Munduko edozein bazterretatik egin daiteke, nahikoa da hala gaztelaniaz nola euskaraz eta ingelesez eskuragarri dagoen formulario digital bat on line erabiltzea eta jatorrizko lana erresoluzio baxuko jpg artxibo batean atxikitzea. Hori dena www.pamplonaescultura.es webgunearen bidez egin behar da. Hartara, beste aurrerapauso bat eman du Sanferminetako Kartelen lehiaketak digitalizaziorantz, aurtengo ediziorako onetsiko diren oinarri berrietan beste berritasun batzuekin batera jasota dagoenaren arabera.
Berritasunen artean dago, esaterako, bateraezintasuna luzatu dela; izan ere, orain lehenbiziko aurre-hautaketan aukeratutako 20 kartelak ezin dira berriz ere aurkeztu, eta lehen hori gertatzen zen bakarrik bigarren hautaketan aukeratutako 8 kartelen kasuan; beste berritasun bat da Udalak beretzat gordetzen duela akats ortotipografikoak zuzentzeko aukera. Berritasun horiek, hain zuzen, egileen parte-hartzea erraztea dute xede 2008. urtetik formatu honekin deitzen den lehiaketa honetan.
Digitala, bai, baina bakarrik on line
Aurten, berriz ere, egile edo kolektibo artistiko bakoitzak bakarrik kartel bat aurkezten ahalko du, eta horrek jatorrizkoa, argitaratu gabea eta teknika librekoa izan behar du. Ezin izanen dute parte hartu aurreko edizioetan finalista geratu diren obrek; oinarriek zehazten dutenaren arabera halakotzat jotzen dira aurreko edizioetan hogei obra hautatuen arteko edozein. Izan ere, 20 horiek jendeak, oro har, ezagutzen ditu, urtero egiten baita erakusketa bat hautatzen diren 20 lanekin.
2018. urtean, jada, kendu zuten kartela bukaturik aurkezteko baldintza eta horren ordez, zirriborro digital bat aurkeztu behar da sormen-proiektuaren azalpenarekin batera (biak USB batean grabaturik); hori horrela, bakarrik hautatutako 20 kartelak egiten ziren erakusteko formatuan, eta iaztik Udalak ordaintzen du horren kostua. Orain oinarrietan jasota dagoenarekin bat, on line prozedura berrian, egileek formulario bat bete behar dute, gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez www.pamplonaescultura.es webgunearen hasierako-orriaren bidez, eta obraren irudi bat txertatu JPG formatuko artxibo batean, 2 MB-ko gehieneko pisuaz.
Zehazki, kartelaren neurriek 820 x 1171 pixel izan behar dute, eta erresoluzioak, 72 pixel/hazbete. Ohi bezala, kartelaren konfigurazioak bertikala izan behar du, eta formatuak, 1000 mm x 700 mm-koa. Jatorrizko lanak honako testua eduki behar du: “Pamplona / Iruña. San Fermín 2020. 6 al 14 de julio /Uztailaren 6tik 14ra”. Gune digital horretan, kartela labur deskribatzeko aukera dago, gehienez ere 200 karaktereko testuaz, eta teorikoki azaltzen ahalko dira hala kontzeptua nola haren osagaiak (konposizioa, koloreak, tipografia eta sinbologia).
Formularioan, halaber, identifikazio-datuak, jatorria eta abar eman behar dira, bai eta parte-hartzailearen curriculum profesionala laburki aurkeztu ere (gehienez 800 karaktere). Izen-ematea mezu elektronikoen bidez osatuko da; izan ere, sistemak automatikoki igorriko dio interesdunari formularioaren datuen laburpena, hark digitalki baliozkotu dezan, eta, horrela, haren parte-hartzea berresteko (aurrez aurkeztutako kartelaren lemarekin, identifikazio-agiriarekin eta lehiaketan erreferentziazko izanen duen plika-zenbakiarekin batera). Azken jakinarazpen hori izanen da lehiaketan parte hartzeko egiaztagiria.
Datuak babesteko legea
Oinarriek beren-beregi aipatzen dute Datuak babesteko Legea, hori baita bermea Administrazioak egoki erabiltzeko hala parte-hartzaileen datuak nola udal-zerbitzarian igotako irudiak. Lehiaketaren plataformara igotako irudiak udal-zerbitzarian egonen dira harik eta lehiaketaren azken fasea amaitzen den arte. Gero, sistematik baztertuko dituzte, salbu eta hautatu dituzten 20renak, zeinak publikoak izan gabe ere, Iruñeko Udalaren artxibo digitalean gordeko baitira.
Ofizioz zuzendu daitezkeen forma-akatsak
Noizean behin gertatzen da akats materialak daudela aurre-hautatutako zenbait karteletako ortotipografian (urtearen formulazioa moztuta, hiriaren izena gaizki emanda, eta abar). Joera nagusia izan da ez baztertzea diseinuaz eta festen irudiaz bezainbatean kalitatea nahikoa duten kartelak aipatu akats horietako bat egiteagatik. Hartara, oinarriek orain jasotzen dutenaren arabera, Iruñeko Udalak “beretzat gordetzen du kartelean ezinbestean txertatu behar den testuan egon daitezkeen akats ortotipografikoak zuzentzeko ahalmena”. Ulertzen baita zuzenketa mota hori parekatu daitekeela logotipoa, egilearen izena eta lege-gordailuaren zenbakia jartzearekin.
