1,8 milioi pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Iruñeko Udalak programatutako sanferminetako ekitaldietan, aurreko urtean baino % 27 gehiagok

1,8 milioi pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Iruñeko Udalak programatutako sanferminetako ekitaldietan, aurreko urtean baino % 27 gehiagok
Erregistratutako salaketak % 20 jaitsi dira, batez ere ebasketen jaitsieragatik, eta 211 pertsona atxilotu dituzte, % 10 gehiago
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi

Iruñeko Udalak antolatutako ekitaldiek 1.842.243 lagun bildu dituzte aurtengo sanferminetan, iaz baino % 27 gehiago, jaiak bi asteburu eduki ditu eta eguraldiak ia prezipitaziorik gabe errespetatu ditu, jardueren garapena oztopatu gabe. Jaietan erregistratutako salaketak % 20 murriztu dira, batez ere ebasketengatik jarritako salaketek behera egin dutelako, eta atxilotuen kopurua % 10 igo da: 2023an 191 izan ziren, eta aurten 211.

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Endika Alonso Irisarri Segurtasuneko eta Herritarren Bizikidetzako zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, jaien balantzea egiteko. Polizia kidegoetan sexu-erasoagatik jarritako 24 salaketek festak ilundu dituzte neurri batean, ustezko erasotzaileetako 23 atxilotu dituzten arren: azken gauean salatutako ukituen kasu bakarra gelditzen da argitu gabe, 6 kasu sexu-erasoak dira (bi salaketa daude) eta gainerakoak ukituak.

Jaien beste alderdi batzuei dagokienez, hondakinen bilketak % 0,65eko igoera txikia izan du, batez ere beira-bilketak gora egin duelako. Guztira, 1.157.780 kilo zabor bildu dituzte uztailaren 14an; 2023ko sanferminetan, berriz, 1.165.280 kilo. Eskualdeko hiri garraioak emaitza historikoak erdietsi ditu aurtengo jaietan, sanferminetan lehen aldiz erabiltzaileek bi milioi bidaia baino gehiago egin baitituzte.

@SanferminesPamplona bitartez Udaleko sare sozialetan, sanferminen eta jaietako une ikusgarrienen estaldura bereziak 3.642.604 kontuko irismena lortu du guztira. Kopuru hori % 274 hazi da aurreko urtearen aldean: 2023ko uztaileko lehen hamabostaldian Facebook eta Instagramen 1.330.735 kontuko irismena zuten, eta aurtengo epe berean 3.642.604koa. 

Sanferminetan parte hartze handiagoa
Su artifizialak eta Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren irteerak izan dira berriro ere jende gehien bildu duten ekitaldiak: 410.000 eta 205.000 lagun, hurrenez hurren. Milioi erdik baino gehiagok parte hartu dute haur eta familiendako jardueretan, aurreko urteko zifrak bikoiztuz. Esanguratsua da zezensuzkoetako parte-hartzea: hamar aldiz biderkatu da, eta 300.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte jai guztietan. Takonerako Birjolastura 60.000 pertsona hurbildu ziren; Askatasun plazako Hauek Festak Hauek! gunera 87.000; eta Media Lunako lubanarroetako Kirolari Sport Kidsera 21.868. Txotxongilo-ikuskizunek 5.540 lagun bildu dituzte arratsaldeko emanaldietan, 7.700 ibili ziren haurrendako trenetan Askatasunaren plazaren eta Merinaldeen artean, eta beste 32.500 animatu ziren Karlos III.eko kalejiretara, Hauek festak, hauek! gunea itxi ondoren. 

Uztailaren 6an, Txupinazoarekin, festen hasierak Udaletxe Plazan, inguruko kaleetan eta pantaila erraldoien aurrean 42.000 lagun inguru bildu zituen  Bart, 5.000 lagunek parte hartu zuten Gaixoa Ni ekitaldian. Ekitaldi erlijiosoetan, uztailaren 6ko Bezperak eta uztailaren 14ko San Ferminen Zortziurrena kasu,1.600 pertsona inguruk parte hartu zuten. Uztailaren 10eko haurren lore-eskaintzan 4.700 lagun izan ziren. Atzoko Mazedonia Kulturen Kalejiran kultur-aniztasuneko 42 taldetako 1.200 lagunek parte hartu zuten.

