2019ko Bertsoaroak Gorria bertso eta flamenkoko ikuskizuna aurkeztuko du, eta, horrez gain, haurrendako ikuskizun baten estreinaldia eta bertso-saioak zein hitzaldi bat eskainiko dira

2019ko Bertsoaroak Gorria bertso eta flamenkoko ikuskizuna aurkeztuko du, eta, horrez gain, haurrendako ikuskizun baten estreinaldia eta bertso-saioak zein hitzaldi bat eskainiko dira
Julio Soto, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Uxue Alberdi, Alazne Untxalo eta Joanes Illarregi arituko dira lehen saioan, azaroaren 5ean, NAEn
Bertso Aroa

 

Edizio honetan 2019ko Bertsoaroak bi ikuskizun estreinatuko ditu: batak bertsoak eta flamenkoa uztartuko ditu; bestea, haurrei zuzendua. Horrez gain, bertsolari ezagunak eta promesa gazteak izanen dira, eta lantegi bat eta hitzaldi bat eskainiko dira. Beste berritasunetako bat, hauxe: lehen aldiz, programari hasiera zein amaiera emanen dizkioten bertso-errezitaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan izanen. Julio Soto, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Uxue Alberdi, Alazne Untxalo eta Joanes Illarregi bertsolariak arduratuko dira Iruñeko Udalak –Nafarroako Bertsozaleen Elkartearekin elkarlanean– antolatutako zikloari hasiera emateaz, azaroaren 5ean, asteartearekin, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:30ean.
 

Programak zortzi proposamen eskainiko ditu azaroaren 26a arte, lurralde honetako arte eta tradizioa ezagutzera emateko, entzuleen eskariak zein inprobisatzaileen kalitateak bizi-bizirik mantendu baitute. Emanaldi guztiek sarrera doan dute, azaroaren 16koa izan ezik –Sanduzelaiko Civivoxean–, zeina euskarazko haurrendako programazioan ere sartzen baita. Saioetako lau Kondestable Civivoxean izanen dira; bi, Nafarroako Antzerki Eskolan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aitzina gonbidapena hartuta; bat, Juslarrocha Civivoxean; eta beste bat, Sanduzelaiko Civivoxean.
 

Bertsoak zein flamenkoa, eta bertsolari batzuen eskulturak gogora

Ohi denez, 2019ko Bertsoaroari bertso-jaialdi batek emanen dio hasiera. Aurreko urteetan bezala, agertokian lehen mailako bertsolariak izanen dira, bai gazteak bai beteranoak. Nafarrez gain, Lapurdiko, Bizkaiko eta Gipuzkoako bertsolariak ere arituko dira taulan. Horrela, lehen hitzordu horretan, azaroaren 5ean, Julio Soto, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Uxue Alberdi, Alazne Untxalo eta Joanes Illarregi izanen dira, Ander Aranburu gai-jartzaile. 19:30ean hasiko da, eta ordubete lehenagotik bi gonbidapen banatuko dira pertsona bakoitzeko.
 

Bigarren proposamena azaroaren 7rako da, 19:30ean, Kondestable Civivoxean, bertso eta flamenkoko Gorria ikuskizunaz, zeinak 2018ko Lanku beka irabazi baitzuen. Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Etxebarrietaren flamenko-dantzariaren arteko elkarrizketa artistikoa da. Bi adierazpenek muin bera dute, sortzaileek, biek ala biek, inprobisatu beharra dutelarik. Leku berean eta ordu berean, azaroaren 12an –asteartearekin–, hitzaldia eginen da Bertsoaren harria izenburupean, Koldo Izagirre idazlearen eskutik, honako hau hizpide: hainbat bertsolariren omenezko 21 eskultura daude Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan sakabanaturik, Bertsoaren Harria liburuan bildu dituenak. Gaia Nafarroarako egokituta, hitzaldian, Manuel Lasarte, Bordel eta Xalbador oroitzeaz gain, horien bizitzei buruz inprobisatzeko gaiak proposatuko dizkie Aimar Karrika eta Maddalen Arzallus bertsolariei, bera lagunduko dutenei.
 

Haurrendako ikuskizun bat eta lantegi bat

Azaroaren 13an, asteazkenarekin, haurrendako jarduerak hasiko dira. Juslarrocha Civivoxean, 17:30ean, Bertso jasa, bat-bateko jolasa lantegia hasiko da, Saioa Alkaiza eta Haritz Mujika bertsolarien eskutik. 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta, saioa jolas eta ariketen bidez garatuko da; gaiak eta egoerak proposatuko dira bertsoak sor ditzaten.
 

