2019ko sanferminen balantzea: jendetza kaleetan eta segurtasun-gorabehera gutxi

2019ko sanferminen balantzea: jendetza kaleetan eta segurtasun-gorabehera gutxi
Udalak kontrol handiagoa erregistratu du baimenik gabeko salmenta ibiltarian, zarata-isurpenetan eta entzierroetako arau-husteetan
Fitxategi
BALANTZEA.pdf555.37 KB

2019ko sanferminen balantzea egin ostean, zera esan daiteke: jaietan jendetza bildu da kaleetan eta gorabehera aipagarri gutxi egon da segurtasunaz bezainbatean. Gaixoa Ni ospatu eta 12 ordu besterik igaro ez direla, Iruñeko Udalak festei buruzko kopuru nagusiak bildu ditu: Udalak programatutako ekitaldi eta jardueretan 1,33 milioi lagunek hartu dute parte; garbiketa-zerbitzuek 1,1 tona zabor jaso dituzte; entzierroetan 13.800 korrikalari izan dira; eta hiriko erdiguneko hoteletan okupazioa % 94koa izan da.

Datuok iazkoekin alderatuta, adierazleek aditzera ematen dute herritarren parte-hartzea zertxobait egin duela behera festen programa ofizialeko ekitaldietan (-% 11), eta jaietan bildutako hondakinen kopuruak gora egin duela (+% 8,7) Beiraren gorakada handia –% 17,5ez igo da–; hori da zabor gehiago sortu izanaren arrazoi nagusia; izan ere, edukiontzietan zabor gutxiago bildu da (% 2,6 gutxiago), baita kale-ekorketan ere (% 14,8ko beherakada). Gainera, sanfermin hauek bi asteburu eduki izanak, eta hortaz, bisitari gehiago, bai eta izandako tenperatura altuek ere, azaldu egiten duten beira gehiago erabili izana.

Bestalde, nahiz eta jende gehiago ibili den kaleetan, segurtasun-indizeak bere horretan mantendu dira. Behin-behineko datuen arabera, ez da aparteko gorabeherarik jaso, sanferminetan sexu-erasoengatik jarri diren bi salaketak izan ezik. Horietako baten berri izan da jada, eta gertakari hori aho batez gaitzetsi zuten bai Udalak bai iruindarrek atzo Gazteluko plazan. Bigarrenaren berri Babes Zibileko Tokiko Batzordean eman zen, joan den uztailaren 12an, baina artean ikerketa eta zigor-kalifikazioa egiteke zegoen. Azkenean erasotzat jo da, juridikoki, indarra erabili baitzen. Konfiskazioei dagokienez, % 25eko gorakada izan da (79 guztira), polizia-kidegoek ahalegin handia egin baitute legez kanpoko salmenta ibiltaria ez dadin hirian finkatu.

Enrique Maya alkateak goizean egin du sanferminetako lehen balantzea, eta harekin batera izan dira Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria eta María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkaria. Alkateak festei buruz egin duen lehen balantzea “oso positiboa” izan da, eta aintzatespena eta esker ona agertu die “garbitzaile guztiei, segurtasun indarrei, ostalariei, komunikabideei eta herritar guztiei, festa hauek munduko festarik onenak izan daitezen egiten dutelako”.

Parte-hartzea programatutako ekitaldietan
Iruñeko Udalak programatutako ekitaldietan 1,33 milioi lagun bertaratu dira, iaz baino gutxiago (% 11ko beherakada egon da, iaz 1,48 milioi lagun izan baitziren). Hasierako balorazioen arabera, beherakada horren atzean dago, parte-hartze txikiagoa ez ezik, zenbaketa egiteko sisteman egin den aldaketa ere, errealitatea modu zehatzagoan islatu nahian. 

Programa ofizialaren parte-hartzearen beherakada horretan, eta aintzat hartuta euria zela-eta uztailaren 8ko ekitaldi gehienak bertan behera utzi zirela, nabarmentzekoa da jende gehiago joan dela Compañia plazako kontzertuetara: iaz 13.750 lagun bertaratu ziren, eta aurtengo sanferminetan, 21.900 –2018ko kopuruekin alderatuta, % 59ko gorakada–. Aitzitik, beste bi gunetan behera egin du jende kopuruak. Gazteluko plazan jende iaz baino jende gutxiago bildu da arratsalde eta gauetako dantzaldietan (2018ko 140.000 lagunetik aurtengo 88.100 lagunera igaro da), eta Foruen plazan 59.000 pertsona zenbatu dira, iazkoaren kopurutik oso urrun (91.400). Folklore-musikako askotariko ekitaldietan iazko parte-hartzea mantendu da (194.000 parte-hartzaile).

Haur eta familiendako guneetan ere beherakada izan da parte-hartzean, salbu Taconeran material birziklatuez jolasteko gunean (Birjolastu), iaz baino 5.000 parte-hartzaile gehiago izan baitira, eta haurrendako dantza-jaialdian, 2.000 lagunez bertaratuen kopurua % 42,8z igo delarik. Bere horretan mantendu da Erraldoien eta Buruhandien Konpartsaren ibilbideetara bertaratu direnen kopurua: 190.000 lagun jaietan, oro har. Gazte Eremuan, bestalde, parte-hartzea mantendu egin da, eta 12 eta 17 urte bitarteko 2.500 gazte inguruk hartu dute parte Udalak proposatutako jardueretan. Programazio horretako egunik onenak uztailaren 7a eta 11 izan dira, 500 bat lagunez.