Jaietako programaren berrikuntzetako bat ‘Zentzumenen babeslekua’ izan zen: Kondestablen bereziki zarata eta pilaketekiko sentsibilitate handia duten haurrei bideratutako gunea. Txoko inklusiboa, Anfasekin (Desgaitasun Intelektuala edo Garapen-nahasmendua duten Pertsonen eta Horien Senideen aldeko Nafarroako elkartea) eta Traza Espacio Creativorekin elkarlanean sortu da, eta espazioarekin eta material sortzaileekin elkarreragiteko esperientzia irekia eskaintzen zuen. 2.257 lagun izan ziren bertan.

239.000 lagun inguru Gazteluko plazako eta Foruen plazako kontzertuetan
Gazteluko plazako kontzertuetan eta Foruen plazako DJ saioetan 136.000 eta 103.000 lagun bildu ziren, hurrenez hurren. Gazteluko Plazan, Zetak taldeak uztailaren 8an eta El Drogasek uztailaren 10ean egindako emanaldiek bildu zituzten ikusle gehien: 16.000. Izarok hilaren 6an, eta Dinamitak eta Chill Mafiak hilaren 7an, 10.000 eta 14.000 lagun bildu zituzten. Uztailaren 11n La Casa Azulek emandako kontzertura 12.000 lagun joan ziren. Gorka Urbizuk eta Melenasek, Belen Aguilerak eta Foyonek eta Las Ninyas del Corro taldeak 8.000 lagun bildu zituzten euren emanaldietan. Foruen plazan 6an, 7an, 8an eta 13an programatutako DJ saioetara 15.000 lagun inguru joan ziren. Gainerako egunetan 10.000 eta 13.000 lagun artean izan ziren. 

Compañia plazak, jazz, munduko musika eta bestelako estiloen gune gisa, 35.800 lagun bildu zituen jaietan. Nabarmentzekoa da uztailaren 6ko musika elektronikoko saioa, Los Lázcoz eta Pablo Cottonen eskutik, 6.000 lagun bertaratu baitziren. Arratsaldeko saioetan 1.000 pertsona inguru izan ziren batez beste, eta gauekoetan, 3.000 inguru. Gurutzeko plazako dantzaldietan 15.900 lagunek dantzatu zuten, eta Antoniuttikoetan, 70.000 inguruk. Puro Relajok uztailaren 9an egindako kontzertuan 12.000 lagun izan ziren publiko gisa, eta Gurutzeko plazan Azúcar Morenorenean, 3.500. 6.000 pertsona inguruk entzun zuten atzo, uztailak 14, Los Tenampas taldea Gazteluko Plazan festak amaitu baino ordu batzuk lehenago, egitarauan berritzailea den kontzertu batean. 

Jaietako txoko bakoitzak badu bere soinu-banda. Musikak sanferminak betetzen ditu, eta musika eta folklorerako beste gune eta agertoki batzuk ere baditu egitarauak. Sarasateko jota emanaldiek 4.600 lagun bildu zituzten, Azueloko Monasterioko jota-jaialdiak 300, Gazteluko Plazako txistu eta gaita dantzaldiek 10.000, uztailaren 6ko folklore jaialdiak 3.600 lagun eta musikak, kalean, hiriaren erdialdea zeharkatu zuten txaranga eta bandekin, 184.000 lagun. Beste ekitaldi batzuk ere egin ziren sanferminetako musika programazioaren barruan: Txistularien Alardea (1.000 lagun); Sarasateko arratsaldeetako bertsolariak eta dantza taldeak (1.250) eta Jauzi festa (1.500).

Salaketa kopuruak behera egin du 
Sanferminetan jende askok parte hartu arren jaiek bi asteburu hartzen baitzituzten, 1.651 salaketa jaso dituzte segurtasun kidego guztiek, eta 2023an 2.076 aurkeztu ziren; beraz, azken urteetako beheranzko joerari eutsi diote, % 20,47ko jaitsita. Aurreko urteen gisara, salaketen erdia baino gehiago, 1.041 (% 63), ebasketagatik dira, nahiz eta kopuru osoa 425 jaitsi den iazkoarekin alderatuta; 68 pertsona atxilotu dituzte delitu horrengatik, sanferminetan guztira atxilotutako 211 lagunak kontuan hartuz gero. Atxilotuen kopuruak % 10 egin du gora, iaz 191 lagun atxilotu baitzituzten.

Sexu erasoagatik jarritako salaketak hazi egin dira: iaz 18, aurten 24; ustezko 23 egile atxilotu dituzte. Autoritatearen aurkako atentatua, erresistentzia eta desobedientzia kopurua ia hirukoiztu egin da: 2023an 8 salaketa izan ziren, eta aurten, 22; 34 lagun atxilotu dituzte. 

