2020ko sanferminak bertan behera uzteari buruzko albisteak 541 milioi ikuslera bitarte metatu zituen mundu osoko online komunikabideetan

2020ko sanferminak bertan behera uzteari buruzko albisteak 541 milioi ikuslera bitarte metatu zituen mundu osoko online komunikabideetan
Albiste horien % 30ek #BizikoDitugu hiriaren kokapen-kanpaina erreproduzitu zuten eta Iruña Trending Topic bihurtu zen
Irudia
Irudia



Iruñeko Udalak 2020ko sanferminak bertan behera utziko zituela zioen albisteak mundu mailan izan zuen eragina eta ia-ia berehala hedatu zen munduko komunikabiderik garrantzitsuenen bidez. Planeta osoko 541 milioi erabiltzaile sartu ziren eduki horretara ordenagailuko edo mugikorreko nabigatzaileen bidez, gehienak apirilaren 21ean eta 22an. Eta batez ere nazioko zein nazioarteko online komunikabideen goiburuen bidez egin zuten, nahiz eta albisteak bestelako iturrietan ere isla izan zuen, hala nola albiste-batzaileak, erreferentziazko informazio-blogak, planeta-mailako albiste-agentzia andana zein hainbat alorretako webguneak.
 

Informazio horren garrantzia aktiboki adierazi zen era berean sare sozialetan izandako elkarrizketa/elkarreraginetan. Apirilaren 21ean kontzentrazioa oso handia izan zen; Twitterren 30.000 txio baino gehiago erregistratu ziren Iruñeko festei buruz. Kopuru hori iazko entzierro guztiek eragin zituzten txio guztien batura baino % 33 gehiago da. Argitalpen horien irismen potentzialak 343 milioi erabiltzaileak gainditzen zituen, eta Iruñeko festak bertan behera uzteari buruzko albistea Trending Topic nazional izan zen Twitterren 6 ordu baino gehiagoan.
 

Albisteak Espainian izandako eragina neurtzean, eta alor digitaletik kanpo, nabarmentzekoa da idatzizko prentsa, irrati eta telebistako komunikabide nagusietan jaso zela albistea, baita herrialdeko probintzia eta autonomia-erkidego bakoitzeko zein Ceuta eta Melilla hiri-autonomoetako erreferentziazko goiburu eta irrati zein telebistetan ere. Iruña eta bere jaiak hizkuntza ofizial guztietan idatzi ziren: gaztelania, euskara, katalana eta galegoa. Ohiko komunikabide horien ikus-entzule potentzialak 84,8 milioi lagun batzen dituzte guztira.
 

#BizikoDitugu ikusizko proposamena, Udalak jaiak bertan behera uzteari buruzko albistea laguntzeko prestatu zuen hiri-kokapen kanpaina, nazioko zein atzerriko online komunikabideetako albisteen ia laurdenean txertatu zen, baita herrialdeko telebistetan ere, eta 154,7 milioi ikusleraino izatera iritsi zen. Udalak sare sozialetarako proposatu zuen traola zortzigarren kokatu zen erabilerari dagokionez Twiterren, eta laugarren, Instagramen.
 

Datu horiek guztiak Seguimedia eta Tweetbinder enpresek Iruñeko Udalarentzat egindako ikerketen emaitza dira, eta 2020ko apirilaren 18tik 30era bitarte aurtengo sanferminak bertan behera uzteari buruz eginiko argitalpenak jasotzen dituzte.
 

Interesaren % 58,4 Ipar Amerikan kokatu zen
 

Munduko hedabideek berehala ikusi zuten Iruñeko festak bertan bertan behera uzteari buruzko albistea interesgarria izan zitekeela haien irakurleentzat. Nazioarteko erreferentziazko online hedabideek guztira horren inguruko 463 albiste txertatzea erabaki zuten, eta piztutako interesak erabakia berretsi zuen: 238 milioi erabiltzaile bakar sartu ziren horietara (eduki horretara nabigatzaile bakar batetik egindako eguneko sarbideak).
 

