Guztira 18.445 pertsonak bisitatu dute, otsailetik maiatzera bitarte, Javier Ciga Echandiren (1877-1960) museo-bilduma iraunkorra Pompelo Civivoxean. Erakusketak 133 lan biltzen ditu modu iraunkorrean eta pintore iruindarraren ondare piktorikoan barnako ibilbide bat egiteko aukera ematen du, garaiko gizartea zintzoki islatze aldera.
Erakusgunean informazio-material berria (aretoko orria eta koadernoa) txertatu dute berriki: egileari eta lanen ezaugarri teknikoei buruzko informazio xehatua jasotzen da, bisitarien esperientzia hobetuz eta osatuz. Artelanen antolaketa mirarien kabinete handi gisa pentsatuta dago eta ikusizko mosaiko jarraitua sortzen du, zeinak bisitariak inguratu eta gogora ekartzen baititu XVI. mendetik XVIII. mendera bitarteko antzinako bitxikerien gelak (lehenengo museoen aurrekariak) zein XX. mende hasierako Iruñeko etxe-giroa eta giro burgesa. Gainera, aretoaren argiztapena hobetzeak giro hori sortzen lagundu du.
Lehendakaritza Batzordeak bisita gidatu batean parte hartu du gaur goizean, Pedro Fernández Oyaregui Ciga Fundazioko lehendakari eta bildumaren komisarioaren eskutik. Gainera, ibilbide horri esker, aukera izan dute gunearen egokitasuna egiaztatzeko eta dibulgaziozko agiri berriak ezagutzeko.
Besteak beste, Nafarroako Museoak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak parte hartu dute Ciga Bilduman, eta xede du arteaz gozatzeko gune bat sortzea, bai eta artistaren ondarea Iruñearen eta Nafarroaren zerbitzura jartzea ere, modu horretan familiaren eta Ciga Fundazioaren borondatea asebeteta. Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta margolariaren lana sustatu, ezagutarazi eta ikertzea du helburu.
Erakusketa, Pompelo Civivoxeko -1. solairuko areto batean dago eta Cigaren artelanetan barnako ibilbide zabala eskaintzen du. Erakusketak askotariko generoetako lanak biltzen ditu, hala nola erretratua, pintura etnografikoa, paisaia, natura hila, biluzia eta gai erlijiosoak, historikoak, alegorikoak eta sinbolikoak. Askotariko teknika piktorikoak ere daude ikusgai, hala nola olioa, marrazkia (arkatzez, ikatz-ziriz eta gouachez), akuarela eta sanferminetako kartela.
Erakusketak sarrera librea du eta astelehenetik larunbatera bisitatzen ahal da, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era bitarte.