta prezio publikoen arauak aldatzeko aurreproiektuan jasota datoz tasak izoztea eta terrazetako tarifen ordainketa kentzea

2021erako ordenantza fiskalak eta prezio publikoen arauak aldatzeko aurreproiektuan jasota datoz tasak izoztea eta terrazetako tarifen ordainketa kentzea
Terrazetako tarifak kentzeak 450.000 euro aurreztuko dizkie ostalariei, eta espedientea jendaurrean egonen da irailaren 18ra bitarte



Iruñeko Udalaren 2021erako ordenantza fiskalak eta prezio publikoen arauak aldatzeko aurreproiektuan jasota datoz tasak izoztea eta jabari publikoaren erabileragatik terrazetako tarifen ordainketa kentzea, ostalariei eta sektoreak sortzen duen enpleguari babesa emateko neurri gisa, pandemiaren ondorio negatiboak mugatzeko osasun-neurriak denboran luzatzen ari baitira. Terrazei lotutako ordainketa kentzeak bakarrik 450.000 euroko aurrezkia eraginen lioke sektoreari.
 

Neurri ekonomiko horien xedea herritarrei eta hiriko ostalariei eta beste negozioei babesa ematea da, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioei aurre egiten ari baitira, eta horretarako osasun-krisiaren ondorio negatiboak arintzeko xedapenak ezartzen ari dira. Hori horrela, martxoaz geroztik hartutako beste ekimen batzuen ildo beretik jarraitzen da, hala nola zenbait zergaren kobrantza atzeratzea eta terrazen tarifa kentzea. Hala azaldu du prentsaurrekoan Zerbitzu Orokorretako zinegotzi delegatu María Echávarrik.
 

Tokiko Gobernu Batzarrak gaurko bilkuran onetsi du 2021erako ordenantza fiskalak eta prezio publikoak erregulatzen dituzten arauak aldatzeko aurreproiektuaren izapideak egiten hastea, kontsulta, entzunaldi eta informazio publikoaz bezainbatean. Guztira 24 ordenantza fiskal eta prezio publikoen 15 arau dira. Agiria www.pamplona.es-en eskuragarri dago. Herritar, erakunde eta elkarteek haien iritziak helaraz ditzakete irailaren 18ra arte, administracionhacienda@pamplona.es helbide elektronikora idatzita.
 

Izapideak erraztea, JEZean alta hartzea kasu
 

Aurreproiektuak proposatzen du ere hiri-kontribuzioaren karga-tasa eguneratzea, eta testu erregulatzaileak aldatzea, tarifen kudeaketa praktikoan planteatzen ziren arazoak argitze aldera. Hala, diru-sarrera erregulatuak kudeatzeko eta biltzeko prozedurak hobetu eta osatu nahi dira: zerga-egitateari lotutako definizioak zehazten dira, kobrantza- eta autolikidazio-sistemak, erabileren kudeaketa, etab.
 

Herritarrei begira izapideen kudeaketa sinplifikatzeko aldaketak ere txertatzen ditu, zerbitzuen erabiltzaileei kudeatzea erraztuz, esaterako, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako alten autolikidazioa, telematikoa izanen den izapide baten garapenean aurrera egiten duen prozedura bat ezarrita. Halaber, aldatu egiten dira Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko ordainketak kobratzeko modua, eskoletako instalazioen erabileren kudeaketa, eta lokalak erabiltzeko betekizunak zehazten dira. Aparkatze Mugatuko Eremua (gune urdina) ordaintzeko administrazio-kudeaketa sinplifikatuko da, 0 isurketako ibilgailu elektrikoak identifikatzeko Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko(DGT) bereizgarri ofizialen bidez.
 

Aurreproiektua jendaurrean egon ondoren, proiektua Tokiko Gobernu Batzarrean onetsiko da, hasierako onespena emanen zaio Osoko Bilkuran, jendaurreko informazio eta entzunaldiko izapidea hasiko da alegazioak eta erreklamazioak aurkezteko, eta halakorik balego, azkenik, behin betiko onespena Osoko Bilkuran.

¿Te ha sido útil esta página?