Nazioartean eta online komunikabideei dagokienez, eduki horri buruzko erabiltzaile bakarren ia erdia Ipar Amerikan eta Europan kontzentratu ziren. Hala, guztira 238 erabiltzaile bakar izan baziren, horietatik % 58,4 Estatu Batuetakoak eta Kanadakoak ziren, 123 eta 16 milioi erabiltzailerekin, hurrenez hurren. Europan, Espainia kenduta, 46 milioi izan ziren erabiltzaileak,(portzentajean, % 19,3), Erresuma Batua izanik erabiltzaile bakar kopuru handiena izan zuena (27,5 milioi), eta haren atzetik, urrun, Italia eta Portugal (7,7 eta 6,3 milioi erabiltzailerekin, hurrenez hurren).
 

Sanferminetako informazioaren online sarbideei dagokienez garrantzi gehien duen hurrengo bloke geografikoa Erdialdeko Amerikak eta Hego Amerikak osatzen dute, Espainiarengandik kulturalki gertuen dagoen eremua: erregistratutako erabiltzaile bakarren % 12,1 dira hangoak, 29 milioi baino gehiago. Argentinak berak bakarrik 12,7 milioi ditu, eta kopuru horren ondotik Mexiko dator 6 milioi erabiltzaile bakarrekin.
 

Komunikabideak influencer gisa Twitterren
 

Argitaratutako albiste kopuruaren eta erabiltzaile bakarren arteko harremana ez da beti zuzena, dena den. Horren adibide Mexiko da. Sanferminak bertan behera uzteari buruzko albiste ezberdin gehien han argitaratu ziren (86) eta horrek 6 milioi erabiltzaile bakar eragin zituen. Estatu Batuetan aldiz, 78 albisterekin, 123 milioirengana heldu ziren. Kualitatiboki nabarmentzekoa da, esaterako, Zeelanda Berrian argitaratutako bi albisteek 1,3 milioi erabiltzaile bakar erdietsi izana, eta Arabiar Emirerrietan erregistratutako informazio bakarrak milioi bat lortu izana.
 

Txostenetan bai ageri dela mundu osoko komunikabideek argitaratu dituztela Iruñeari buruzko albisteak: Israel (5 albiste), India (10), Errusia (6), Turkia eta Hego Afrika (4), Hong-Kong eta Bangladesh (albiste 1). Izan ere, hedatzaileen artean munduko albiste-agentzia nagusienak daude –Reuters, AFP eta Arab News–, Yahoo albisteak bezalako plataformak, edo Meneame eduki-batzailea bezalakoak.
 

Komunikabideak izan ziren baita ere Twiterren eragin handiko ‘influencer’ gisa jokatu zuten informazio horren preskriptore nagusiak txiolariek hein handi batean kontu horien edukiak aipatzen baitzituzten: eremu anglosaxoiean, CNN Breaking News (57,6 milioi jarraitzaile) eta BBC (27,9 milioi jarraitzaile); eta gaztelaniadunen artean Clarín (Argentina) eta La Jornada (Mexiko),3,1 eta 2,4 milioi jarraitzailerekin, hurrenez hurren. Egindako neurketen arabera, elkarrizketa osoaren irismen potentzialak 343 milioi lagun gainditu zituen (guztira 585 inpaktu posiblerekin).
 

2.278 m2, Espainia osoan inprimatutako albisteekin
 

Espainia osoan, 459 albiste idatzi ziren inprimatutako zein ikus-entzunezko ohiko hedabideetan herrialde osoko irakurle eta ikus-entzuleei azaltzeko aurten ez dela sanferminik izanen. Guztira, informazio horien ikus-entzuleria potentziala 84,8 milioi lagunekoa zen. Eta bertan behera uztearen albistea nazio mailan online ere islatu zen: 1.231 albiste argitaratu ziren, eta 303 milioi erabiltzaile bakarrengana iritsi ziren. Online eta off line argitaratu ziren 1.690 albisteetako gehienak 48 ordutan pilatu ziren, apirilaren 21ean eta 22an.
 

