2019ko Ikaskuntza Zerbitzuko Sariak aurkeztu dira, eta Iruñean emango dira Estatuko XII. Topaketaren barruan, abenduan

2019ko Ikaskuntza Zerbitzuko Sariak aurkeztu dira, eta Iruñean emango dira Estatuko XII. Topaketaren barruan, abenduan
Udala deialdi nazionalaren egoitza izango da, zeinaren azken edizioan 45.000 ikaslek 302 proiektuz parte hartu baitzuten

Iruñeko Udalak gaur goizean plazaratu du 2019ko Ikaskuntza-zerbitzuko Sariketa nazionala, komunitatearen mesedetan egiten dituzten proiektuengatik estatu osoko ikastetxeak aintzatestea xede duen deialdia, alegia. Iruña hezkuntza-metodologia horretan dituen ekimen aitzindariengatik hautatu zen 2019ko Ikaskuntza Zerbitzuko Estatuko XII. Topaketaren egoitza izateko, eta horrexegatik estatuko deialdia Iruñean aurkeztu  da gaur. Hori horrela, sariak Iruñean emango dira topaketaren barruan.

Goizean Maider Beloki Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak eta Roser Batle Espainiako Ikaskuntza-zerbitzuko Sareko sortzaileak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte sari nazionalak; eta horiekin batera izan dira Josep M. Faura Educo-ko zuzendari nagusia eta José Antonio Celada Edebé-ko hezkuntza-erakundeen zuzendaria, sari-deialdian bi enpresak buru baitira, baita ere Ana Díez Fontana CaixaBankek Nafarroan duen lurralde zuzendaria, babesleen izenean (La Caixaren Gizarte-ekintza, DKV aseguruak, CENEAM, Trantsizio Ekologikorako Ministerioa, GSD hezkuntza, Fundació Princesa de Girona, Estatu Iberoamerikarren Erakundea, Arci Nature, Anabella fundazioa, Plena Inclusión, Torresco, Abacus eta Iruñeko Udala).

Hezkuntza-metodologia honetaz egindako proiektuak aintzatestea da helburua; metodologiak proiektu bakarrean uztartzen ditu ikaskuntza- eta zerbitzu-prozesuak, beti zein komunitatetan garatu eta bertan onuragarri izateko xedez. Hauxe sarien V. edizioa da, eta lehen deialditik gaurdaino, aurkeztutako proiektuen kopurua bikoiztu da. Izan ere, azken edizioan 45.000 ikasle baino gehiago engaiatu ziren 302 proiektutan.

Ekimen aitzindaria Iruñean
Iruñeko Udalak 2017an abiatu zuen Ikaskuntza-Zerbitzuko Proiektuen I. Lehiaketa, xede hartuta hirian bultzatzea ikaskuntza mota hori, ikusita zer nolako balio garrantzitsua duen hala hiri osorako nola ikasleentzako beraiendako. Udaleko Hezkuntzako Alorreko ekimen hori aitzindaria da estatuan, eta oso harrera ona izan zuen Iruñeko ikastetxeetan ez ezik inguruko beste toki-administrazio batzuetan ere, eta, bereziki, REDAPS sarean, estatu osoko ikastetxeek egiten dituzten ikaskuntza-zerbitzuko proiektuak bultzatu eta saritzen dituen estatu-erakundean. Horregatik, azken urtean, Foru Komunitateko beste Udal edo instituzio batzuek –Tutera, Tafalla eta Faltzesko udalek eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak berak, besteak beste– Nafarroako Sareari eskatu diote ikaskuntza-zerbitzua zer den eta nola sustatu daitekeen azaltzeko.
 
Bi sareek, estatukoak eta Nafarroakoak, poztasun handiz hartu dute Foru Komunitatean 2017an aurkeztutako 3 proiektuetatik 2018ko edizioko 15 proiektuetara igaro izana, eta gainera, horietako lau saridun izatea. Zehazki, 2018ko edizioan lehiatu ziren Espainia osoko 302 proiektuetako 15 Nafarroatik aurkeztu ziren, guztizkoaren % 5. 

2019ko deialdi nazionala
2019ko Ikaskuntza-zerbitzuko sarietan parte hartu ahalko dute estatuko Haur eta Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikastetxe guztiek –publikoak, itunduak edo pribatuak–, baldin eta Ikaskuntza-zerbitzuko praktikak egiten ari badira. Edozein autonomia erkidegotan Ikaskuntza-zerbitzuko praktikak egiten ari diren gizarte-entitateek ere parte hartu ahalko dute.
 
Parte hartzeko bi modalitate daude: talde zein ikasgela baten proiektua edo ikastetxe zein gizarte-entitate osoaren proiektua, betiere 2018 – 2019ko ikasturtean bukatzen badira.
 
Hezkuntza-maila eta proiektuaren gaia edozein dela ere, epaimahaiak bereziki baloratuko ditu inguruabar hauek: ikaskuntzen eta egindako zerbitzuaren arteko lotura estua; zerbitzuaren bidez haurrek eta gazteek artatzen duten gizarte-premiaren egiazkotasuna eta garrantzia; eta haurren eta gazteen parte-hartze oso aktiboa proiektuan zehar, bai premien ikerketan eta proiektuaren diseinuan, bai hura gauzatzean eta amaierako ebaluazioa egitean.  Era berean, hau ere baloratuko da: lurraldeko ikastetxeen eta gizarte-entitateen –eta haien hartzaileen– arteko sare-lana, proiektua ikuspegi komunitarioaz eta elkarrekikotasunaz egiteko; gizarte-justizia eta giza eskubideak aintzat hartzea eta ikasleen artean hausnarketa eta pentsamendu kritikoa sendotzea; eta gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan dauden herritarrek bultzatutako proiektuak.
 
