Gaur gauetik entzierrorako prest daude Udaletxe plazako, Mercaderes kaleko eta Estafetako bihurguneko galtzada-harriak. Gaur goizaldean, Pavitec enpresako langileek 1.500 litro produktu irristagaitz barreiatu dituzte eskuz, zezenek irrist egin ez dezaten eta entzierroetan egoera arriskutsuak gerta ez daitezen. Aipatu moduan, eskuz barreiatu dute produktua, eta horretarako, ureztagailuak eta erratz handiak erabili dituzte, zortzi orduz.
Juan Manuel Gil Larequi, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko zuzendariak eta Vicente García Nogueira Pavitec enpresako teknikari arduradunak gainbegiratu dute lanen hasiera: guztira, enpresako hamar langile aritu dira lanean. San Domingo aldaparen azken zatian (Udalera iritsi baino 10 metro lehenago), Udaletxe plazan, Mercaderes kalean eta Estafeta kaleko lehen 10 metroetan barreiatu dute produktu irristagaitza. Halaber, gaseko eskorten irteerako hormigoizko zoladura tratatu dute, entzierrilloaren hasieran zezenek irrist egin ez dezaten. Guztira, 1.875 metro karratutan bota dute produktua, 0,8 litro metro karratu bakoitzeko.
Likido irristagaitzak bi helburu ditu: ganadua ez erortzea eta zezen-taldea elkarrekin mantentzea; hala, lasterketaren abiadura areagotuko da, baita arriskua murriztu ere. Likido irristagaitzak erreakzio bat eragiten du, eta zoruaren atal silizeoan urtean zehar zikinkeriaren edo garbiketa-makinen leuntzearen ondorioz estalita dauden poroak zabaltzen ditu. Poro horiek ‘bentosa-efektua’ eragiten dute, animalien apatxak hobeto heltzea ahalbidetuz, eta hori bereziki eraginkorra da zorua bustita dagoenean. Iruñeko Udalak 2005ean proba pilotu bat egin zuen disoluzio kimiko irristagaitz batekin, eta urte horretatik aurrera, urtez urte erabili du likidoa. Pavitec enpresak 2006. urtetik egiten ditu produktu kimikoa barreiatzeko lanak. Beste leku hauetan ere egin ditu lanak: Portugalen, Txekian, Belgikan, Hungarian, Qatarren, Dominikar Errepublikan eta Mexikon.