2015az geroztik % 14 egin du gora Civivox sareko erabiltzaile kopuruak

2015az geroztik % 14 egin du gora Civivox sareko erabiltzaile kopuruak
Gora egin dute bai ikasturte osorako espazio-lagapenek (% 9) bai unean uneko lagapenek (% 24), eta Kondestable jende gehien erakartzen duen zentro gisa indartzen da

Gora egin dute bai ikasturte osorako espazio-lagapenek (% 9) bai unean uneko lagapenek (% 24), eta Kondestable jende gehien erakartzen duen zentro gisa indartzen da

Iruñeko Udaleko Civivox sareak 782.502 erabiltzaile izan zituen 2017an. Hori % 14ko gorakada da, 2015eko datuei dagokienez, orduan 682.181 erabiltzaile izan baitziren, eta % 11koa 2016ri dagokionez, 699.762 erabiltzailerekin. 782.502 erabiltzaile horietatik 353.340 lagatutako espazioetara joan ziren, eta beste 429.162k zentroen jardueretan parte hartu zuten. Hori horrela, 2015az geroztik aretoak lagapenean dituzten elkarteen jardueretara joaten diren lagunek % 17 egin dute gora, eta zentroek antolatutako jardueretan izena ematen dutenek, % 13.

Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik gaur goizean aurkeztu ditu prentsaurrekoan azken bi urtetako Civivox sareko balantzearen datuak, eta nabarmendu du Iruñeko gizarte zein kultur entitateek 2017an ordu gehiagoz erabili dituztela Civivox sarean dituzten espazioak. 2016ko datuei dagokienez % 36 egin dute gora, 39.092 orduz egin baitziren jarduerak, eta aurreko urtean 28.661 orduz. 2015eko eta 2017ko datuak alderatuz gero gorakada % 45ekoa da, 2015ean 26.879 izan baitziren. Antzeko ehunekoa dugu emaitzatzat zenbat aldiz laga diren kontuan hartuz gero: 2017an, 17.626 alditan; eta 2016an, 13.118 (% 34ko gorakada); bestalde, 2015ean, 12.859 alditan (% 37 gora).

Bi urtetan % 9 igo da ikasturte osorako espazioen lagapena, eta % 24, unean unekoa

Civivox sareak zazpi zentro ditu: Kondestable, Iturrama, Mendillorri, Sanduzelai, Juslarrocha, Zabalgunea eta Milagrosa. Bertan aretoak lagatzeko zerbitzua eskaintzen dute, bai modu egonkorrean, jarduerak ikasturte osoan zehar egiteko, bai unean-unean, ekitaldiak ospatzeko data jakin batean. Guneen lagapen egonkorra erregulatzeko, udan deialdi bat argitaratzen da irabazi asmorik gabeko kultura- zein gizarte- eta kultura-elkarteei zuzenduta. Ikasturte osorako guneak laga eta gero, erakunde, elkarte, talde, partikular eta bestelakoek guneak erabiltzeko egindako eskaerak aintzat hartzen dira, data zehatz baterako. Hona hemen lagatzeko baldintzak: legearekin bat eraturik egotea eskabidea aurkezten den unean, helbide sozial eta fiskala Iruñean izatea, eta izena emanda edukitzea Iruñeko Udaleko Elkarteen Erregistroan. Halaber, egingo diren jarduerek kulturalak edo artistikoak izan behar dute, herritarren parte-hartzea sustatzekoak, eta publiko eta irekiak ere. Lagapen horiei Udaleko hainbat Alorrek jarduerak antolatzeko egiten duten erabilera gehitzen zaio.

2017an, 353.340tik 215.293 lagunek, gehiengoak, lagapen iraunkorren barruan gauzatutako ekimenetan parte hartu zuten. 85.899k, unean uneko lagapenetan, eta 52.148k Udaleko beste Alor batzuek gauzatutako ekimenetan. Horrek esan nahi du % 7 igo zirela ikasturte osorako lagatutako guneen erabiltzaileak 2016. urteari dagokionez, eta % 9, 2015ari dagokionez. Unean uneko lagapenetan gorakada ez da ia adierazgarria 2016ri dagokionez (85.433 erabiltzaile izan ziren), baina % 24koa da 2015eko datuak aintzat hartuz gero (69.348 erabiltzaile).

Erakusketak eta ikastaroak, erakargarriena; Kondestable, lagun gehien erakartzen dituena

Edukien araberako azterketa egiten badugu, 2017an parte-hartzaile gehien izan zituzten jarduerak erakusketak dira (168.426), eta ondoren, ikastaroak (147.720). Jarraian beste hauek doaz: ikuskizunak (46.348), Iturramako hiri-bainuetxearen eta irakurketa-gelen erabilera librea (41.445), ordenagailuen erabilera librea (19.614), zinema (9.881), hitzaldiak (3.951), bisita gidatuak eta txangoak (1.822), eta lehiaketak (330).

Zentroak aintzat hartuta, antolatutako hainbat jardueratan parte hartzeko jende gehien erakarri zuena Kondestable izan zen. Sareak berak antolatutako jardueretan eta guneen lagapenari lotutako ekitaldietan parte hartu dutenen kopuruak 225.866 jotzen du Kondestablen. 2016an bertan bildu ziren 152.936 lagunak baino ia % 50 gehiago. Kondestable eskaera gehien duen zentroa da, Iturramakoaren aurretik, azken honek 218.988 lagun bildu baitzituen. Hirugarren Juslarrochakoa da, 107.597 erabiltzailerekin; hurrengoa, Mendillorri, 62.538rekin; eta Sanduzelai, 61.002rekin. Erabiltzaile gutxien dituzten Civivoxak Zabalgunenekoa eta Milagrosakoa dira, 39.645 eta 31.262 erabiltzailerekin, hurrenez hurren.

2018rako aukera hobeak, kudeaketa-kontratu berriari esker

Prentsaurrekoan, Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Beloki pozik agertu da lortutako emaitzengatik. Esan duenez, datu horiek Civivox sareari emandako norabide aldaketa egiaztatzen dute sarea orain "erakargarriagoa, gertukoagoa, irisgarriagoa eta irekiagoa dela herritarrentzat, zeinak, azken finean, instalazio horien benetako jabeak baitira". Zinegotziak hiru ardatzetan laburbildu ditu kopuru horiek lortu ahal izateko aldaketa nagusiak: batetik, zentroak edozein gizarte zein kultur jarduera motara irekitzea, aurrez ziren mugak deuseztatuta; bestetik, oreka eta aniztasuna bultzatzea programazioan, ikastaroetan eta lantegietan, horiek eskariari doituz; eta azkenik, auzoetako elkarte eta kolektiboekin elkarlanean egindako lana.

Hala ere, 2018ko datuak are hobeak izango dira sinetsita agertu da Beloki, sareko zentroen kudeaketa-kontratuaren aldaketari esker. Amaitzear den prozesu horrek berekin dakar ordutegi eta zerbitzuen hedapena, gastua eta programazioa gehiago kontrolatzen duen kudeaketa eraginkorragoa, zentroak non kokatuta egon eta auzo horiekiko inplikazioa handitzea, eta herritarren parte-hartzea areagotzea. Adibide praktiko gisa, gogoratu du zentroak 22:00ak arte egongo direla zabalik (gaur egun 21:00etan ixten dute), programazioa hiru lauhilekotan banatuko dela (orain urtekoa da), eta auzo bakoitzeko beharrei eta ahalmenei erantzuteko proiektuak egin beharko dituztela eragileekin eta elkarteekin batera.