Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Iruñeko Udalaren 2021erako aurrekontu-proiektua, zeinak azkenean 232.384.928 euro jotzen baitu. Horrela eman zaio hasiera proiektuaren izapidetzeari, beste udal-taldeekin negoziatzeko zabalik, eta aurreikusita dago abenduko Osoko Bilkuran onestea. 232,4 milioiek % 23,6ko igoera dakarte 2020ko hasierako aurrekontu luzatuak zituen 188 milioiekin alderatuta, eta % 14,8ko igoera urte honetarako gaur egun indarrean dagoen behin betiko aurrekontuak dituen 216 milioi euroekin alderatuta.
Iruñeko Alkate Enrique Mayak eta Zerbitzu Orokorretako zinegotzi ordezkari María Echávarrik agerraldia egin dute komunikabideen aurrean aurrekontu-proiektu hori zehazteko, zeinetan 30,2 milioi euro bideratu baitira hirian inbertsioak egiteko. Mayak berriz ere azpimarratu du aurrekontu horiek onestearen garrantzia, kopuru horiek 2021aren hasierarako eskuragarri egon daitezen, aurrekontu-aldaketak onetsi arte haren gauzatzea atzeratu beharrik gabe, berriz ere luzatuz gero, hori gertatuko bailitzateke. “Aurrekontu soziala, baliabide gehienak gehien behar dituztenei laguntzeko bideratuko dituena. Pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreak bultzatzen dituena. Hiriko auzoetan modu orekatuan inbertitzen duena. Eta ez dituena alde batera uzten herritarrentzat hain garrantzitsuak diren alderdiak, hala nola segurtasuna, hezkuntza eta turismoa”.
Aurreikusitako 232,4 milioi euroko gastuak honako hauek dira: 194,1 milioi, funtzionamendu-gastuak (pertsonal-gastuak, udal-alorren gastuak); 7,7 milioi, maileguen amortizazioek eta interesek sortutako finantza-zama; 0,4 aktibo finantzarioak eta 30,2 milioi, inbertsioak. Kontuak orekatzeko, Iruñeko Udalak aurreikusten du 202 milioi euro baino gehiago lortuko dituela zerga, tasa, prezio publiko eta transferentzia arrunten bidez, eta beste 30,2 milioi inbertsioak finantzatzeko, lursailen salmenten edo kapital-transferentzien bidez, besteak beste.
Gizarte-gastuen handitzea eta laguntzak merkataritza, ostalaritza eta kulturarentzat
Onetsitako kontu-proiektuak batez ere garrantzia eman dio gizarte-gastua handitzeari, besteak beste, larrialdietarako laguntzetan, gizarte-zerbitzuetako programetan eta hezkuntzan. Izan ere, gizarte-gastua onetsitako aurrekontu-proiektuaren % 41 da. % 22, hiriaren kontserbazioari eta hirigintzari dagokio; % 18, herritarren segurtasunari eta babes zibilari; % 10, zeharkako alorrei, hala nola zerbitzu orokorrei, alkatetzari eta gobernu estrategikoari; eta gainerako % 9a sektore ekonomikoekin lotutako alorrei (Ogasuna, Merkataritza eta Turismoa).
2021erako udal kontuetan badaude lehentasunezko jarduketa-ildoak. Kolektibo zaurgarriekiko gizarte-konpromisoa honela islatzen da: larrialdietarako laguntzetarako eta oinarrizko zerbitzuen arretarako partidak 745.000 euro igo dira (2,9 milioira iritsi arte); 380.000 euro gehiago gizarte-jardueretako programetarako eta horien kudeaketarako; 173.000 euro gehiago etxez etxeko laguntzarako; 18.000 euro gehiago emakumeen arretarako programarako; 230.000 euro gehiago Lantegi Eskoletarako; eta 398.000 euro gehiago Gizarte Enplegu Babesturako.
Beste jarduera-ildo bat merkataritza-, ostalaritza-, turismo- eta kultura-sektoreentzako laguntzak dira, COVID-19ak sektore horietan duen eragina dela eta. Laguntzak 1,2 milioi euroan handituko dira. Aurrekontua berriz luzatuz gero, ez litzateke laguntza horietarako krediturik egonen, luzatutako aurrekontuak (2018tik) ez dituelako jasotzen. Aurten onetsitako laguntzen jatorria aurrekontu-aldaketa bat izan da.