Bide-segurtasunari dagokionez, Udaltzaingoak 5.985 alkohol eta droga proba egin ditu, horietatik 55ek positibo eman dute alkoholean eta 9k positibo eman dute drogan. Hiru kasu ikertu dituzte, bide segurtasunaren aurkako delituagatik. Gainera, 58 trafiko-istripu artatu dituzte, horien artean 5 harrapaketa; 9 zauritu arin eta zauritu larri bat gertatu dira.

Gainera, Udaltzaingoak 75 produktu konfiskatu ditu, batez ere janariak eta edariak, eta lanegunetan kasu gehiago izan dira.

Animaliak Hartzeko Zentroari dagokionez, hiru txakur jaso eta jabeei itzuli zaizkie, baita bost katu ere. Gainera, egiaztatu da feriako langileen eta zirkua jarri dutenen txakurrak osasun-egoera onean daudela, txertaketa eta identifikazioa dutela barne.

Eraso sexistarik gabe, Iruña aske
Guztira 15.695 lagun artatu dituzte Iruñeko Udalak sanferminetan Gazteluko plazan jartzen duen sexu-erasoen aurkako argibide-gunean. Horietatik 11.795 emakumeak ziren eta 3.860 gizonak, eta 40 ez-bitarrak.

Informazioa, aholkularitza eta bertan sortutako materiala eskaintzeaz gain, argibide-guneak 19 gertakari jaso ditu egunotan; iaz, 24 izan ziren. Horietako bostetan Lagun egiteko Zerbitzua aktibatu zen. Sanferminetan, Udalak eta Mugimendu Feministak bi mobilizazio deitu zituzten Gazteluko Plazan ‘Emakumeen aurkako indarkeriarik ez’ lelopean, uztailaren 7an eta 12an, 21:30ean, zezenketak amaitu ondoren.

Sanferminetako eraso sexisten aurrean herritarrek eta erakundeek erantzuteko protokoloaren lan-esparruan, Koordinazio Batzorde Teknikoa egunero bildu da, eta erasoei eta bestelako gertakariei buruzko datuak bildu ditu. Batzorde horretan Berdintasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Udaltzaingoko zuzendaritzek eta teknikariek parte hartu dute.

‘Eraso sexistarik Gabe, Iruña aske’ estrategiaren barruan, Udala hainbat erakunderekin lankidetzan aritu da: AENA, AEHN, ANAPEH, Tele Taxi San Fermín elkartea, Iruñeko merkatarien elkartea, CERMIN, Autobus-geltokia, Iruñerriko Mankomunitatea, Turismo Bulegoa, Nazioarteko Prentsa Bulegoa, RENFE eta TCC, besteak beste. Lankidetza horren bidez, kanpainako materialak banatu dira eraso-kasuetarako baliabideei buruzko informazioarekin, esaterako kartelak, gidak eta txartelak, ez bakarrik Gazteluko Plazako gunean, baita tren-geltokian, autobusetan eta aireportuan, eta taberna, hotel, denda edo taxietan ere.

Gazte eremua Foruen plazara itzuli da
35.200 gaztek baino gehiagok parte hartu dute sanferminetako Gazte eremuan antolatutako jardueretan, zeina bere ohiko lekura itzuli baita, Foruen plazara. Uztailaren 7tik 14ra bitarte, berrogeita hamar jarduera baino gehiago egin dira bertan, askotariko proposamenekin eta berrikuntza askorekin. Puzgarriek, lantegiek, erakustaldiek, apar-festak eta musikak osatu dute 12 eta 17 urte bitarteko gazteei bereziki zuzendutako gune horretako sanferminetako programazioa. 

Batez ere, lehen bi egunetako parte-hartzea nabarmendu du: 9.720 eta 8.465 lagun egon ziren uztailaren 7an eta 8an bertan: kopuru horiek hirukoiztu egiten dute ondorengo egunetan bertaratu zirenen kopurua. Gazte eremua, beste urte batez, gazteen artean hedapen eta sentsibilizazio berezia behar duten gaiei buruzko ‘Puntu seguru’ batekin osatu da, hala nola, sexu-osasunaren sustapena, sexualitate positiboa, LGTBI eskubideak, bullying-a, substantzia eta teknologiekiko menpekotasunak edo ijito-komunitatearen integrazioa sustatzearen inguruko gaiak. 

Beira gehiago eta zabor gutxiago bildu da
Aurten bi asteburu izan dira jai eta horrek ez du zaborrak sortzerakoan ia islarik izan. Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Zerbitzuak bildutako datuen arabera, beiraren bilketa % 2,42 igo da 2023ko datuekin alderatuta. Horrela, sanferminetako garbiketa lanak osatzera datozen astelehen honetako datuen zain, bide publikotik 538.100 kilo beira jaso dituzte,eta iaz 525.440.

