200 metroko oinezkoendako eta ziklistendako sarbide berri batek lotzen ditu Iruñeko Sanduzelai auzoa eta hiltegi zaharreko parkea

200 metroko oinezkoendako eta ziklistendako sarbide berri batek lotzen ditu Iruñeko Sanduzelai auzoa eta hiltegi zaharreko parkea
Hiltegi zaharra eraistearekin eta oinezkoendako pasabidea eraikitzearekin batera, Iruña eta Orkoienen arteko lotura bultzatu da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

3 hilabeteko eta 160.703,51 euroko obren ondoren, amaitu dira Iruñeko Sanduzelai auzoaren eta Orkoiengo sarreran dagoen hiltegi zaharreko parkearen artean oinezkoendako eta bizikletendako sarbide berri bat eraikitzeko lanak. Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako eta Batzordeko kideek gaur bisitatu dute eremuaren urbanizazio berria, zeinak segurtasun handiagoa ematen baitie oinezko eta ziklistei. Izan ere, Iruña eta Orkoien lotzen dituen NA-700 errepidearen ondoko eremuak ez zuen haiendako egokitutako espaziorik. Orain amaitutako jarduketek inguru horretan egindako lanak osatzen dituzte: hiltegia eraistea, parke bat sortzea eta bi herriak lotzeko oinezkoendako eta ziklistendako ibilbideak diseinatzea; azken honen adierazlerik gorena PA-30 ingurubidearen gainetik doan oinezkoendako pasabidea da.

Lanak 2022ko abuztuan hasi ziren, eta ahalbidetu dute oinezkoek eta ziklistek partekatuko duten 200 metroko espaloi tarte bat eraikitzea. Espaloi berria trenaren azpiko pasabidean hasten da, Sanduzelaiko etorbidearen ondoan, eta NA-700 Lizarrako errepide zaharrean barna jarraitzen du. Tarte horretan, 2,90 metroko espaloia egin dute eskuineko aldean, Orkoienerako noranzkoan, ziklistek eta oinezkoek partekatuko dutena. Espaloi berri horrek aurretik bi herrietan zeudenak lotzen ditu. Hori bai, behin-behinekoa da, eremu hori guztia etorkizunean birmoldatuko baita, hirigintza garapenaren ondorioz. Horregatik orain amaitutako espaloiaren zabalera inguruko finkek baldintzatu dute. Etorkizuneko garapen hori dela eta, Udalak ez du espaloia eraikitzeko desjabetzerik egin, eta egungo plataformaren espazioa ahalik eta gehien aprobetxatuta egin du.

Hala ere, lortutako neurriak (2,9 metro) babesa eta segurtasuna ematen dio tarte horri, zeinetan orain arte oinezkoak eta bizikletak modu zaurgarrian ibiltzen baitziren, bazterbidea erabiliz, hainbat zatitan. Jarduketak barne hartzen du, halaber, jada egina dagoen urbanizazioaren eta orain eraikitako espaloiaren arteko lotura. Lotura hori egiteko aurretik zeuden baldosa eta asfaltoa modu berean jarri dira. Gainera, beste plataforma bat egin da kontrako espaloian dagoen autobus-geralekurako. Halaber, ibi bat egin da espaloi berrian, ‘Las Layas’ aisia-baratzetara sartu edo bertatik irteten diren ibilgailuen joan-etorria errazteko.

Hiltegia eraistea eta berrurbanizazioa
Iruñearen eta Orkoienen arteko loturak izugarrizko aldaketa izan du azken urteetan, batez ere, ‘La Protectora’ hiltegi zaharreko eraikinak eraistearen ondorioz. Nabeak 2017aren amaieran desagertu ziren. Orduan abiatu zen eremu hori guztia urbanizatzeko prozesua, eta espaloiak, aparkalekuak eta berdeguneak –oinezkoendako eta bizikletendako ibilbideekin– eratu dira bertan. 2021eko urtarrilean inauguratu zen Iruña eta Orkoien lotzen dituen oinezkoendako pasabide goratua PA-30 ingurubideko trafikoa saihesteko. Lanak Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuarekin eta Orkoiengo Udalarekin elkarlanean egin ziren, Udalaz gaindiko intereseko azpiegitura baita.

Orain amaitutako lana eremu horretako jarduketen amaiera da, ziklistei eta oinezkoei hiritik bertatik aisialdi-gune berri horretara segurtasunez igarotzeko aukera ematen baitie.

¿Te ha sido útil esta página?