Nabarmentzekoa da, halaber, haurtzaroko programa berria berrantolatzeko aurrekontua (75.000 euro gehiago), kirol-instalazioak eta jarduerak kudeatzeko partida (255.000 euro gehiago) eta Aquavoxa finantzatzera bideratutakoa (170.000 euro gehiago). Hezkuntzaren esparruan, diru-zuzkidura 2,4 milioi euro handitu da ikastetxeetan COVID-19aren ondorioz garbiketa-eskakizun berriei aurre egiteko (400.000 euro gehiago), ikastetxeek beraiek obra txikiak finantzatzeko (70.000 euro) edo milioi bat euro baino gehiago Haur Eskolen erakunde autonomoaren gastu igoerak eta koronabirusak eragindako diru-sarreren galera konpentsatzeko. Era berean, 500.000 euro gehiago aurreikusi dituzte eremu urdina hiriaren iparraldeko auzoetara zabaltzeko.
Lehentasun horiez gain, aurrekontuan aurreikusten da 100.000 euroan handitzea herritarren arreta digitalizatzeko partidak, 50.000 euroan udal-langileentzako NBEak erostekoa, 70.000 euroan handitzea egungo egoerak hilerrian eragindako gastu handiagoei aurre egitekoa edo 90.000 eurokoa katu eta usoekin lotutako zoonosi-kanpainetarako. 120.000 euro ere esleitu dira Nasuvinsarekin hitzarmena egiteko hirigintza-arloan, eta 200.000 euro gehiago bideratu dira herritarren segurtasunean jakinarazpen-gastuei aurre egiteko.
30,2 milioi euroko inbertsioak
Aurrekontu-proiektuak 30,2 milioi euro bideratzen ditu inbertsioak egiteko. Inbertsio horiek oinarrizko hamar bat jarduketa-ildotan sailka daitezke, proiektu eta zenbateko desberdinekin. 4,5 milioi euro inguru erabiliko dira jasangarritasunerako eta ingurumenerako, Arantzadiko eta Txantreako parkeak berrurbanizatzeko eta Trinitariosko oinezko-loturarako. Energia-jasangarritasunaren aldeko apustuari eusten zaio, eta 730.000 euro bideratuko dira instalazio fotovoltaikoetarako, LED argiteriarako eta Stardust proiektu europarrari lotutako inbertsioetarako.
Beste jarduketa-ardatz bat osatuko dute mugikortasun jasangarriak eta bide-segurtasunak. 3 milioi euro aurreikusten dira honako hauetarako: bizikleta-bideetarako, bidegorriak lotzeko, mugikortasun ordenantzari egokitzeko, hainbat bidetan hobekuntzak egiteko, semaforo bidezko seinaleztapenetarako eta disuasio-aparkalekuetarako. Badaude udal-etxebizitzak birgaitzeko partidak, baita etxebizitza pribatuak birgaitzeko dirulaguntzak eta maileguak ere, guztira 3,4 milioi eurokoak. Bosgarren ildo batek berrurbanizazio jarduketetan egindako inbertsioak zehazten ditu. 6,5 milioi euro bideratuko dira berrurbanizatze-proiektuetarako: Oscoz etxe-multzoa, Navas de Tolosa, Sanduzelaiko zonaldeak, Ansoleaga – San Frantzisko edo Basotxoa kalea; hiriko zenbait kale asfaltatzea, Azpilagañako arrapalak estaltzea, Iturramako bulebarra; Urdánoz etxe-multzoko espaloiak; edo Labriteko pasabidea, azken hau Udalak egindako erreklamazioaren ondorioz lortutako finantzazioaren arabera.
Beste jarduketa-eremu handi bat zerbitzu publikoetan inbertitzearekin lotuta dago. 2021erako aurrekontu-proiektuak 2,5 milioi ezartzen ditu Lezkairuko haur-eskola berrirako, 1,1 milioi beste haur-eskola batzuk zaharberritzeko, milioi 1 ikastetxe publikoetako jarduketa- eta obra-plan baterako, 500.000 euro kirol-instalazioetako esku-hartzeetarako eta 550.000 euro udal-hilerriko lan eta obretarako. Halaber, Animaliak Hartzeko Zentroa handitzeko partidak daude, baita garbiketa automatikoko komunak, Zabalguneko Civivox berriaren proiektua idazteko edo Lantegi Eskoletan eta Gizarte Enpleguan inbertsioak egiteko ere.
Beste atal batek inbertsio teknologikoarekin du zerikusia, 1,5 milioi aurreikusten baitira hainbat kontzeptutan, hala nola udal-administrazioak zerbitzuak emateko digitalizazioa sustatzeko, eta herritarren segurtasunerako inbertsioak egiteko. Halaber, turismoa eta merkataritza erakartzeko 300.000 euro gastatuko dituzte, Caparrosoko txaleta aterpetxe gisa zaharberritzeko eta Kale Nagusiko 'Coliving'-erako. Udalak, halaber, azpiegitura handien proiektuak berrikustea aurreikusten du, hala nola San Domingoko Baratzeetako aparkalekua eta Milagrosako HJPBa. Azkenik, partidak egonen dira funts bibliografikoetarako, urbanizazio-kuotetarako eta aurrekontuaren % 0,8 garapenaren aldeko nazioarteko lankidetza proiektuetarako.
