Mapamunditarrak kultur programa urriaren 24ra bitarte eginen da Iruñeko, Uharteko eta Atarrabiako hainbat kultur gunetan, eta gorputzaren mugimenduari eskainita dago. Bere hamabosgarren edizioan, eta ‘Mugimendua sortzen duen mugimendu bat’ izenburupean, asmoa gorputzak zeharkatzen duten eta azaleratzen diren emozioak behatzea da. Horretarako, sei bakarkako erakusketa, hiru ekintza, zinema ziklo bat, lantegi irekiak eta ikastetxeei zuzendutako hezkuntza-proposamen bat programatu dira.
Mapamunditarrak ekimenak lan-ildo berean jarraitzen du, aurreko bost edizioetan egin bezala, gorputza ardatz hartuta, gizartea aldatzeko esparru gisa. Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak eta Alexandra Baurés Mapamunditarren komisarioak gaur goizean aurkeztu dute aurreikusitako jardueren programa, bai eta Ziudadelako erakusketa-aretoetan, Mistoen eraikinean eta Labean, eginen diren erakusketak ere. Prentsaurrekoan ere hiru egilek parte hartu dute: Marianne Mispelaëre, Itsaso Iribarren eta Germán de la Riva, ostiraleko eta larunbateko sormen-ekintzen protagonistak.
Georges Didi-Huberman filosofoak honela definitzen du emozioa: gure barneko nitik jalgiarazi eta kanporantz hedatzen den mugimendua. Mapamunditarrak 2021 ekimenak “arteko” erdiko eremua aztertzea proposatzen du, hor gertatzen baitira emozioak: pertsonen artekoak zein pertsonen eta munduaren artekoak. Behin horretan egonda, haien potentziaz ohartarazten gaitu, bai eta zabaltzen duten energiaz eta haien eginkizun politikoaz ere. Horretarako, artista multzo bat gonbidatu du, pertsona anonimoen keinuak biltzeko, edo keinuak egiteko, sentitu eta pentsatzeko proposamen gisara. Hartara, erakusketak, perfomanceak, proiekzioak edo lantegiak eginez, ibilbide bat osatu dute bertatik behatu eta ekiteko.
Lau erakusketa Mistoen eraikinean eta Labean
Bihartik aurrera (ostirala), honako erakusketa hauek izanen dira ikusgai Ziudadelan: The Anonymous Project, Itsaso Iribarren & Germán de la Riva, Marianne Mispelaëre eta María Kourkouta. Nahiz eta artista gonbidatuek erabiltzen dituzten formak anitzak izan, argazkigintza, zinema, marrazkigintza, eskultura edo ekintzari lotuak, esperimentazio- eta hausnarketa-eremu amankomunak partekatzen dituzte.
Artxibo-irudietan keinuak behatzea giza-komunitateak partekatzen dituen emozioak agerian uzten dituen praktika bat da: fitxategiak zer garen erakusten diguten ispilu bilakatzen dira. Horrela, The Anonymous Project taldeak Laberako egin duen proposamenak uretara salto egiten duten pertsonen argazkiak biltzen ditu, denak familia-albumetatik hartuak.
Halaber, María Kourkoutak, Mistoen eraikinean, ‘found footage’ film laburra aurkeztuko du, 50eko eta 60ko hamarkadetako film grekoen pusketekin egina. Artistak pusketa horiek muntatu eta mantsotu ditu gorputzen adierazpenean arreta jarriz. Bestalde, Marianne Mispelaërek, Mistoen eraikinean aurkeztuko duen Silent Slogan sailean, Interneten aurkitutako mugimendu sozialen irudiak biltzen ditu, parte hartzaileen gorputz-kodea nabarmenduz ere.
Beste alde batetik, artistaren keinua emozioen katalizatzaile gisa Mapamunditarren edizio honetan nabarmentzen den praktika bat da. Horrela, Itsaso Iribarren & Germán de la Riva artistek Mistoen eraikinean gorputzen zatiak aipatzen dituzten hainbat eskultura aurkeztuko dituzte. Publikoa horiekin erlazionatu daiteke, eta beraiek irailaren 18ko (larunbata) performancean aktibatuko dituzte. Marianne Mispelaërek, irailaren 17an zehar (ostirala), Mistoen aretoan esku hartuko du trazuaren keinua eginez marrazketa-ekintza batean.
Erakusketa horiek osatzeko, honako beste hauek ere eginen dira: Florencia Rojasen ‘Ibai berberetan’, Atarrabiako pilategian; META-colectivo taldearen ‘Compost-ables,’ Uharte zentroan, eta Fernando Renesen ‘Vestibulum’, NUPeko El Sario eraikinean.
Beste jarduera batzuk
Marianne Mispelaëre, Itsaso Iribarren eta Germán de la Rivaren ekintzez eta programaren sei erakusketez gain, Mapamunditarrak edozeinek parte hartzeko beste hainbat jarduera ireki antolatu ditu Uharte zentroan, Nafarroako Museoan eta Iturramako Civivoxean. Denak doan izanen dira eta aldez aurretik izena eman behar da. Informazio guztia eskuragarri dago www.mapamundistas.com webgunean.
