
Iruñeko Udalak, Diego de Haro Liburu-denden Elkartearekin elkarlanean, Liburuaren eta Lorearen Egunaren beste edizio bat ospatuko du datorren asteartean, apirilaren 23an, Karlos III.aren etorbidean, herritarrei haien materiala eskainiko dieten hogei bat liburu-denda eta argitaletxeren eskutik. Koldo Martínez Sustapen Ekonomikoko eta Europar Proiekzioko zinegotzi bereziak ekitaldi horren hamazazpigarren edizioa aurkeztu du prentsaurreko bidez, Pablo Abarzuza liburu-saltzaile eta Diego de Haro Liburu Denden Elkarteko kidearekin batera.
Goizeko hamarretan hasi eta gaueko bederatziak arte, etenik gabe, guztira 18 liburu-dendak –aurreko urtean baino bi gehiagok–, haien salgaiak kalera aterako dituzte hiriko kalerik jendetsuenetako batean, Karlos III.aren etorbidearen eta Orreaga etorbidearen arteko elkargunean, hain zuzen ere. Oraingoan, berritasun gisa, Nafarroako argitaletxeen sektoreko ordezkaritza bat batu da ekimenera. Horrela, liburu-denda bakoitzak jarriko dituen banakako 18 karpez gain, sei argitaletxeren artean partekatuko dituzten beste bi ere izanen dira.
Guztira hogei izanen dira salmenta-postuak, eta bezeroei eta bisitariei liburuen ekoizpen prozesu osoa ezagutzeko aukera emanen diete. Irakurzaletasuna bultzatzeko, egun horretan % 10eko deskontua eginen dute erosketa guztietan, bai kaleko karpetan, bai liburutegi fisikoetan.
Liburuak sinatzea
Horrez gain, Nafarroako Idazleen Elkarteak (ANE-NIE) hamabost bat idazle nafar eramanen ditu Liburuaren Egunera, eta nahi dutenei liburuak sinatuko dizkiete. Sinatzea ordu-tarteen arabera antolatu da. Hala, goizean, 12:00etatik 14:00etara, Mireya Maldonado eta Ester Ortiz izanen dira azokan. Arratsaldean, berriz, Diego Galindo (16:00etatik 17:00etara); Jon Aramendia, Mikel Chasco eta Nuria Viedma (17:00etatik 18:00etara); Marta Borruel, Luis Martínez Vallés eta Javier Prats (18:00etatik 19:00etara); eta Per Gaztelu, Idoia Saralegui eta Maite Sota (19:00etatik 20:00etara).
Liburuaren eta Lorearen Egunaren edizio honi Josemi Albizuk eta Jokin Azketak, emanen diote amaiera, 20:00etatik azoka itxi arte (21:00etan).
Liburu bat eta arrosa solidario bat
Arrosak ere protagonista izanen dira Liburuaren Egunean. Kataluniako Sant Jordiren arrastoari jarraituz egin ohi den loreen doako banaketak ekimen solidario bati bide eman zion iaz, eta edizio honetan berriro errepikatuko da. Hala, herritarrek gizarte-ekimenean lagundu ahal izanen dute euro baten prezio sinbolikoan arrosa bat eskuratuz. Horretarako, loreak banatzeko stand bat prestatuko da berariaz, eta COCEMFE – Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Elkarteen Nafarroako Federazioko boluntarioak arituko dira bertan. Entitate hori aukeratu du Diego de Haro Nafarroako Liburu-denden Elkarteak loreen salmentarekin sortzen diren irabazien hartzaile gisa.
Bildutako diru guztia liburuak erosteko erabiliko du Diego de Haro Liburu-denden Elkarteak, eta liburu-sorta hori COCEMFEri emanen zaio. Arrosa prezio sinbolikoan erosi ahal izateko azokan erositako liburu baten erosketa-tiketa aurkeztu beharko da.
COCEMFE Nafarroa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea eta autonomia hobetzeko lan egiten du. Federazio horrek 18 elkarte biltzen ditu, eta zerbitzu propioak jarri ditu martxan enpleguaren, prestakuntzaren, aisialdiaren, taxi-bonuen, berdintasunaren, bizimodu independentearen, irisgarritasunaren eta etxebizitzaren arloetan".
Hauek dira Liburuaren eta Lorearen Egunean parte hartuko duten COCEMFE Nafarroako elkarteak: FRIDA (Fibromialgiaren, Neke Kronikoaren Sindromearen eta Sentsibilitate Kimiko Anizkoitzaren Sindromearen Nafarroako Elkartea), ALCER Nafarroa (Giltzurruneko Gaixotasunen Aurkako Elkartea), ANPHEB (Arantza Bifidoaren eta Hidrozefaliaren Nafarroako Elkartea) eta FQ Nafarroa (Fibrosi Kistikoaren Aurkako Nafarroako Elkartea).
LIBURUAREN ETA LOREAREN EGUNA
Noiz: apirilak 23 (asteartea), 10:00 – 21:00, etenik gabe
Non: Karlos III.aren etorbidea eta Orreaga etorbidearen arteko elkargunean
Parte hartzen duten liburu-dendak
- Arcos
- Elkar Comedias
- Elkar Leire
- Muga
- Troa
- Abárzuza
- Ménades
- Walden
- Chundarata
- Karrikiri
- Arista
- Miriam
- Katakrak
- Iratxe
- Txalaparta
- Eroski
- Kokea
- Nerea
Parte hartuko duten argitaletxeak
- Txalaparta
- Pamiela
- Eunate
- Denonartean
- Igela
- Mintzoa
Liburuak sinatzea
- 12:00 – 14:00: Mireya Maldonado eta Ester Ortiz
- 16:00 – 17:00: Diego Galindo
- 17:00 – 18:00: Jon Aramendia, Mikel Chasco eta Nuria Viedma
- 18:00 – 19:00: Marta Borruel, Luis Martínez Vallés eta Javier Prats
- 19:00 – 20:00: Per Gaztelu, Idoia Saralegui eta Maite Sota
- 20:00 – 21:00: Josemi Albizu eta Jokin Azketa