Iruñeko Udalaren Gazteendako Literatur Lehiaketak 30 urte eginen ditu aurten. Hiru hamarkada hauetan hauxe izan da Iruñeko Udalaren jomuga lehiaketa honen bidez: 14 eta 18 urte bitarteko gazteei aukera ematea idatzizko sormenerako duten talentua neurtzeko eta bizitza osorako izan daitekeen zaletasunean esperimentatzeko. Aukera hori izan zuen Margarita Leozek, zeina edizio batean irabazle izan baitzen eta aurtengoan epaimahaikide. Bere hirugarren literatur lana argitaratu berri duelarik, Fernando Aranguren Gazteriako zinegotzi bereziarekin agertu da Leoz San Frantziskoko Liburutegi Publikoan lehiaketaren berri eman eta oinarri berriak aurkezteko.
Sariketa Udalaren ekimenez abiarazi zen 1990ean, irakurketaren, idazketaren eta sormenaren sustapenak administrazio publikoen babesa eta bultzada behar dutela iritzita. Urte hauetako ibilbidean 3.800 lan inguru irakurri eta epaitu behar izan dituzte epaimahaikideek. Lan horietako dozena batzuk desagertutako ‘Una vez en Pamplona/ Iruñean behin’ literatur aldizkarian argitaratu dira, Iruñeko gazteen kultur bizitzak bidelagun izan baitu aldizkaria.
Edizio honetan Udalak jauzi digitala egin nahi izan du; horrek obra eta egile gehiagori ‘lekua’ egiteko eta sortzaileen lanei hedapen zabalagoa emateko aukera areagotzen du; izan ere, aldizkariaren kasuan 300 ale argitaratzen ziren, baina web-orriak ez du horrelako mugarik. Horrela bada, 2019ko ediziotik aurrera saritutako lanak pdf formatuan aurki daitezke www.letrajoven.com (gaztelaniaz) eta www.letragaztea.com (euskaraz) webguneetan, berariaz diseinatu baitira ordenagailuz nahiz gailu mugikor bidez intuitiboki eskuratu ahal izateko. Horrez gain, lanak inprimatu eta jaisteko aukera izanen da, norbaitek erabili nahiko balitu, ikasgelan adibidez, eta eremu digitalak gazteek sortutako literaturaren biltegi modura funtzionatuko du. Horixe dute berritasun nagusi gaur aurkeztu diren oinarri berriek, non zehazten baita lanak aurkezteko epea, apirilaren 30ean amaituko dela. Orain arte bezala, poesia eta narrazio laburra dira deialdiko modalitateak, gaztelaniaz eta euskaraz.
Norberaren gaitasuna proban jartzeko
Margarita Leozek (Iruña, 1980) Seix Barral argitaletxearekin argitaratu berri du ‘Flores fuera de estación’ narrazio-liburua; bere hirugarren lana du ‘El Telar de Penélope’ (editorial Calambur, 2008) poema-bilduma eta ’Segunda residencia (Tropo Editores, 2011)’ narrazio-liburua argitaratu ondorengoa. Idazlea da; udal-sariketan nerabe zela parte hartzen hasi zenetik erakutsi zuen grina hori. Poesia modalitateko finalista izan zen 1997, 1998 eta 1999ko edizioetan; 1997an narrazioarekin proba egin zuen eta 1998an modalitate horretako lehen saria bereganatu zuen.
Gazteendako sariketa hau irabazi duen pertsona bat epaimahaian esertzen den lehen aldia da honako hau. Leoz literatur aditu gisa ariko da aurtengo epaimahaian; izan ere hizkuntzarako jaioa da: Frantses Filologian lizentziaduna Salamancako Unibertsitatean, Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitatean, egun Nafarroako Idazleen Elkarteko kide da. Gaur goizean, sariketa honek eta bere lana argitaratua ikusteak bere bizitzan zer nolako eragina izan duen azaldu du egileak.
Sariketara aurkezten diren gazte askok literatur ibilbide bati ekiteko abiapuntu gisa ikus dezakete lehiaketa, edo besterik gabe, horretan proba egiteko aukera modura, dena egiteke duen nerabeak izan ohi dituen aukera guztien arteko beste bat. Lehiaketa 14 eta 18 urte bitarteko gazteendako da, 2016. urtetik hona bi adin-tarte bereizten direlarik: 14tik 16ra bitartekoa eta 17tik 18ra bitartekoa. Lehenagoko urteetan adin guztietako gazteak batera lehiatzen ziren eta bi adin-tarteen arteko aldea oso nabaria zen.
Urte hauetan guztietan parte-hartze zifrak ezberdinak izan diren arren, 3.800 lan inguru aurkeztu dira guztira. Joan den urtean jatorrizko 133 lan aurkeztu ziren narrazio-laburrak eta poesia aintzat hartuta, 107 gaztelaniaz eta 26 euskaraz. Hogeita hamargarren edizio honetatik aurrera gaztelaniazko www.letrajoven.com eta euskarazko www.letragaztea.com webguneak sormen lanen biltegi bilakatuko dira, jendearen kontsultarako eta gozagarri.
Hedapena biderkatzea berritasun nagusia
Literatur lan bat sinatu, hedatu, ezagutarazi eta jendearen eskura jartzea egilearen esperientzia arrakastatsuaren parte bat da. Oinarri berriek horixe bermatzen diete saritutako lanei: hedapen jarraitua eta ia mugarik ez duen publikoa. 2019an saritutako lanetatik hasita, hemendik aurrera lehiaketak bere ikusmira zabaldu eta internautei keinu bat eginen die webgunetik.