Azaroaren 16an –larunbatarekin–, Sanduzelaiko Civivoxean, haurrei zuzendua ere eginen den ikuskizunak bertsoa eta antzerkia uztartuko ditu. Horrela, ikusle txikienek begiratzen ahalko diete beren gorputzari, eta aniztasunaren, sexualitatearen eta genero-rolen inguruan hausnartu, umorez eta era sotilean. Sarrerek 3 euro balio dute eta Civivoxean bertan zein www.pamplonaescultura.es webgunean eskura daitezke. Ane Labakaren eta Miren Amurizaren gidoiaz, Lierni Hernández eta Eneko Arrate izanen dira antzezle agertokian.
 

Musika-ikuskizuna eta bertsoak: etorkizun oparoko gazteak zein eskarmentu handiko ahotsak

Programazioari Auskalo zeinek jarriak ikuskizunak emanen dio segida. Agirre anaien azken lana da, non beste garai batzuetan idatzitako bertsoak berreskuratzen baitira, hitzak eguneratuta eta musikaz lagunduta. Oraingoan proposamena Iruñera egokitu da. Azaroaren 19an –asteartearekin–, 19:30ean, eskainiko da Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikarien zein Eñaut Agirre eta Unai Agirre bertso-kantarien eskutik.
 

Azken txanpan, Bertsoaroak, berriro ere, Nafarroako eta beste lurraldeetako promesa gazteak ekarriko ditu Iruñera, eta, horrela, belaunaldi berriekin gozatzeko aukera eskainiko. Oraingoan, Nafarroa, Lapurdi, Bizkaia eta Gibuzkoako bertsolari gazte hauek bilduko dira agertokian: Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain, Irati Alcantarilla, Maialen Akizu, Haritz Mujika eta Ibai Amillategi. Azaroaren 21eko saio hau 19:30ean hasiko da, Kondestable Civivoxean, Ainhoa Aranburu gai-jartzaile.
 

Aurten ere, Bertsoaroaren programari bertso-jaialdiak emanen dio amaiera. Agertokian bertsolari gazteek eta maila eta eskarmentu handiko beteranoek izanen dute hitzordua; izan ere, azaroaren 26ko saioan hauek arituko dira: Andoni Egaña, Sustrai Colina, Alaia Martin, Eneko Lazkoz, Maddi Ane Txoperena eta Iker Gorosterrazu. Saioa Nafarroako Antzerki Eskolan izanen da, 19:30etan, Maialen Belarra gai-jartzaile.
 

Bertsoaroa. 2019 Sarrera librea
  • Bertso-jaialdia
  • Azaroak 5, asteartea. 19:30. Nafarroako Antzerki Eskola
  • Bertsolariak: Julio Soto, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Uxue Alberdi, Alazne Untxalo eta Joanes Illarregi. Aurkezlea: Ander Aranburu
  • Gorria. Flamenkoa eta bertsoak
  • Azaroak 7, osteguna. 19:30. Kondestable Civivoxeko patioa
  • Bertsolaria: Miren Amuriza. Flamenko-dantzaria: Askoa Etxebarrieta
  • Bertsoaren harria. Hitzaldia eta bertsoak
  • Azaroak 12, asteartea. 19:30. Kondestable Civivoxa
  • Hizlaria: Koldo Izagirre. Bertsolariak: Aimar Karrika eta Maddalen Arzallus
  • Bertso jasa, bat-bateko jolasa. Haurrendako lantegia
  • Azaroak 13, asteazkena. 17:30. Juslarrocha Civivoxa
  • Bertsolariak: Saioa Alkaiza eta Haritz Mujika
  • Urpekakariak. Haurrendako bertso-antzerkia
  • Azaroaren 16a, larunbata. 18:00. Sanduzelaiko Civivoxa
  • Aktoreak: Lierni Hernández eta Eneko Arrate
  • Auskalo zeinek jarriak. Bertso musikalizatuak
  • Azaroak 19, asteartea. 19:30. Kondestable Civivoxa
  • Bertso-kantariak: Eñaut Agirre eta Unai Agirre. Musikariak: Imanol Kamio eta Aitor Atxega
  • Gazteen bertso-errezitaldia
  • Azaroak 21, osteguna. 19:30. Kondestable Civivoxeko patioa
  • Bertsolariak: Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain, Irati Alcantarilla, Maialen Akizu, Haritz Mujika eta Ibai Amillategi. Aurkezlea: Ainhoa Aranburu
  • Bertso-jaialdia
  • Azaroak 26, asteartea. 19:30. Nafarroako Antzerki Eskola
  • Bertsolariak: Andoni Egaña, Sustrai Colina, Alaia Martin, Eneko Lazkoz, Maddi Ane Txoperena eta Iker Gorosterrazu. Aurkezlea: Maialen Belarra.
¿Te ha sido útil esta página?