2019ko sanferminen hasierako egunetan jendetza bildu da kaleetan, korrikalari gehiago entzierroan, eta ez da ia segurtasun-gorabeherarik egon. Uztailaren 6an eta 7an jasotako lehen datuen arabera, garbiketa-zerbitzuek 269.000 kilo zabor bildu dituzte, iaz baino % 15 inguru gehiago. Txupinazo-egunean bakar-bakarrik, 13.000 kilo zabor pilatu ziren Gazteluko plazako inguruetan, % 34 gehiago.
Zabor-kopuruaren gorakada horrek aditzera ematen du festetan jende gehiago bildu dela kalean, eta hori ere islatu da lehen bi entzierroetan. Herritarren Segurtasuneko Alorreko langileek egiten dituzten zenbaketen datuekin bat, uztailaren 7ko entzierroan 2.300 lagunek parte hartu zuten, eta iazkoa baino kopuru nabarmen handiagoa da hori (2.000 lasterkari izan ziren). Gaur, uztailak 8, 1.900 lagun inguru aritu dira korrika. Kopuru horrek ere gainditzen du 2018ko sanferminetan astelehenean izan zen entzierroarena, orduan 1.750 korrikalari zenbatu baitziren.
Eguraldi onari esker jende gehiago bildu da hiriko kaleetan, eta hori ere jasotzen da garraio publikoaren erabiltzaileen inguruko datuetan. Iruñerriko Mankomunitateak emandako datuen arabera, villavesetan 250.861 bidaiari izan ziren uztailaren 6an, iaz baino % 2,44 gehiago. Txupinazoa larunbatean izan zen egun batekin alderaketa egin ahal izateko, 2013. urtera jo behar dugu atzera: 235.428 bidaiari zenbatu ziren orduan.
Herritarren segurtasunari dagokionez, gaur goizean salaketa bat jarri da, ukituengatik. Delitu horren ustezko egilea atxilotu du Udaltzaingoaren patruila-auto batek, zeina jazoera gertatu den komun publikoen inguruetan zebilen, 08:00ak aldera. Biktimak salaketa jarri du Foruzaingoan, eta Foruzaingoa arduratu da ikerketaz.
Bestalde, gainerako datuak iazkoen oso antzerakoak dira. Jaien hasierako bi egun hauetan 252 ebasketa salatu dira (ia-ia 2018ko kopuru bera) eta indarra erabiliz egindako 9 lapurreta (2018an baino 3 gutxiago). Gorakada egon da, baina, konfiskatzeetan. Jaien lehen bi egunetan 26 konfiskatze-jarduketa egin dira, elikagaien, arropen eta bestelako produktuen legez kanpoko salmenta ibiltariari lotuta.