‘2020ko sanferminak etenaldian’, betiereko festa baten une iheskorrak, sanferminen memoria aktibo mantentzeko

‘2020ko sanferminak etenaldian’, betiereko festa baten une iheskorrak, sanferminen memoria aktibo mantentzeko
Argazki-erakusketa #BizikoDitugu kanpainaren parte da, eta duela gutxi hil zen Pachi Calleja argazkilari profesionala omentzen du

San Fermín 2020 En pausa

Aurten sanferminak itxaropena eta memoria izanen dira. Itxaropena Udalaren #BizikoDitugu mezuan islatzen da. Bizi bai, baina datorren urtean. Memoria uztailaren 6tik 14ra bitarte berrikusiko ditugun festaren pasarte horietan guztietan dago. Horietako batzuk argazki itxura dute, izan amateurra –Gazteluko plazakoa kasu–, izan profesionala, gaurtik aurrera Kondestablearen jauregian dagoen erakusketa kasu.


‘San Fermín 2020 En pausa/Etenaldian’ Iruñeko festa izan den eta izanen den horri buruzko argazki-erakusketa bat da, baita arnasa hartzeko eta baretzeko une bat ere, patxadaz ikusteko urtero uztailaren 6tik 14ra hiria zeharkatzen duen zalaparta kalapitaria. Gaur goizean erakusketa aurkeztu dute Jorge Urdánoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak, Iñaki Porto AREGNA Nafarroako Erreportari Grafikoen Elkarteko idazkariak eta Javier Sesma erakusketako komisario eta AREGNAko kideak. Proposamen bisual hau iruindar zein bisitariendako zabalik egonen da uda osoan zehar, Kondestablearen Jauregian (Kale Nagusia, 2), hiriaren erdi-erdian.
 

Hona hemen erakusketaren edukia: askotariko argazkiak, koloretan nahiz zuri-beltzean, argibide-testuez lagunduta, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez, festan barnako ibilbide kronologikoa eginez, 1985etik 2019ra bitarte egindako argazkiekin, bizitza-zatiak bilduz eta sanferminak berezi egiten dituzten une horietako asko irudikatuz, horiek baitira –eta herritarrek badakite– sanferminak 1980az geroztik Nazioarteko interes turistikoko festa eta nazioarteko hitzordu eztabaidaezina egiten dutenak.
 

Erakusketaren izenburuak sentsazio bati erantzuten dio: “Honako hau etenik ez baina geldialdia egin duten festa batzuen programa dugu. Festak gure oroimenean biziaraziko ditugu”, dio erakusketaren katalogoak. Eta egileek haien lana oroitzapen bat izatea ere nahi dute, “jaiak gozatu ezin dituztenen omenezkoak, baita gaur osasuntsu eta indartsu egon gaitezen urtero atsedenik gabe lan egiten duten guztien omenezkoak ere, haiei esker gaur inoiz baino gogo handiagoz oihukatu dezakegulako: Gora San Fermin!”.
 

Erakusketak,  ezinbestean, bereziki gogoratu nahi du duela gutxi zendu zen Pachi Calleja argazkilari ezaguna, zeina hiriko kaleetan barna ibili baitzen, festetan, nekaezin, argazkiak eginez, eta mundu osoarekin partekatu zituen lanleku zuen egunkariaren bidez. Irudiaren berrogeita hamar bat profesional biltzen dituen AREGNA elkarteak haren profesionaltasuna eta sanferminengatik sentitzen zuen maitasuna gogora ekarri nahi izan ditu ere, Pachi Callejaren ikuspuntua agertzen duen ekimen honen bidez.