‘2020ko Iruña Ekintzaile’ amaitu da, parte-hartzaileek sortutako 17 negozio-proiektu ekintzaileren aurkezpenarekin

‘2020ko Iruña Ekintzaile’ amaitu da, parte-hartzaileek sortutako 17 negozio-proiektu ekintzaileren aurkezpenarekin
Iruñeko Udala eta CEIN elkarlanean aritzen dira programa honetan, zeinek ekintzaileak gidatzen baititu berrikuntza eta ideia berrien babesa sustatuz
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

‘2020ko Iruña Ekintzaile’ programa Iruñeko Udalaren eta Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroaren (CEIN) lankidetzaren emaitza da, eta edizio honi buru emateko, parte-hartzaileek prestakuntza eta laguntza jaso dituzten lau hilabete hauetan zehar garatutako 17 proiektuen aurkezpena egin dute. Pandemiaren murrizketen ondorioz desberdina izan den edizio honetan, programako jarduerek bi zati izan dituzte: onlineko masterclass-ak, jende orori irekiak, eta prestakuntza- zein laguntza-saioak, hautatuendako, haien negozio-proiektua garatu dezaten.

Proiektu ekintzaile berriak asmatu eta abiatu nahi dituztenei babesa emateko diseinatua, ‘Iruña ekintzaile’ programak Iruñean dagoen berrikuntza eta espiritu ekintzailea piztu eta sustatu nahi ditu, hala banakakoa nola kolektiboa. Programa honen filosofiak parte-hartzaileak haien ikaskuntzaren eragile bihurtu nahi ditu, haien konpetentzien garapenaren eta talde-lanaren protagonista, eta, bidenabar, hiriaren aurrerapenari laguntzen dio, enpresa-proiektuak aztertuz.

Hilabeteetako lanaren ondoren, prestakuntza amaitu duten parte-hartzaileek euren proiektuak aurkeztu dituzte '2020ko Iruña ekintzaile' programari amaiera emateko jardunaldian. Oraingoan, Kondestablearen jauregian egin da, ateak itxita, pandemiak eragindako murrizketak errespetatzeko, eta Silvia Azpilicueta Iruñeko Udaleko Merkataritza eta Turismoko Alorreko zuzendariak eta Pilar Irigoien CEINeko kontseilari ordezkariak aurkeztu dute. Proiektuen aurkezpenak zuzenean jarraitu ahal izan dira Iruñeko Udalaren Youtube kanalaren bidez, eta bertan ekitaldiaren bideoa ikus daiteke oraindik ere, esteka honen bidez: https://www.youtube.com/watch?v=ZnwG74ORbwg.

Ekintzaileentzako laguntza, 17 negozio-proiektu berrirekin

‘Iruña ekintzaile’-ren edizio honetan 22 partaide hasi ziren, ekiteko gogoekin eta unibertsitateko zein lanbide heziketako prestakuntzarekin, eta horien artetik sortu dira amaiera-ekitaldian aurkeztutako 17 proiektuak. Azken hilabeteotan, eta 300 orduz baino gehiagoz lan eginda, partaideak haien proiektuak eraikitzen joan dira, ekintzaile-talde dinamikoetan. Horretarako, berariazko prestakuntza izan dute ekintzailetzaren arloan, Learning by doing eta Lean metodologiekin, eta, horrez gain, ekintzailetzarako gaitasunak garatu dituzte.

Programak honako mentore hauek izan ditu: Silvia Azpilicueta (Iruñeko Udaleko Merkataritza eta Turismoko Alorreko zuzendaria), Javier Lacunza (NICDOko zuzendaria), Roberto Cámara (Navarra TV-ko zuzendaria) eta Javier Vidorreta (Vidorreta Desing-eko sortzailea eta NUPeko Gizarte Kontseiluko presidentea). Besteak beste, partaideek prestakuntza jaso dute ekintzailetza-gaitasunei, markaren sormenari eta diseinuari, marketin inklusiboari, estrategia digitalari, salmentei, aurrekontuei edo finantzaketari buruz. Gai juridikoei, crowdfundingari edo babesletzari buruzko ezagutza praktikoak ere helarazi zaizkie.

Edizio desberdina, onlineko lan ugarirekin

Pandemiatik eratorritako murrizketen ondorioz, edukien zati handi bat telematikoki hedatu behar izan dute. Onlineko lehen masterclassa maiatzaren 4an argitaratu zen sareetan, eta Garbiñe Henry Deustuko Unibertsitateko Berrikuntza eta Ekintzailetza zuzendariak egin zuen, 'Gizarte berrikuntza krisi garaian' izenburupean. Zenbait egun beranduago, maiatzaren 18an, bigarren masterclassa egin zen online: ‘Ekintzailee berriendako oinarrizko aholkuak’. Oraingo honetan, Constance Lütolf-Carroll ESADE Business School-eko irakasle elkartu seniorrak eman zuen onlineko saioa. Azken onlineko masterclassa Maria Julia Prats IESEko Ekintzailetza-ekimeneko zuzendariak eman zuen, uztailaren 8an, 'Aukerak identifikatu testuinguru berri batean' gaiari buruz, egungo osasun-krisian sortutako testuinguruaren tankerako egoeretan esaterako.

 

‘2020ko Iruña ekintzaile’ programan garatutako proiektu ekintzaileak

 

  • Green Wall (Alicia Pardo)

Lorategi bertikalak instalatzen ditu, irudi berritua emateko hala establezimenduei nola partikularrei. Hala, ingurumenaren kalitatea zein pertsonen osasuna hobetzea lortzen du.