Zabor bilketari dagokionez, kopurua % 1,06 murriztu da: 2023an 331.220 kilo jaso ziren eta aurten 327.700. ‘Ekorketan’, % 0,54 murriztu da bildutako zaborra: 301.120 kilotik 299.480 kilora igaro da aurten. 

Garbiketa-lanetan Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak modu koordinatuan lan egiten dute. Aurtengo jaietarako dispositiboak 306 pertsona eta 70 ibilgailu edo makina izan ditu garbiketa-lan horiek egiteko. Gainera, entzierroaren ibilbidea garbitzeko Udaltzaingoaren eta Foruzaingoaren laguntza izan dute.

Edalontzi berrerabilgarriari dagokionez, aurten hazi egin da gune laguntzaileen artean banatutako unitateen kopurua (tabernak, peñak, udal-emakidako guneak...). Guztira, 475.000 edalontzi banatu dira (2023an, 422.400), eta hilaren 12ra arte, 116.000 jaso ziren, aurreko urtean baino % 95 gehiago (orduan 59.600 edalontzi bildu ziren).

Gehiegizko zaratagatik, zigor gehiago
Udalak 93 jarduera ikuskatu ditu, eta 116 ikuskapen ekintza sortu ditu, jarduera batzuek jarraipen ikuskaritza behar dutelako. 93 jardueretan 216 akats antzeman dira, iaz baino % 72,8 gehiago, gehienak instalazioetan izandako akatsak (ur falta, konketa falta, hozkailu falta, zoru desegokiak, azalera desegokiak…), eta jarraian elikagaien higiene-prestakuntza falta, instalazioetako zikinkeria eta elikagaien manipulazio/elaborazioan izandako akatsak direla eta.

Jaietan establezimenduetako eta bide publikoko zaratak kontrolatzeko 2.576 ikuskapen egin dira. Jaietako bi asteburuetako egunetan 300 ikuskapen baino gehiago egin dira; ostiralean eta uztailaren hilak 12an 328 egin zituzten. 837 kasutan soinua altua edo oso altua zela atzeman zuten, % 29,36 gehiago, batez ere San Nikolas inguruan eta Estafeta kaleko goiko aldean.

Udaleko sare sozialetan jaien jarraipenean errekorra
2024an @SanferminesPamplona kontuaren bitartez sanferminen eta haien une iikusgarrien estaldura bereziak 3.642.604 kontuko irismena lortu du guztira. Kopuru hori % 274 hazi da aurreko urtearen aldean: 2023ko uztaileko lehen hamabostaldian Facebook eta Instagramen 1.330.735 kontuko irismena izan zen, eta aurtengo epe berean 3.642.604koa. 

Datu horri gehitu behar zaizkio beste udal kontu batzuek lortu dituzten eraginak, hala nola Kultura, Turismoa, Gazteria edo Iruñeko Udalaren gaien ingurukoak, sareen bidez ere transmititu egin baitituzte festetako unerik garrantzitsuenak. Irismen horren guztiaren ondorioz, gora egin du @SanferminesPamplona kontuaren erabiltzaile kopuruak: 15.000 baino gehiago gehitu dira. 

Iruñeko Udalak aurtengo sanferminetan sare sozialen estrategian festak ikuspuntu ezezagun eta berritzaileetatik partekatzearen aldeko apustua egin du, Instagram eta Facebook bidez, eta X sare soziala, berriz, gaurkotasuneko informaziorako erabili da. Guztira, @SanferminesPamplona kontuko profilek 600 argitalpen baino gehiago egin dituzte jaietan. Horien guztien artean, ekitaldi nagusiak nabarmentzen dira, hala nola, Txupinazoa, entzierroak, Gaixoa Ni, kontzertuak, eta agendako informazioa edo udal kanpainak. Instagramen bakarrik, reelek 9.000.000 erreprodukzio baino gehiago izan dituzte. Txupinazoak eztanda egin ostean, gaiteroak Udaletxe plazatik ateratzen diren unea da oraindik ikus-entzuleen une gogokoenetako bat. Aurtengo reelik biralenak, gaiteroen une horretan plaza ikuspuntu ezezagun batetik erakusten duenak, 3.300.000 erreprodukzio baino gehiago ditu Instagramen, eta beste bik 381.000 eta 117.000 bistaratze dituzte, hurrenez hurren.

¿Te ha sido útil esta página?