2020-23 Etxebizitza Estrategiak 500 pisu barne hartzen ditu, gazteei zein larrialdi-egoeretan daudenei alokatzekoak, bai eta babes ofizialeko etxebizitzen eta hiri-birgaitzearen zein -berroneratzearen sustapena ere

2020-23 Etxebizitza Estrategiak 500 pisu barne hartzen ditu, gazteei zein larrialdi-egoeretan daudenei alokatzekoak, bai eta babes ofizialeko etxebizitzen eta hiri-birgaitzearen zein -berroneratzearen sustapena ere
‘Iruña Bizi-k’ etxebizitzetarako lurzoru-ondare guztia jasotzen du, hau da, alokairu sozialerako 765 pisu, 243 BOE eta birgaitze zein inbertsioetarako funtsak lortzeko beste 758 etxebizitza
Vivienda


Enrique Maya Iruñeko alkateak gaur goizean aurkeztu du 'Iruña Bizi’, 2020-2023 aldirako Etxebizitza Estrategia, etxebizitzetara bideratutako lurzoru-ondare guztiaren antolamendua aurreikusi eta xede duena herritarrei bermatzea etxebizitza duin batez gozatzeko duten eskubidea, behar bezalako baldintzetan eta familia-egoera zein inguruabar ekonomiko zein sozial askotarikoei erantzunez. Estrategiaren helburu nagusiak lau dira: gazteei alokatzeko etxebizitzak sustatzea, etxebizitzak eta hiriguneak birgaitzea, etxebizitza babestuak eraikitzea eta hutsik dauden udal-etxebizitzak alokatzea.

Zenbakitan, planean 765 etxebizitza eraikitzeko asmoa jasotzen da, gazteei alokatzeko, adinekoendako, aterpe-premietarako eta bestelako egoera batzuetarako, eta horiez gain aterpe-premietarako bizitegi-gune bat eraikitzea. Halaber, babes ofizialeko 115 etxebizitza eraikiko dira, irabazi-asmorik gabeko entitateekin hitzarmenak eginez, eta horiei udal-lurzatietan eraikitako beste 140 etxebizitza babestu eransten ahal zaizkie, NUPeko inguruan. Gainera, badira beste lurzati batzuk, non 758 etxebizitza libre egin litezkeen. Birgaitzeari eman nahi zaion bultzada dirulaguntzen kopuru handiagoetan islatuko da, eta Iruña Biziberritzen-PCHren eskutik Alde Zaharreko 35 etxebizitzetan eginen den jarduketan.

Laburbilduz, alkateak adierazi du “asmo handiko proiektu hau aurrera ateratzeko Iruñeko Udalak 1.850 etxebizitza har ditzakeen udal-lurzatien ondarea duela”.

4 ildo: alokairuaren sustapena, etxebizitza babestua, birgaitzea eta hiria berroneratzea

Etxebizitza-plan berri hau lau ildo estrategikotan egituratu da. Lehenak alokairua sustatzea du xede, titulartasun publikoko edo pribatuko eta iraupen bermatuko etxebizitza parke handi bat sortzea, herritarrek bizimolde horren alde egiteko aukera izan dezaten. Bigarrenak etxebizitza babestua sustatu nahi du, herritarrei etxebizitza babestuak eskaintzeko, aukera izan dezaten etxebizitza jabetzan eskuratzeko merkatu libreak eskaintzen duena baino baldintza eskuragarriagoetan, ekimen publikoari zein pribatuari esker.

Hirugarren ildo estrategikoa bizitegi-eraikinen birgaitzea da. Hiriko eraikuntza birgaitzearen alde egiten da, nola eta dirulaguntza-lerroen bidez, zeinek, gainera, energia-eraginkortasunerako eta irisgarritasunerako neurriak hartzeko bidea emanen baitute. Azkenik, hiria berroneratzea, hondatutako hiri-eremuetan ekimen publikoko hiri-jarduketak indartuz, eta dagoeneko finkatuta dagoen hiriaren inguruak hobetzeko ekimen pribatuko jarduketei bultzada ematea.

Estrategia hau gauzatu ahal izateko Udalak higiezinen ondare esanguratsua du, herritarren zerbitzura jar daitekeena, besterentze-prozeduren bidez, etxebizitza libreak eraikitze aldera. Halako jarduketek diru-sarrerak dakartzate, eta horiek birgaitze-jarduketak bultzatzea ahalbidetzen dute. Lurzoru-ondareko lurzatiak daude Txantrean, Sanduzelain, Zabalgunean, Arrosadian, Lezkairu eta Ipar Etxabakoitzen.

Gazteei alokatzeko 331 etxebizitza, 253 bestelako alokairuetarako, elkarrekin bizitzeko 99, eta 66 etxebizitza-premietarako

Alokairua sustatzeak berekin ekarriko du gazteendako 331 etxebizitza, adineko pertsonak elkarrekin bizitzeko 99, aterpe-premietarako 66 eta bestelako alokairuetarako 253 etxebizitza eraikitzea. Horiez gain, Gridillas orubean aterpe-premietarako 16 etxebizitzako bizitegi-gune bat eraikitzea aurreikusten du planak, eremu horretan bultzatutako hiri-garapenaren ostean orubea hutsik geratuko baita.