 

  • Ananny cuidados (Ana Erro)

Etxeko txikiak zaintzeko artea profesionalizatu nahi du, errespetuan eta konfiantzan oinarritutako balioak dituen lantalde konprometitu baten bidez.

 

  • DanzAI (Andrea Irurzun)

Andrea Irurzun dantzari eta koreografo nafarraren dantza garaikideko konpainia. Arte-sorkuntzan eta horren hedapenean bitartekaritza fisikoak eta digitalak uztartzearen alde egiten du.

 

  • RESET (Andrea Iriarte)

Albaitaritzako errehabilitazioa. Nafarroako katu eta txakurren albaitaritza errehabilitazioko lehen erreferentzia zentroa da. Zerbitzu espezializatua da, Albaitarien Elkargo Ofizialak bermatua, eta abangoardiako teknologia baliatzen du mina gutxitzeko eta maskoten bizi-kalitatea hobetzeko.

 

  • Niko y Neko (Beatriz Leache)

Haurrendako arropa marka jasangarria, maila ekologikoan eta sozialean. Jantzi aldakor, alai eta dibertigarriak ehun organikoekin eginda daude, eta ingurumena zein sortze-prozesuan parte hartzen duten pertsonak errespetatzen dituzte.

 

  • Colo Alonso (Daniela Alonso)

Handmade teknikak irakasten dizkie jakin-min sortzailea duten pertsonei, hainbat plataformatan eskuragarri dauden onlineko eskolen bidez, bakoitzak bere erritmoan eta nahi duen lekutik ikas dezan. Helburua da grina bera duten ikasleen eta zalantzak argitzeko irakasle baten komunitate bat sortzea.

 

  • Hartu (David Ruiz)

Esperientzia-kutxak bidaltzen ditu etxera, artelan artistikoak eraikitzeko behar den guztiarekin, aurreiritzirik eta beldurrik gabe, modu askean eta zeharkako balioak sustatuz, hala nola berdintasuna, justizia soziala eta ekologia.

 

  • Xakalaka (Iruñe Astitz)

Plataforma digital bat da, Iruñeko eta Iruñerriko gazteak tokiko kultur eskaintzara hurbiltzea helburu duena, eduki propioak (elkarrizketak, erreportajeak, albisteak, gomendioak) eta agenda kultural oso bat sortuz. "Xakalakan gazteak gara, badakigu zerk mugitzen gaituen, eta horrek harrapatu egiten gaitu".

 

  • Argitu (Pilar Sancha eta Jon Gesta)

Historiaren Seinaleek Nafarroako Kultura Ondarera hurbiltzeko modu berria proposatzen dute. Helburua da belaunaldi berriko euskarrien bidez hain ezaguna ez den legatua (materiala eta immateriala) erreskatatzea eta balioestea, haren transmisioan eta kontserbazioan laguntzeko.

 

  • Eskubizi (Katia Azkona)

Espainiako Zeinu Hizkuntzari buruzko prestakuntza interaktibo eta dibertigarriak eskaintzen dizkie pertsonen arteko komunikazioa hobetu nahi duten hezkuntza-komunitateei, familiei eta enpresei. Horretarako, flashcardak (hezkuntza-txartelak) eta material propioak erabiltzen dira.

 

  • ZeU (Leire Akarregi)

Duela 25 urte sortu ziren eta argazkien bidez bakarrik iragartzen jarraitzen duten landetxeen komunikazioa berritu nahi du. Gaur egun, bideoa da Interneten gehien eskatzen den edukia, eta, horregatik, ikus-entzunezko baliabideak eskaintzen dizkie landetxeei, bisitariei ostatu hartzen duten lekuaren historia kontatu nahi dieten horiei.

 

  • VerdeAgua (Myriam Alberdi)

Helburua interiorismo profesionala eskuragarriago egitea da, ahalik eta pertsona gehienengana hurbiltzeko.

 

  • MIREVI (Miren Revuelta)

Poltsa moldakorren marka bat da, zeinekin edozein ekitalditara joan daitekeen emakume oro. Espainian diseinatu eta egindako moda-marka da, eta eskuz egindako kalitatezko produktuak eskaintzen ditu.

 

  • Aldaketalde (Nerea Muskiz)

Ikastetxeei berdintasunezko hezkuntzarantz aurrera egiten laguntzen die, hainbat arlotako profesionalen baliabideak eskura jarriz. Ikastetxe bakoitzaren beharren arabera, hezkuntza-komunitate osoa inplikatzen duten esku-hartze proposamenak diseinatzen dira, eta elkarrizketarako, hausnarketarako eta parte-hartzerako espazioak bultzatzen dira bizikidetza hobetzeko.

 

  • Escalera Digital (Javier Herranz)

Diseinu eta publizitate Agentzia, ETE-ei eta autonomoei zerbitzu integrala eskaintzen diena. Konponbideak eskaintzen ditu irudi korporatibotik eta web-diseinutik hasi eta marketin digitalaren estrategiaraino.

 

  • SGB (Sara González)

Itzulpenak, interpretazio-zerbitzuak eta gaztelania profesionaleko programak eskaintzen dizkie merkatu berrietara zabaltzen ari diren enpresei. Irtenbide pertsonalizatuak dira, atzerrian salmenta- eta negoziazio-prozesuak errazten dituztenak.

 

  • O&C Topografía (Olga Ábrego)

Industria- eta eraikuntza-proiektuetan laser eskanerra eta datuen atzemate masiboa sartzea proposatzen du, alderantzizko ingeniaritza-proiektuak, doitasun handiko zuinketak eta birgaitze-lanak egiteko.

¿Te ha sido útil esta página?