Aintzat hartuko diren beste alderdi batzuk: proiektuaren garrantzia, kontuan hartuta zenbat haur eta gaztek parte hartzen duten, zerbitzuak zenbat hartzaile dituen eta proiektuaren iraupena; ikastetxetik edo gizarte-entitatetik kanpo garatutako zerbitzua, ingurunean ageriko eragina duena eta komunitatean jorratutako arazoaren inguruko gizarte-sentsibilizazio/kontzientziazioa eragiten duena; proiektuaren jasangarritasuna eta konpromisoaren jarraitutasuna; eta Ikaskuntza-zerbitzuaren kontzeptua ikusaraztea, hezkuntza-proposamena den heinean.

Proiektuak gaurtik aurkeztu ahalko dira: martxoaren 12tik datorren irailaren 15a arte; eta Ikaskuntza-zerbitzuko Sarien webgunearen bidez (www.aprendizajeservicio.com). Guztira, 23 sari daude ekimenak aintzatesteko, esparru hauetan: ingurumena, genero-parekotasuna, inklusioa, aztura osasungarriak bultzatzea eta gizentasunari aurrea hartzea, elkartasuna, giza eskubideak eta adinekoak, gazteen ahalduntzea eta irakurketa bultzatzea, besteak beste. Sariak 2019ko abenduaren 13an emango dira, ostiralarekin, Iruñean izango den Ikaskuntza Zerbitzuko Estatuko XII. Topaketaren barruan.

Komunitaterako Zerbitzuak egiten ikastea
Ikaskuntza-zerbitzua edo ikaskuntza eta elkarlan-zerbitzua didaktika-lanaren metodologia bat da, ikastetxea non errotuta egon eta komunitate horretarako zerbitzuak uztartzen dituena ikasleek ikasi beharreko curriculumeko edukiekin, trebetasunekin, gaitasunekin eta balioekin. Horrela, asmo pedagogikoak eta solidarioak bat egiten dute, ikasleek beren ikaskuntza propioan parte hartzen dute, eta gizartearekiko arduratsuak dira.

Hezkuntza-proposamen hori proiektu bakar batean garatzen da, eta horretan, parte-hartzaileek ezagutzen edo hauteman duten arazo jakin batek piztu dien motibazioak hartaratuta, ingurunean jarduten dute, hori hobetzeko xedez. Curriculumaren ikaskuntzaren eta komunitaterako zerbitzuaren arteko eragin-trukeak bien lorpenak sendoagoak izatea dakar. Alde batetik, ikaskuntzak komunitate-zerbitzua hobetzen du, bizi-kalitatea eta ekitatea areagotzen dituen aldetik, eta, bestetik, zerbitzuak zentzua ematen dio ikasitakoari, hori errealitatera eramateko bide ematen duelako, jarduketa gisa.

Hortaz, ikaskuntza-zerbitzuko esperientziek aukera ematen diete haur, nerabe zein gazteei beren ezagutzak komunitateak dituen beharren zerbitzura aplikatzeko. Aldi berean, testuinguru errealetan egindako jarduketa solidario horrek bide ematen du ezagutza berriak bereganatzeko eta jakinduria garatzeko, bizitza, lan eta herritarren partaidetzaren esparruez bezainbatean. Azken batean, halako esperientziei esker komunitate baten bizitzan ekarpen zehatz eta neurgarriak egiten dira, bai eta hezkuntza-eskaintza formal zein ez formalaren kalitatea eta inklusio-maila hobetu ere.

Udalaren konpromisoa
Metodologia barnean pizten ari den interesa hain handia da, ezen, 2019ko sarietarako deialdia plazaratzean eta Iruñeko ikastetxeei proposatu ohi zaizkien proiektuetako batzuk metodologia honetaz landu daitezen bultzatzeko, Iruñeko Udalak udal-teknikariendako berariazko ikastaro bat antolatu baitu; eta bertan 35 teknikarik parte hartuko dute.

Ikastaroaren helburuak: ikaskuntza-zerbitzuko oinarrizko kontzeptuak, haren funtsa, eta irakasteko zein komunitate-garapenerako tresna gisa duen balioa argitzea; parte hartuko duten teknikarien eta horien udal-alorren esperientzietan ikaskuntza-zerbitzuko proiektuak elkartrukatu eta ezagutzea; eta Udalak hasiko dituen proiektuetan ikaskuntza-zerbitzua aztertu eta gauza dadin bultzatzea.

Parte-hartzaileak alor askotan aritzen dira, hala nola: Alkatetza, Kultura eta Hezkuntza, Komunitate Garapena, Gizarte Ekintza, Tokiko Ekonomia Jasangarria (Merkataritza), Hiri Ekologia eta Mugikortasuna, Hiri Bizigarria eta Etxebizitza, Herritarren Partaidetza eta Gizartea Ahalduntzea.

Irudia
Irudia
Irudia