Ematic zentroa Compañía kalean dago, urteko lehen hiruhilekoan 18 prestakuntza eskaintzen ditu eta 216 emakumek parte hartzen dute. Berdintasunerantz aurrera egiteko emakumeei zuzendutako IKT-gaitasunei buruzko doako ikastaroen artean, hiru, 60 urtetik gorako emakumeei zuzenduta daude, zortzi, emakumeei oro har, adin-bereizketarik egin gabe, eta zazpi tutoretza ere badaude, emakume guztiei irekiak. Leku guztiak beteta daude.
Prestakuntza horren bidez ekipamenduak, emakumeei laguntza eta prestakuntza eskainitzen zaizkie Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) eskuratu eta erabiltzeko eta, hala, teknologiaren erabileran eta sarbidean genero arrakala digitala murriztu. Izan ere, helburua da emakumeen parte-hartzea bultzatzea esparru sozial, politiko eta profesionalean, gizarteratze- eta laneratze-prozesuak babestea, eta ahalduntze pertsonala zein kolektiboa sustatzea.
Ematic Zentroak hiru hilean behin hogei ikastaro inguru eskaintzen ditu, batetik kalitatez nabigatzeko, eta bestetik, informatzeko, ikasteko, on line prestakuntzarako, elkarteak garatzeko eta emakumeen kolektiboen artean esperientziak trukatzeko bereziki sentikorrak diren edukiak aurkitzeko. Horrela, espazio publikoan duten ezagutza, presentzia, eragina eta protagonismoa sendotzen da.
Programazioak aukera ematen die adineko emakumeei eta emakume gazteei honako hauen erabilera normalizatzeko: sare sozialak, tresna teknologiko ohikoenak, merkataritza elektronikoa, banka elektronikoa, administrazio elektronikoa, osasun-hitzorduak internet bidez eskatzea eta historia kliniko pertsonalaren jarraipena egitea, besteak beste.
2025eko balantzea
Zentroa 1.666 orduz egon zen zabalik 2025ean eta instalazioak doan erabiltzen ahal dira ikastarorik ez dagoenean. 2025ean 2.267 emakumek erabili zuten zerbitzua eta 1.011 erabiltzailek zuzeneko laguntza jaso zuten. Interneten informazioa kontsultatzeko erabili ohi da baliabidea, interes pertsonal edo profesionalengatik, bai eta lan partikularrak egiteko programa informatikoak erabiltzeko ere, eta neurri txikiagoan, webguneen bitartez auto-prestakuntzako saioak egiteko.
Zerbitzuaren erabiltzaile asko 65 urtetik gorako emakumeak dira, eta ondoren, 45 eta 49 urte bitarteko emakumeak, eta 35 eta 39 urte bitartekoak. Emakume gehienak Alde Zaharrekoak eta Arrotxapekoak dira, eta ondoren Arrosadiako, Donibaneko eta Iturramako emakumeak.
Prestakuntza-ekintzei dagokienez, 2025ean lau egin ziren, hiruhileko bakoitzeko hiru eta udakoa: 699 prestakuntza-ordu eman ziren 68 ikastaro, lantegi eta tutoretzatan, eta 724 emakumek parte hartu zuten. Ikastaroen artean, 50 prestakuntza Iruñeko emakumeendako bakarrik izan ziren eta 18, 60 urtetik gorako emakumeendako. Ordutegiak eta eduki didaktikoak kolektibo bakoitzari egokitu zitzaizkion berdintasun- eta genero-irizpideei jarraikiz.
Prestakuntza-eskaintza bi programatan egituratu da: Enred@tic programak partikularrendako, profesionalendako eta elkarteendako oinarrizko mailako eta maila ertain eta aurreratuko sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak barne hartzen ditu; eta Adapt@tic programa behar espezifikoak dituzten emakumeak gaitzea du ardatz: emakume langabeak edo enplegua hobetu nahi dutenak, beste kulturetatik datozen emakumeak, lan-merkatura itzuli nahi duten emakumeak eta laneratzeko arazo bereziak dituztenak, besteak beste.
Izena emateko eskaerak eskainitako lekuak baino gehiago izan ohi dira, batez ere epea ireki eta lehenengo egunetan. Interes gehien piztu duten ikastaroak honako hauek dira: ‘Ikasi tableta erabiltzen’, ‘Ikasi Smartphonea erabiltzen’ eta ‘Ikasi zure argazkiak kudeatzen Google Fotos programarekin’, lehenengo hiruhilekoan; eta ‘Ikasi zertarako diren baliagarriak eta nola erabili ziurtagiri digitala eta sinadura elektronikoa’ eta ‘Segurtasun digitala’, bigarrenean.
Eragina hezkuntzan, gizartean eta lan-esparruan
Oinarrizko prestakuntza-ekintzak eta aurreratuak ikasketako eta ahalduntze pertsonal zein kolektiborako tresna gisa erabiltzeaz gain, hezkuntzan, Ematiken prestakuntza-laguntzarekin IKTen bidez gizartean eta lan-esparruan eragina duten proiektuak garatzeko ildo bat ere badago, zeinak sareko aktibismo feminista sustatzen baitu. Horren bidez parte hartzen duten emakumeen eta talde feministen ahalduntze kolektiboaren oinarri izanen diren ideiak ikasi, trukatu, komunikatu, ekoitzi, sortu eta zabaltzeko esperientziak biltzen dira.
Halaber, emakumeek eta neskek mundu digitalean eta teknologikoan duten erabilerari, produkzioari eta presentziari buruzko sentsibilizazio-ekintzak gauzatzen dituzte, bai eta emakume gazteek eta neskatoek proiektu bateratuetan parte hartzeari buruzko ekintzak ere, mundu teknologikoan sartu eta bertan duten presentzia hobetzeko, eta, gainera, esparru horretako prestakuntzan duten presentzia hobetzeko. Ekintza horiek nabigazio seguru eta arduratsua dute oinarri, eta sareetan gertatzen ahal diren jazarpen eta indarkeria egoeren prebentzioa azpimarratzen da.