202 milioi inguru diru-sarrera arruntetan
Iruñeko Udalak 2021erako aurrekontuen proiektu honetan mantendu ditu ohikoak dituen zuhurtzia-irizpideak, modu honetan oreka bilatzeko Espainaiko Gobernuak ezarritako arau fiskalen etetetik eratorritako abantailen eta Udalaren finantza-jasangarritasunarekiko konpromisoaren artean. Tasa eta prezio publikoak izozteak eta ostalaritza-terrazak bide publikoan ezartzeko tasa etetea –450.000 eurotan kuantifikatua–eta horren moduko neurriek markatzen dute diru-sarreren aurreikuspena datorren urterako.
Guztira, 202 milioi euro aurreikusi dira diru-sarrera arruntetan. Aurreikuspenak egonkor mantentzen dira. Badira berrikuntzak, esate baterako diru-bilketa 500.000 euroan handitzea, Arrotxapea osoan eremu urdina ezartzearen ondorioz, eta Nafarroako Gobernuaren zerga-neurriei loturiko alderdiak (JEZ-en salbuespena milioi 1 euro baino gutxiagoko negozio-bolumena duten zergadunei, % 95ean konpentsagarria, eta luxuzko - bingo gastuen zerga bertan behera uztea).
202 milioi horiek Iruñeak Toki Ogasuneko Funtsetik eta Hiriburutza Agiritik transferentzia arrunt gisa jasotzen dituen 88,1 milioi euroak hartzen dute barne. Bi kontzeptuek zenbatekoa handitu dute, Nafarroako Gobernuaren aurrekontu-proiektuan jasotako aurreikuspenaren arabera, Nafarroako Gobernuak finantzatzen baititu. Handitu dira, baita ere, pentsioak ordaintzeko montepio propioa finantzatzeko transferentziak, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen hitzarmenaren bidezko finantziazioa, eta Estatuko Administrazio Orokorretik etorritako partida bat, haurrei zuzendutako prebentzio-programari lotua.
Aurreikusitako inbertsioen finantziazioa
Inbertsio-gaitasuneko 30,2 milioi euroak udal baliabide propioen bidez (7,2 milioi, % 24), epe luzerako zorpetzearen bidez (21,8 milioi, % 72) eta kapital-transferentziaren bidez (1,2 milioi, % 4) finantzatzen dira. Baliabide propio gisa kontabilizatzen dira 7 milioi euro, lursailen salmentatik, 2020an abiatutako enkante baten bidez (4,4 milioi) eta etorkizunean eginen den alokairu-etxebizitzarako lehiaketa bat (2,6 milioi), eta 200.000 gehiago aurrezki garbikoa, zeina murriztu baita gastu arrunteko partidak handitzeko beharraren ondorioz, COVID-19ak sortutako egoera dela-eta.
Kapital-transferentziak hiru alorretatik datoz. Nafarroako Gobernua 700.000 eurorekin finantzatzen du; horietatik 400.000 aplikatzeko dagoen ekonomia suspertzeko inbertsioetarako ezohiko funtsari dagozkio, eta gainerako 300.000 horiek Zabalguneko Civivox berriarekin lotuta daude. Horri gehitzen zaizkio beste 500.000 euro, Labriteko pasabidearen proiektuaren akatsak direla-eta horien arduradunei erreklamatu dakiokeen kalte-ordainen kontzeptuagatik, eta 46.600 euro gehiago, Europako finantziaziotik datozenak, Stardust programa eta argiztapen adimentsuko proiektu pilotu batengatik.
Azkenik, 21,8 milioi euroko aurrekontua egin da zorpetze gisa. Hori horrela, Udalaren zerga bizia, datorren urterako aurrekontuen proiektuan aurreikusitako eragiketa guztiak eginez gero, 14,7 milioitan handituko da, 2020ko itxierarako aurreikusitako mailarekin alderatuta. Handitze horren parte bat, 1,7 milioi, Hirigintza Gerentziaren zor bizia murriztearekin konpentsatzen da. Beraz, udal sektore publiko osoaren zorra (Udala, Hirigintza Gerentziako eta Haur Eskoletako erakunde autonomoak eta udal enpresa publikoak) 13 milioitan handituko da, 64,4 milioi eurotara iristeko 2021. urtearen amaieran. Edonola ere, epe luzerako mailegu horiek kontratatzeko erabakia, zorra ekarriko luketenak, aurrekontu-betetzearen bilakaerari, diruzaintzaren erabilgarritasunari eta finantza-egoera orokorrari lotuta dago.