Festen hasiera eta amaierako ekitaldiez bezainbatean, Txupinazoa kalean bizi dute 51.500 lagunek, bai Udaletxe plazan bai pantaila erraldoiez hornitutako beste gune batzuetan, 2018an baino 9.500 pertsona gehiagok. Atzo, Gaixoa Nian, 4.500 lagun bildu ziren.

2.005 salaketa, % 60 ebasketengatik
2019ko sanferminak amaituta, 2.005 salaketa jarri dira guztira segurtasun-kidegoetan, iazko sanferminetan baino % 5 gehiago, iaz 1.906 salaketa erregistratu baitziren. Salaketa horien erdia baino gehiago, hots, 1.279 (guztizkoaren % 63) ebasketengatik izan dira, iaz izandakoak baino pixka bat gehiago (2018an, 1.219) Indarra erabiliz egindako lapurreten kopuruak behera egin du (103tik 70era), eta, aldiz, gora egin dute indarkeria erabilita egindako lapurretak (33tik 45era) eta lesio-delituak (48tik 63ra). Sanferminetan, bi salaketa jarri dira ustezko sexu-erasoengatik, eta hamar, ustezko abusuengatik. 14.375 lagunek jo dute Gazteluko plazako eraso sexistei buruzko argibide-gunera informazio bila, bertan 31 gorabehera jaso dira eta behin aktibatu da lagun-egite zerbitzuaren protokoloa.

Horrez gain, Udaltzaingoaren patruilak Udaltzaingoaren Ekintzen Koordinazio Zentroan herritarrengandik jasotako 1.119 errekerimenduei erantzuteko mobilizatu dira –kopuru horrek % 15ez egin du gora, 2018koaren aldean–. Bestetik, eginahal berezia egin da jaietan zehar ez onartzeko baimenik gabeko salmenta-postu ibiltaririk hirian. Sanferminen aurreko egunetan prebentzioko eta inteligentziako lan poliziala egin zen, eta sanferminetan poliziaren presentzia handia izan da. Horrez gain, 79 konfiskazio egin dira, iazkoak baino % 25 gehiago. Batez ere konfiskatu dira jatekoak eta edatekoak (32), osasungarritasun baldintzak bermatzeko helburuz. Halaber, 12 eginbide judizial ireki dira jabego industrialaren kontra.

Udaltzaingoaren jarduketen inguruko balantzean jaso da, baita ere, 6.000 etilometria-proba baino gehiago egin direla; horietatik 38 positiboak izan dira eta administrazio-salaketak jaso dituzte, hau da, guztizkoen % 0,6, eta 7 salaketa epaitegietara bideratu dira. Drogak antzemateko probei dagokienez, 20 egin ziren, horietatik 2 positiboak izan ziren eta administrazio-salaketak jaso zituzten. 35 istripu erregistratu dira, horietako 3 harrapatzeak, eta 7 arin eta 3 larri zaurituta izan dira.

Pasa diren jaietan entzierroko ordenantza urratzeagatik jarritako zehapenak iazkoak adina bost izan dira. Aurten diru-zehapena jarri zaie 25 laguni (iaz 6ri), batik bat entzierroaren ibilbidearen barruan irudiak hartzeagatik edo zezenak ukitzeagatik. Guztira 13.800 lagunek parte hartu dute entzierroetan, iaz baino % 2 gutxiago. Uztailaren 7an eta 14 (igandeetan) izan ziren korrikalari gehien, bi egun horietan izan baitziren 2.000tik gora, 2.300 eta 2.100 lagunez, hurrenez hurren.

Zarata dela-eta neurketa zein salaketa gehiago
Aurten Ingurumen Osasunerako zerbitzuak 2.461 zarata-neurketa egin ditu establezimenduetan eta eremu publikoan, 2018ko sanferminetan baino % 15 gehiago. Neurketetan, 369 kasu gehiagotan antzeman dira zarata altuak edo oso altuak. Berriro puntu beltzak honako toki hauek izan dira: San Nikolas kalea, Estafeta kaleko goiko aldea eta Erriberri kaleko terraza-eremua, nahiz eta aurten kale horietako bost lokaletan 24 orduko musika-itxierak egin diren, hutsegiteak errepikatzeagatik (lehen zehapen administratibo bat jaso ondoren). Aurten Labrit aldapako establezimenduetan, Udalaren Baimenaren baldintzen bidez, musikak goitik duen mugaketan 5 dBA jaitsi dira, eta musikako ordutegian 2 ordu gutxiago daude egunean. 

Bestetik, sanferminetan elikagaien ikuskapenak % 17,8 gehiago izan dira 2018ko jaien aldean, eta 104 hutsune antzeman dira, iaz baino lau gutxiago. Iturri publikoetako eta udal-igerilekuetako ur-azterketetan ez da gorabeherarik egon.

¿Te ha sido útil esta página?