Aurten berriz ere eginen da Iruña Musika Ekintzako zikloa, Kondestable Civivoxean eta Iruñeko Udalak antolatuta. Albéniz Fundazioak ere parte hartuko du zenbait kontzertutan. Asteazken honetatik otsailaren 27ra bitarte, artista gazteen lau kontzertu eta haurrei zein familiei zuzendutako bi musika-jarduera antolatu dira. Programatutako jarduera guztiek sarrera librea dute, aldez aurretik izena emanda 010 (948 420 100) telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es webgunean.
Gitarra klasikoko kontzertu batek hasiera emanen dio zikloari, asteazkenean, 19:30ean. Nekane Iberok gitarra bakarlariarentzat moldatutako musika-errepertorioa joko du, besteak beste, Tárrega, Sarasate edo Diensen musika-lanak eta Nekanek berak konposatutako bi pieza. Kontzertua euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztua da, eta interpretatzaileak hautatu duen programak bidea ematen du aditu ahala sortzen dituen emozioen gainean gogoeta egiteko.
Otsailaren 19ko (ostirala) eta 22ko (astelehena) emanaldiak, 19:30ean horiek ere, Albeniz Fundazioarekin batera eginen dira. Ostiralean, biolin eta pianoko kontzertua izanen da, Celia Bueno eta Ricardo Alíren eskutik: era askotako piezak joko dituzte, esaterako Enrique Granados, Miguel Ángel Samperio eta Ottorino Respighirenak. Astelehenean, Espainiako Bankuaren Arriaga taldeak –Sara Valencia, Alejandro Gómez eta Manuel Alonso-Bartol, biolin-, biolontxelo- eta piano-jotzaileek osatuak– hirukoteendako W.A. Mozarten eta M. Ravelen musika-lanak eskainiko dituzte.
Azken kontzertua otsailaren 24an izanen da, asteazkenarekin, 19:30ean, Gandeiaren eskutik. Musika-proiektu berezia eta berritzailea da: biolin, txistu-danbolin eta pianoak osatutako hirukote bat, seguruenik halako osaera duen musika-talde bakarra. Yorrick Troman, Ion Irazoki eta Amaia Córdobak osatzen dute. Musika herrikoia abiapuntu harturik, gure folklorearen melodia eta dantzekin, ohartu gabe entzuleak musika klasikora bideratuko dituen errepertorioa eratuko dute.
Haurrendako jarduerak
Aurten, berriz ere, zikloak haur eta familiendako jarduerak barne hartzen ditu. Otsailaren 20an, larunbatarekin, Musas y Fusas konpainiak ipuin-kontalaritzako saio bikoitza proposatuko du, 12:00etan gaztelaniaz eta 18:00etan, euskaraz. Biak Kondestable Civivoxean izanen dira. Garrantzi handikoa da haurrei, batez ere txikienei, kantatzea. Kantatzea oda bat da, baikortasunari, bizipozari eta gozamenari zuzendua. Eta zer hobe hori egiteko ipuinak, istorio fantastikoak edo benetakoak, identifikatzeko moduko pertsonaiak dituztenak erabiltzea baino. Ikuskizuna 3 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago; haurrak heldu batez lagundurik egon behar du.
Zikloa otsailaren 27an amaituko da, larunbatarekin, 18:00etan, ‘Ludwig-en bidaia’ lanarekin. Irene San Juan piano-jotzaileak abentura-kontzertu gisara sortu du, Beethovenekin, haren 250. urteurrenean, egindako bestelako topaketa gisara. Ludwig gazteak irtenbide bat behar du sormen-krisitik ateratzeko. Bilaketa horrek bidaia bat abiatzera eramanen du, eta bertan bere bizitzan funtsezkoak diren alderdiekin eginen du topo; musikaren bidez helaraziko dizkie horiek publikoari. Sonata-formatua, estilo heroikoa, klasizismotik erromantizismorako aldaketa eta, batez ere, jenio alemanaren konposatzeko modu paregabea agerian geratuko dira jendaurrean (6 urtetik gorakoak, heldu batek lagunduak), modu elkarreragilean eta naturalean.
2021eko Iruñeko musika ekintza Otsailak 17 – 27. Kondestable Civivoxa
Kontzertuak
- Otsailak 17, asteazkena. 19:30. Aurretiko izen-ematea, doan, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es webgunean
- Gitarra klasikoko kontzertua. Nekane Ibero
- Otsailak 19, ostirala. 19:30. Aurretiko izen-ematea, doan, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es webgunean
- Celia Bueno eta Ricardo Alí (biolina eta pianoa)
- Otsailak 22, astelehena. 19:30. Aurretiko izen-ematea, doan, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es webgunean
- Espainiako Bankuaren Arriaga taldea. Sara Valencia (biolina), Alejandro Gómez (biolontxeloa) eta Manuel Alonso-Bartol (pianoa)
- Otsailak 24, asteazkena. 19:30. Aurretiko izen-ematea, doan, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es webgunean
- Gandeia. Yorrick Troman (biolina), Ion Irazoki (txistua) eta Amaia Córdoba (pianoa)
Haur eta familiendako jarduerak
- Maiatzak 20, larunbata, 12:00 (gaztelaniaz) eta 18:00 (euskaraz). Aurretiko izen-ematea, doan, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es webgunean
- Ipuin-kontalariak / Ipuin-kantariak. Quien cuenta y canta, su mal espanta / Kontatzen eta abesten duenak, bere gaitza uxatzen du
- Musas y fusas. María Suberviola (ahotsa gaztelaniaz), Olaia Olaverri (ahotsa euskaraz), Gussy (gitarra akustikoa) eta Xabier Ansó (gitarra coverra).
- 3 urtetik gorako haurrentzat, heldu batek lagunduta.
- Otsailak 27, larunbata. 18:00. Aurretiko izen-ematea, doan, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es webgunean
- Ludwig-en bidaia
- Irene de Juan
- 6 urtetik gorako haurrentzat, heldu batek lagunduta.