Irailaren 23an eta 30ean eta urriaren 7an eta 14an (ostegunak), Uharte zentroan, 16:30etik 19:30era, hainbat lantegi ireki eginen dira META-colectivo taldearekin. Urriaren 8an, ostiralarekin, topaketa bat eginen da, 18:30ean Uharte zentroan, META-colectivo beraren zenbait kiderekin. Irailaren 25ean, larunbatarekin, 19:00etan, Nafarroako Museoan performance-hitzaldi bat eginen du Ana Esmithek, ‘Miss Beige’ bere pertsonaiaren inguruan. Haren agerraldiek aldarrikatze-kutsua dute beti, eta ez zaie umorea falta. Estereotipoen kontra egiten du eta ‘ez gustatzeko jaiotako pertsonaiatzat’ definitzen du bere burua.
Zinema zikloa urriaren 7an hasiko, da eta hiru ostegunez jarraian hiru film eta film labur bat proiektatuko dira Iturramako Civivoxean, 19:30etik aurrera. Lehenengo egunean Alain Gomisen ‘Felicité’ filma egonen da ikusgai, bizibidea Kinshasako (Kongo) taberna batean kantatzetik ateratzen duen ama ezkongabe baten egunerokotasunaren erretratua egiten duena. Urriaren 14an, ostegunarekin, Victor Forniés en ‘Un padre’ proiektatuko da, eta zuzendaria bera ere han egonen da. Pertsona maitatu bat, diktadura garaian eraildako aitona, bilatzeko erabakitik abiatuta, narrazio intimoa eta lirikoa sortuko du, isildutakoa gutxinaka argitzen duena, keinu askatzaile gisara. Azkenik, urriaren 21ean, ostegunarekin, saio bikoitzean ikusgai egonen dira, Iratxe Jaioren ‘Onder de Vleugel (Hegalaren pean)’ film laburra eta Laetitia Cartonen ‘Le grand bal (Dantza handia)’. Dokumental autobiografiko honek udaro Gennetinesen (Frantzia) egiten den dantza tradizionalen jaialdiaren zazpi egunak eta zortzi gauak kontatzen ditu.
XV. Mapamunditarrak 2021
ERAKUSKETAK
- Ziudadela
- The Anonymous Project. ‘The Deep End’
- Itsaso Iribarren & Germán de la Riva. ‘Hiriak, bideak, gorputzak eta pusketak’
- Marianne Mispelaëre. ‘Ukondoz ukondo’
- María Kourkoúta. ‘Itzulera Eolo kalera (sei pintura herrikoi)’
- Erakusketa: Irailak 17 – urriak 24. Asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era
- Pilategia (Atarrabia)
- Florencia Rojas. ‘Ibai berberetan’
- Erakusketa: Irailak 11 – urriak 24. Lantegiak: irailak 11. Larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
- Uharte zentroa
- META-colectivo. ‘Compost-ables’
- Erakusketa: Irailak 3 – urriak 24. Ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara; larunbatetan eta igandetan, 11:00etatik 14:30era
- NUP (El Sario)
- Fernando Renes. ‘Vestíbulum’
- Erakusketa: Irailak 3 – urriak 22. Astelehenetik ostiralera, 08:30etik 21:00etara
JARDUEREN EGUTEGIA:
- Irailak 17, ostirala: 2021eko MAPAMUNDITARREN erakusketen irekiera Ziudadelako Labean eta Mistoen eraikineko 1. solairuan, eta Marianne Mispelaëreren ekintza, Mesurer les actes (Ekintzak neurtzea), egun guztian zehar, Mistoen eraikineko 1. solairuan.
- Irailak 18, larunbata: Itsaso Iribarren & Germán de la Rivaren ekintza. Silizioa. Hiriaren gainbehera, Mistoen eraikineko 1.solairua. Paseen ordutegiak: 12:00, 12:30 eta 13:00etan, goizez, eta 19:00, 19:30 eta 20:00etan, arratsaldez. Sarrera librea da, aretoan aurrez izena emanda pasea baino ordu erdi lehenago
- Irailak 23, osteguna, 16:30 – 19:30: Meta-Colectivo taldearen lantegi irekia Uharte Zentroan. Doako jarduera, aldez aurretik izena emanda.
- Irailak 25, larunbata, 19:00: Ana Esmith, Miss Beigeren performance-hitzaldia, Nafarroako Museoan. Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapena hartuta, 17:00etatik aurrera, Museoko txarteldegian. Bi sarrera pertsonako, lekuak bete arte.
- Irailak 30, osteguna, 16:30 – 19:30: Meta-Colectivo taldearen lantegi irekia Uharte Zentroan. Doako jarduera, aldez aurretik izena emanda.
- Urriak 7, osteguna, 16:30 – 19:30: Meta-Colectivo taldearen lantegi irekia Uharte Zentroan. Doako jarduera, aldez aurretik izena emanda.
- Urriak 8, ostirala, 18:30: topaketa Meta-Colectivo taldearekin Uharte Zentroan.
- Urriak 7, osteguna, 19:30: Alain Gomisen ‘Félicité’ filmaren proiekzioa, Iturramako Civivoxean. Sarrera librea, aurrez izena emanda.
- Urriak 14, osteguna, 16:30 – 19:30: Meta-Colectivo taldearen lantegi irekia Uharte Zentroan. Doako jarduera, aldez aurretik izena emanda.
- Urriak 14, osteguna, 19:30: Víctor Forniésen ‘Un Padre’ filmaren proiekzioa eta solasaldia zuzendariarekin, Iturramako Civivoxean. Sarrera librea, aurrez izena emanda.
- • Urriak 21, osteguna, 19:30: Iratxe Jaioren Onder de Vleugel (Hegalaren pean) eta Laetitia Cartonen Le grand bal (Dantza handia) filmen proiekzioa, Iturramako Civivoxean. Sarrera librea, aurrez izena emanda.