Gazteei alokatzeko 331 etxebizitzak bi gunetan eraikiko dira. Batetik, 95 etxebizitza eraikiko dira Arrosadian (A3 lurzatia) eta Lezkairun (L23.3 lurzatia), azalera-eskubidea lagatuta. Bestetik, Nafarroako Gobernuarekin eta Nasuvinsarekin eginiko hitzarmenaren bidez 95 pisu eraikiko dira Arrosadiako zuzkidura-orube bateko etxe-uhartean.

Aldi berean, Arrosadian 3 lurzati besterenduko dira norgehiagokaz, zenbait eraikin egiteko guztira alokairuko 253 etxebizitza osatu arte (A10, A11 eta A13A lurzatiak). Era berean, berriz helduko zaio, Sanduzelain, adineko pertsonak elkarrekin bizitzeko 99 etxebizitza eraikitzeko proiektuari, haiek gauzatzeko bizitegirako lurzatiak bideratu ostean (UOD 1.2 eta UOD 6.1 lurzatiak). Azkenik, alokairuko etxebizitzetarako bultzada borobiltzeko, Udalak jabetzan dituen 66 etxebizitza prestatuko ditu, aterpe-premiako egoerei erantzute aldera.

Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE) Arrosadia, Ipar Etxabakoitzen; UGPSa eta AHTa, eta Milagrosa berroneratzea

Etxebizitza babestua sustatze aldera, ‘Iruña Bizi’ 2020-23 Etxebizitza Estrategiak lurzatien norgehiagokako besterentzea aurreikusten du Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko, bai eta xede bera duten orubeetako udal-partaidetzen salmenta ere. Irabazi-asmorik gabeko entitateekin eginiko besterentze-hitzarmenen bidez, asmoa da 115 BOE eraikitzea Arrosadiako A 1.3 lurzatian eta Ipar Etxabakoitzeko B.5ean. Azkenik, Abiadura Handiko Trenaren UGPSa garatzeari bultzada ematea dago aurreikusita, eta horrek bidea emanen luke hala 6.750 etxebizitza babestu eraikitzeko (475 udal-lursailetan) nola lurzati gehiago txertatzeko Udalaren higiezinen ondarean, gerora orain planteatutako jarduketen gisakoetara bideratu litezkeenak.

Birgaitzea eta bizigarritasun-arauak aldatzea

Bizitegi-eraikinak birgaitzeari dagokionez, etxebizitza libreko lurzatiak besterenduz lortutako diru-sarrerek ahalbidetuko dute arlo honetan inbertsioak egitea, hiriko etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak handituta adibidez. Gainera, Iruña Biziberritzen-PCHtik bideratutako udal-jarduketei bultzada emateko ahalegina eginen da 7 etxebizitza birgaitzeko Descalzos kaleko 33-35 zenbakietan, 12 pisu Jarauta 58 - Eslava 26n, eta 16 etxebizitza Descalzos kaleko 55-61ean.

Halaber, Iruñeko Udalak asmoa dauka Gobernua prestatzen ari den bizigarritasuneko foru-araua aldarazteko eta planeamenduaren moldaketa bultzatzeko, hiriko etxebizitzak bizigarritasun, irisgarritasun eta jasangarritasun baldintzetara egokitu ahal izatea errazte aldera, bereziki Alde Zaharrean, I. eta II. Zabalguneetan, Milagrosan eta Txantrean.

Planaren laugarren ildo estrategikoak hiria berroneratzea du ardatz, eta Milagrosa auzoan esku-hartzea proposatzen du bide eta mugikortasuneko jarduketak eginez HJPBren esparruan, eta hirian eraberritze-jarduketa publikoak bultzatzea, esaterako, NUPeko UGPSaren esparruan 140 udal-etxebizitzako bizitegi-parke berri bat eraikitzea. Udala, gainera, prest agertu da ekimen pribatuarekin eta beste administrazio batzuekin elkarlanean aritzeko hiria berroneratzeko jarduketa puntualetan.

Plan horietarako guztietarako baliabideak eskuratzeko, 435 etxebizitza libre eraikitzeko lurzorua saltzea aurreikusten da: 26 etxebizitza Salestarrenean; 29, Lezkairun; 338, Arrosadian; 14, Sadarren, eta 28, Ipar Etxabakoitzen. Bestalde, alkateak prentsaurrekoan azpimarratu du “Lezkairuko Erdiguneko plazan egin daitekeen asmo handiko jarduketa; izan ere, bertan 379 etxebizitza eraiki daitezke, eta aurreikusita daude auzoko Civivoxa eraikitzeko bidea emanen lukeen norgehiagoka eta gazteek alokatzeko udal-titulartasuneko eta kudeaketa pribatuko 56 etxebizitza.

¿Te ha sido útil esta página?