2001 zinema-sarrera euro batean, estreinaldiak jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin ikusteko, horra bihar hasiko den ‘Presta zaitez etorkizunerako’ gazte-kanpaina berria

2001 zinema-sarrera euro batean, estreinaldiak jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin ikusteko, horra bihar hasiko den ‘Presta zaitez etorkizunerako’ gazte-kanpaina berria
Iruñeko Udala eta GOLEM zinemak elkarlanean arituko dira profil espezializatuko ekimen honetan, zinema-saioak 1 euroan eskainita
cine vose casa juventud


Gazteek aktiboki parte hartzen dute aisialdiko proposamenetan eta ikus-entzunezko formatuen kontsumitzaile handiak dira. Hala diote kultur-ohitura eta -praktiken inkestek. Bestalde, euren gaitasunak atzerriko hizkuntzetan gero eta handiagoak dira. Horregatik, Iruñeko Udalak eta GOLEM zinema-aretoek bektore horiek guztiak lotzea erabaki eta ikusle gazteen interesekoak izan daitezkeen jarduera espezializatuen eskaintza zabaldu dute.
 

Ostiralean, ‘Presta zaitez etorkizunerako’ kanpaina hasiko da, 2001 zenbakia oinarri hartuta. Izan ere, zenbaki horrek Stanley Kubrick-en filma eta Arthur C. Clarke-ren zientzia fikziozko eleberri klasikoa dakartza burura. 2001 zinema-sarrera banatuko dira, hain zuzen, euro batean, Iruñean erroldatuta dauden 14 eta 30 urte bitarteko gazteen artean, zinema-saioak jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin ikusteko (JBGA).
 

Fernando Aranguren Gazteriako zinegotzi bereziak eta Carlos San Julián GOLEMeko programazio-arduradunak ekimena aurkeztu dute gaur goizean, eskainitako saio guztiak hiriko zinema-aretoetan izanen baitira (GOLEM Yamaguchi eta GOLEM Baiona). JBGAn emandako edozein saiotarako eta filmetarako erabilgarri izanen dira zinema-sarrerak, astelehenetik igandera, 2020ko ekainaren 30era arte. Espazioari buruzko irudi batean oinarrituta, etorkizunaren irudikapen gisa, programazio honek 38.356 ikusle potentzial ditu, horiek baitira Iruñean erroldatuta dauden 14 eta 30 urte bitarteko gazteak.
 

Kanpaina hau, hizkuntzak sustatzeko profila duena, Udalak 2017az geroztik egiten duen zinema-eskaintza ekonomikoki eskuragarriari gehitzen zaio, zeina bai Eguberrietan bai udan ‘Txankletak’ programaren bidez egiten baita eta sarrera guztiak beti agortzen baititu. Halaber, Gaztediaren Etxeak zinemari lotutako jarduerak eskaini ohi ditu, arte horrekiko estimazioa sustatze aldera; adibidez, joan den abenduan zientzia fikziozko filmen ziklo bat egin zen.
 

14 eta 30 urte bitarteko gazte erroldatuentzat
 

Bihartik aurrera eta Gaztediaren Etxeko ohiko ordutegian zinema-sarrerengatik trukatu ahal izanen diren txartelak eskuratu ahal izanen dira euro batean. Gero zinema-aretoetako leihatiletan trukatu ahal izanen dira edozein saiotako edozein film ikusteko, beti ere JBGAn. Gaur egun GOLEM Baionak jatorrizko bertsioko estreinaldi bat eskaintzen du astelehenetik ostegunera 20:00etan, eta GOLEM Yamaguchik JBGAn ematen du estreinatzen den film bakoitzaren saio bat gutxienez. Zenbait kasutan aldi berean egoten dira ikusgai azpitituludun bertsioa eta bikoiztua. Eta enpresaren asmoa eskaintza hori zabaltzen joatea da.
 

Gonbidapenak eskuratu ahal izateko baldintzak dira 14 eta 30 urte bitarte izatea eta Iruñean erroldatua egotea eskaria egiten den unean. Aurrez aurre pertsonalki eskuratu beharko dira. Salbuespen gisa, beste batzuendako gonbidapenak eskuratu ahalko dira, betiere bidezko arrazoirik badago (gaixotasuna, lana, etab.), sarrera eskatzen duen gaztearen NANa aurkeztuta. Muga bat ezarri da zinema-sarreren hedapen zabala sustatzeko: lagun bakoitzak, gehienez ere, lau txartel hartu ahalko ditu.
 

Sarrerak eskuratzen dituztenei eskatuko zaie formulario labur bat betetzeko harremanetarako datuekin (izena, telefonoa eta helbide elektronikoa), Iruñeko Udalak programatzen dituen antzeko jardueren berri jaso ahal izan dezaten.
 

Bai, zinemara doaz, eta asko
 

Espainiako Zinema-enpresarien Entitateen Federazioaren (FECE) azken txostenak jasotzen zuen gutxi gorabehera herrialdeko 25 urtetik beherakoen % 70 gutxienez hilean behin joaten dela zinemara. Horrez gain, ikus-entzunezko produktuen kontsumoaren parametroetan, testu horren beraren arabera, gazteak dira, baita ere, streaming bidezko eskariaren araberako bideo plataformetan izen-emate tasa handiena duen sektorea (gazteen % 80k badu halako bat gutxienez). Plataforma horietan estreinaldiko serieak jatorrizko bertsioan entzuteko aukerak eta atzerriko hizkuntzak hobeki jakiteak izan daitezke filmak JBGAn ikustera joateko joeraren arrazoi.
 

Adibide gisa, 2016ko urtarrilean, Iruñeko bi neskek Facebook talde bat sortu zuten hirian, espresuki eskatuz estreinaldiko filmak jatorrizko bertsioan azpitituluekin ikusteari tarte bat egitea. Gaur egun talde horrek 1.772 kide ditu, eta erreferentzia bat da Iruñetik igarotzen diren ERASMUS ikasleentzat. JBGA hiri txikietan proiektatzeko dinamika duela 9 urte inguru hasi zen, zinema-aretoendako kopien kostua jaitsi zenean, proiektagailu digitalek 35 mm-ko proiektagailuak ordeztu zituztenean, alegia.
 

Udalaren eta GOLEMen ekimenak bat egiten du dinamika horrekin, jakinda gainera gazteak jada zinema-aretoetara joaten direla. FECEren txostenaren arabera, 25 urtetik beherako ikusleen % 71k serieak mugikorretan ikusten ditu, baina filmak ikusteko zinema-aretoak aukeratzen ditu oraindik ere, eta gazteen % 57k zinema-aretoetako leihatiletan erosten ditu sarrerak, eta ez Internet bidez.