Nolanahi ere, oinarriek orain arte bezala zehazten dute Iruñeko Udalak beretzat gordetzen duela “Sanferminak iragarriko dituen kartelean hiriaren armarria paratzeko ahalmena, edota jatorrizkoan agertzen den armarria aldatu edo ordezkatzekoa nahiz hori kokalekuz aldatzekoa, kartel saridunaren behin betiko konposizioan”.
20 artelan horiek artxibatzeak, eta ez bakarrik herri-bozketara igarotzen diren 8ak, badu xede egiaztapena bermatzea lehiaketan bete dadin honako baldintza hau: “ezin izanen du parte hartu aurreko edizioetan hautatutako hogei artelanetatik bakar batek ere”. Erakusketa egiteko hautatu eta ekoiztutako kartelak berreskuratzeko, Ziudadelako bulegoarekin harremanetan jarri behar da 948 420 975 telefonoaren bidez, azken erakusketa amaitu eta ondorengo hogeita hamar egun baliodunen epean.
Formularioa betetzeko jarraibideak
Izena emateko prozeduraren hasiera
- Sartu formularioan www.pamplonaescultura.es webgunearen bidez, “Sanferminetako kartel-lehiaketa” izenburuko esteka sakatuta. Gune horretan berean egonen dira eskuragarri oinarriak, kontsultak egiteko.
- Lehen eremuak bidea ematen du formularioa egite aldera prestatutako hiru hizkuntzetako edozein aukeratzeko: gaztelania, euskara edo ingelesa.
- Hurrengo laukian jakitera eman behar da bakarka edo taldeka aurkezten zaren. Bete beharreko eremuak ezberdinak dira aurrekoan egindako hautuaren arabera.
- Prestatutako laukiak ordenan bete behar dira, hala nahitaezkoak nola hautazkoak. Nahitaez bete beharrekoek asterisko bat edukiko dute.
EDUKIA
1. Datu pertsonalak:
- - Banakakoa: Izena, Abizenak, NAN, AIZ, IFK edo beste zenbait, telefonoa eta posta elektronikoa (bi laukitan errepikatzen da eta beharrezkoa da posta elektronikoa berrestea).
- - Taldekakoa: Elkartearen izena, arduraduna, NAN, AIZ, IFK edo beste zenbait, telefonoa eta posta elektronikoa (bi laukitan errepikatzen da eta beharrezkoa da posta elektronikoa berrestea).
2. Jaioteguna eta jaioterria:
- - Data, Herrialdea, Autonomia Erkidegoa, Probintzia eta Herria (Espainia).
- - Data, Herrialdea (Espainia ez den bat)
3. Helbidea:
- - Herrialdea, Autonomia Erkidegoa, Probintzia, Herria, Kalea, Ataria, Solairua (hautazkoa) eta Posta kodea (Espainia).
- - Data, Herrialdea (Espainia ez den bat)
4. Kartelaren datuak:
- - Kartelaren lema
- - Kartelaren deskribapena: kartelaren kontzeptuaren eta osagaien garapen teorikoa, hala nola konposizioaren, koloreen, tipografiaren eta sinbologiarena (200 karaktere gehienez).
- - Ibilbide profesionala: curriculuma (800 karaktere gehienez).
- - Kartelaren irudia: JPG formatuko artxibo bakar bat txertatu behar da, 2 MB-ko gehieneko pisuaz. Kartelaren neurriek 820 x 1171 pixel izan behar dute, eta erresoluzioak, 72 pixel/hazbete. Kartelaren konfigurazioak bertikala izan behar du, eta formatuak, 1000 mm x 700 mm-koa.
- TESTUA: Pamplona/Iruña; San Fermín 2020; 6 al 14 de julio/Uztailaren 6tik 14ra
5. Klikatu lehiaketara aurkeztutako kartelaren egilea izatearen gaineko aitorpena, non esan behar baita, halaber, obra jatorrizkoa eta argitaratu gabea dela.
Formularioaren igorpena eta parte-hartzearen berrespena
- Lanaren sortzaileak ‘gaitutako botoia’ sakatuta igorriko du formularioa. Izapide honek ez du amaitzen izen-ematea.
- Interesdunak mezu elektroniko bat jasoko du aurrez emandako helbidean, eta horra bidaliko diote formularioaren datuen laburpena.
- Mezu horrek honako pauso hau eskatuko dio: BALIOZKOTU ETA IZEN-EMATEA BUKATU
- Hori eginda, interesdunak bigarren eta azken mezu bat jasoko du, non BERRETSIKO ZAIOn lehiaketan parte-hartzea, kartelaren LEMArekin (aurrez emanda), IDENTIFIKAZIO AGIRIarekin eta lehiaketan erreferentziazko izanen duen PLIKA-ZENBAKIArekin batera. Mezu hori izanen da lehiaketan parte hartzeko egiaztagiria.