1.528 argazki, 12 metro luze duen eskultura batean, Gazteluko plazan, sanferminetan iragandako une onak eta 2021ean #BizikoDitugu-la gogoratzeko

1.528 argazki, 12 metro luze duen eskultura batean, Gazteluko plazan, sanferminetan iragandako une onak eta 2021ean #BizikoDitugu-la gogoratzeko
Udal kanpainarako argazkiak bidali zituztenek erraz asko bila dezakete beren burua losviviremos.pamplona.es/eu webgunean
Irudia
Irudia

Hamabi metro luze den korporeo batek, non 1.528 argazki txertatu baitira, gogora dakartza, gaur goizetik Gazteluko plazan, sanferminetan bizitako une onak eta 2021ean berriz ere biziko ditugula (#BizikoDitugu). Eskultura 1,2 metroko altuera duten letra handiek osatzen dute, eta metro erdiko idulki baten gainean jarrita dago.

Iruñeko alkate Enrique Mayak parte hartu du korporeoaren aurkezpenean, eta gogora ekarri du ekimen hau ‘Gogoratu, aurten ez dago sanferminik’ kanpaina osatzen dutenetako bat dela. Izan ere, kanpainak herritarrak kontzientziatzea dauka xede, arduraz joka dezaten Covid-19aren agerraldi berririk ekidin eta bizitza asko salbatze aldera.

Kanpainak dio, baita ere, Sanferminak heldu den urtean iritsiko direla berriz ere, eta, bitartean, festen espirituari eusteko, online ekartzen ahal ditugula gogora: horretarako, gif-ak sortu dira mugikorren bidez igortzeko, zeinak, nahi izanez gero, pertsonalizatu baitaitezke, musikako erreprodukzio-zerrenda bat osatu da eta bederatzi desafioz osatutako erronka-sorta bat proposatu. Txikienentzat, online-jolas bat diseinatu dute, erraldoi pertsonalizatuak sortzeko, figura tradizionalak nahastuta. Hori dena losviviremos.pamplona.es/eu-n dago ikusgai. 

Bilatu online zeure burua argazkia igorritako dataren arabera eta ekidin jende-pilaketak

Ekainean zehar, Udalak aurtengo sanfermin birtualen protagonista izateko aukera berezia eskaini zien aurreko urteetako jaietako argazkiak bidali nahi zituzten guztiei. Aste honetan, jakitera eman da zein euskarritan paratu diren argazkiok eta ekimena zertan datzan. Behin betiko muntaketan, 1.538 argazki txertatu dituzte jasotako guztien artean.

Argazkiak iritsi ziren hurrenkeran jarri dira, ekimenean parte hartu zutenei beren buruak korporeoan bilatzeko lana errazteko. Jende-pilaketarik ez egoteko edo jendea eskulturara hurbildu ez dadin, losviviremos.pamplona.es webgunean ‘Bilatu zure burua #LosViviremos-en’ atala gaitu da. Esteka horretan sakatuta orri batera iristen da, eta bertan adierazten da zein letratan paratu diren egun bakoitzean bidalitako argazkiak; lupa bat ere badago, irudia handitu eta argazkiak tamaina handian ikusteko. 4 fitxa daude: lehenbizikoan, ekainaren 5etik 10era igorritako argazkiak ikus daitezke; bigarrenean, 11tik 14rakoak; hirugarrenean, 15etik 17rakoak, eta laugarrenean, 18tik 21erakoak.

'Gogoratu, aurten ez dago sanferminik'

Kontzientziazio-kanpaina honen bidez, Iruñeko Udalak arduraz jokatzeko eskatu nahi du eta azpimarratu zer garrantzitsua den arauak betetzea gaixotasunaren agerraldi berririk ez gertatzeko. 10.000 eskuorri editatu dira, hiriko etxeetako buzoietan banatzen ari direnak, eta 3.000 kartel, dendetan jartzen ari direnak. Eskuorriek zapi forma dute, alde batean kanpainaren lema daramate eta etxeetako leihoetan jar daitezke, irudi hori kanporantz dutelarik, aurten festa etxean geratzen dela helarazteko.

Eskuorriaren beste aldean, ahaztu behar ez diren gomendioak txertatu dira: ez joan jende-pilaketak dauden tokietara; gorde distantzia, eta, ezin bada, erabili maskara; eskuak sarri eta minutu batez garbitu, eta errespetatu establezimendu bakoitzean ezarritako edukiera. Gogorarazi egiten da, baita ere, ez direla talde-ospakizunetarako egunak, ezta adeitsuki elkar agurtzekoak ere, eta arduratsu jokatuta bizitza asko salba daitezkeela.

Halaber, hiru bideo editatu dira, eta haietan osasun-krisian zehar eginkizun garrantzitsua izan duten pertsonak ageri dira, hala nola osasun-langileak edo adinekoak, baita festen bereizgarri direnak ere: La Pamplonesako, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako, Dugunako eta txistulari zein gaitero taldeetako kideak. Bideoetan, ideia garrantzitsu hauek helarazten dira egun hauetarako: “nahikoa da egun bakar batez arduragabe jokatzea guztiok hiru hilabetean egindako ahalegina hondatzeko”, “zugatik ez bada, egizu zure guraso edo aitona-amonengatik, baina egizu” edo  sanfermin hauek direla agian garrantzitsuenak, “zure esku baitago gaur ez ospatzea, bihar ospatu ahal izateko”.

Proposamen dibertigarriak eta seguruak sanferminetako espiritua mantentzeko

Uztailaren 6tik 14ra bitarteko egunetarako, Iruñeko Udalak entretenimenduko proposamen batzuk egin ditu, sanferminetan ohikoak diren uneak, elementuak edo pertsonaiak abiapuntu harturik. losviviremos.pamplona.es/eu webgunean daude ikusgai. Esaterako, 38 gif daude, horietako batzuk pertsonalizatu daitezkeenak, Txupinazoaren jaurtiketan parte hartzeko, entzierroan korrika egiteko edo erraldoi edo kiliki batena egiteko. Tutoretza-bideo bat ere badago, laguntza behar izanez gero.
Erronka-sorta batek osatzen du beste proposamen bat. Ginkana moduko proba txikiak egitean datza, bat eguneko, uztailaren 6tik 14ra: esaterako, zapia balkoian jartzea, entzierroaren 875 metroak korrika egitea, urdaiazpikoa tomatearekin hamaiketakorako hartzea, zuriz jantzi eta pixka bat zikintzea, kandela bat piztea eta “Gaixoa ni” kantatzea. Eta horrela ‘Sanferminzale Petoa’ diploma eskuratu daiteke. Beste aukera batzuk ere eskaini dira, hala nola erraldoi pertsonalizatuak sortzea jatorrizkoen parteak elkartuz edo sanferminen doinuak gogoratzea Spotify sarean eskuragarri dagoen erreprodukzio-zerrenda batean.
 

¿Te ha sido útil esta página?