Webgunea berria da, erraz ikusi eta intuizioz nabigatzeko modukoa, dela ordenagailuz zein gailu mugikor bidez, eta jatorrizko bertsioak eskuratzeko aukera ematen du. Pantailan irakurtzeaz gain testuak deskargatu eta inprimatzeko aukera ematen du. Modu honetan, saritutako lanen hedapena areagotu nahi da, bai eta Bigarren Hezkuntzarako material gisa erabil dadin. Dagoeneko eskuragarri daude joan den urteko (2019) lan saridunak, eta aurtengoak ere bertan gordeko dira, aurrekoak ezabatu gabe, horrela ‘egile hasiberrien’ lanak irakurtzeko gunea eratzen joan dadin. Lan guztiak maketatu eginen dira eta pdf formatuan jarriko dira erabiltzaileen eskura.
Jatorrizko lanak aurkezteko baldintzak
Gazteendako Literatur Lehiaketaren XXX. edizioak narrazio labur eta poesia modalitateetan aurkeztutako lanik onenak aintzatetsiko ditu, hala gaztelaniaz nola euskaraz. Lehiaketan parte hartu ahal izanen dute bizitokia edo ikastetxea orain Iruñean duten gazteek, 14 urte beteta eta 19 urte baino gutxiago badituzte lanak aurkezteko mugaegunean (apirilak 30). Bi kategoria ezarri dira adinaren arabera: lehenbizikoan sartzen dira 14tik 16 urte bitarteko gazteak, eta bigarrenean, 17tik 18 urtera bitartekoak.
Egile bakoitzak lan bakarra aurkezten ahalko du modalitate bakoitzean; idazlanek gai librea izanen dute, eta gaztelaniaz edo euskaraz idatziko dira. Jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Ezin izanen da lan bera bi hizkuntzetan aurkeztu. Poesia modalitatean, lanen luzerak 14 bertsokoa izan beharko du gutxienez, eta 40koa, gehienez ere. Narrazio laburrek, berriz, 2 orri izan beharko dituzte gutxienez, eta 5 gehienez, alde bakar batez idatziak eta lerro artean tarte bikoitza utzirik.
Lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenarekin bat, hiru sari egonen dira modalitate eta kategoria bakoitzeko hiru lanik onenendako. Lehen sariak 300 eurokoak izanen dira, bigarrenak 200 eurokoak eta hirugarrenak 150 eurokoak. Halaber, epaimahaikideek modalitate eta hizkuntza bakoitzeko bina accesit ematea proposatzen ahalko dute, bakoitza 100 eurokoa. Epaimahaian zinegotzi ordezkaria arituko da epaimahaiburu eta hauek izanen dira epaimahaikideak: Carmen Catalán eta Itziar Aragüés hizkuntza eta literaturako irakasleak,literatur aditu moduan Margarita Leoz, eta horiekin batera gazteriako teknikari bat. Epaimahaiko idazkari Ana Pardoy arituko da, Gaztediaren Etxeko arduraduna.
Lanak noiz eta nola aurkeztu
Lanak apirilaren 30era bitarte aurkezten ahalko dira Gaztediaren Etxean (Zangoza kalea, 30). Interesa duten gazteek gutun-azal itxi batean sartuko dituzte: lan bakoitzeko 5 kopia, izenorde batekin sinaturik eta kopia bakoitzean lehiakidearen adina adierazita. Gutun-azalaren kanpoaldean Iruñeko Gazteendako Literatur Lehiaketa. 2020 urtea. testua idatzi beharko dute, eta beste datu hauek: hizkuntza, modalitatea, lanaren izenburua, ikurritza edo izenordea eta adina.
Gutun-azal horren barnean beste gutun-azal bat sartuko dute, itxita; horren kanpo aldean egilearen izenordea idatziko da, eta barruan egilearen datu pertsonalak adieraziko dituzte: izena eta bi abizen, helbidea, telefonoa, eta ikastetxea. Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.
Lehiaketan parte hartzeak berekin ekarriko du sarrera libreko argitalpenak egiteko eskubideen lagapena onartzea, Creative Commons lizentziapean, saririk jasoz gero. Lizentzia horrek lana erabiltzeko aukera emanen du, betiere egiletza aitortzen bada, merkaturatzen ez bada eta lan horretatik bestelako lanik eratortzen ez bada.
Iruñeko Gazteendako XXX. Literatur Lehiaketa. 2020. URTEA
- Baldintzak: bizitokia edo ikastetxea orain Iruñean duen gaztea izatea, 14 urte beteta eta 19 urte baino gutxiago edukitzea lanak aurkezteko mugaegunean (2020ko apirilak 30).
- Modalitateak: narrazio laburra eta poesia, gaztelaniaz zein euskaraz. Kategoria bat egongo da 14, 15 eta 16 urteko gazteentzat, eta beste bat, 17 eta 18 urtekoentzat.
- Narrazio laburra: 2 orri gutxienez, eta 5 gehienez, lerro artean tarte bikoitza utzirik eta bakarrik alde batetik mekanografiatuta.
- Poesia: 14 bertso gutxienez, eta 40 gehienez.
- Lanak aurkezteko mugaeguna: 2020ko apirilaren 30a arte, Gaztediaren Etxean (Zangoza k. 30).
- Lanen ezaugarriak:
- Egileek lan bana aurkezten ahal dute modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute.
- Testu bera ezin izanen da bi hizkuntzetan aurkeztu.
- Sariak: hiru sari modalitate eta hizkuntza bakoitzeko; 300 euroko saria lehenengo sarietarako; 200 eurokoa bigarrenetarako; eta 150ekoa, hirugarren sarietarako. Epaimahaiak bi accesit eman ditzake modalitate eta kategoria bakoitzeko, bakoitza 100 eurokoa.