Kopuruaz haratago, kazetaritza-iturriek informazioari emandako garrantziaren adibide gisa, berria argitaratu zuten idatzizko ehundik gora komunikabideen albisteak elkarren ondoan jarriz gero, 2.278 m2-ko azalera hartuko lukete paperean. Bestetik, sanferminak bertan beherea uztearen albistea 596 azal hartu zituen online, eta paperezko hedabideetan 21 azal eta 18 kontrazal. Horrez gain, ohiko hedabideetan sanferminak bertan behera uzteari buruzko albisteak oihartzuna izan du kirolei, zezenei, osasunari zein turismoari buruzko argitalpenetan ere. Nabarmentzekoa da, Twitterren idatzi ziren 30.000tik gora txioen artean 24.223 gaztelaniaz idatzi zirela, 876 ingelesez, eta gainerakoak beste hizkuntza batzuetan.
 

#BizikoDitugu: hiri-kokapena
 

Iruñeko Udalak, albistea publikoki jakinarazteko orduan mezu “positibo” baten aldeko apustua egin zuen. Horretarako komunikabideentzat erabilgarri izan zitezkeen irudiak erabili zituen eta, bide batez, mundu osoari gogorarazi zion Iruñean berriz ere izanen direla sanferminak. Lan hori lau hizkuntzatan egin zen: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez, xede hartuta ahalik eta hedapen handiena izatea.
 

Bideoa –La Llorona publizitate-agentziak diseinatua eta 601 Producciones Audiovisuales enpresak ekoiztua– nazioko zein nazioarteko online komunikabideen ia % 23an txertatu zen, eta Espainiako telebistetan erregistratutako albisteen ia laurdenean. Oro har, sanferminak etorkizunean ospatzeko deia egiten duen mezu hau festak bertan behera gelditzearen albistearekin batera heldu da mundu osoko komunikabideetara, eta 154,7 milioi ikus-entzulerengana modu zuzenean (68,8 milioi, nazioartean; eta 85,9, Espainian).
 

Seguimediaren ikerketak, bestetik,  Iruñeak #BizikoDitugu bideoarekin lortutako ‘publizitate-itzulkina’ delakoari buruzko azterketa ere egin du, eta honakoa ondorioztatu du: 6.000 eurotik beherako kostua izan duen kokapen-kanpaina honek, ohiko publizitate-kanpaina gisa egin izan balitz, izan duen hedapena ikusita, 2,29 milioi euroko gastua suposatuko zukeen Udalarentzat.
 

Proposamen gisa, #BizikoDitugu traola (oro har, bideoaz lagunduta) lehen unetik pasa zen sareetako elkarrizketen parte izatera, eta Twitterren gehien erabilitako zortzigarrena bihurtu zen, sanferminei dagokienez, eta laugarren erabiliena Instagramen festak bertan behera geldituko zirela aipatzeari dagokionez. Traola horrek, gainera, bestelako birtualitate bat izan du, izan ere, hiriko beste entitate eta elkarteek bere egin dute festari buruzko komunikazio publikoak egitean.
 

Nabarmentzekoa da tokiko sare sozialetako jarraitzaileen artean eduki honek piztutako interesa. Hainbat udal-profiletan (Iruñeko Udala, San Fermin ofiziala eta Pamplona Iruña Turismoa) festak bertan behera geratuko zirela iragartzen zuten argitalpenek ia 40.000 puntuko interakzioa erdietsi zuten, iruzkinak erreakzioak eta partekatu ziren aldiak aintzat hartuta. Horrek kalkuluen araberako irismena honako hau izan zela esan nahi du: 460.330 erabiltzaile Facebooken eta 450.761 inpresio Twitterren.
 

Adibide gisa, apirilaren 21a aurretik sanferminei buruzko txio baten eguneko batezbestekoa 250ekoa bazen, egun horretan goia jo zuen 9.269 txiorekin, eta edukiak biderkatzen joan ziren ondorengo egunetan.

¿Te ha sido útil esta página?