15 eta 21 urte bitarteko hogeita hamar bat gaztek kultura garaikidea ezagutuko dute ikasturte honetan Taldeka bitartekaritza artistikoko programaren eskutik

15 eta 21 urte bitarteko hogeita hamar bat gaztek kultura garaikidea ezagutuko dute ikasturte honetan Taldeka bitartekaritza artistikoko programaren eskutik
Programak urritik ekainera bitarteko iraupena izanen du, eta jardueren artean, topaketak hiriko artistekin, erakusketak eta kultur ekitaldiak izanen dituzte
imagen taldeka

 

Iruñeko Udalak 2024-2025eko ikasturtean Taldeka bitartekaritza artistikoko programaren lehen edizioa bultzatuko du, lurraldeko egungo kultur ekosisteman gazteen parte-hartzea bultzatzeko helburua duen ekimena. Taldeka egitasmoa Iruñeko 15 eta 21 urte bitarteko gazteendako topaketarako eta kultur-esploraziorako gune gisa proposatzen da, gazteek inguruko kultura garaikidea modu kritiko eta sortzailean ezagutu dezaten. Ekimen honen bidez bilatzen dena da, kultura kontsumitzeaz gain zalantzan jartzea, eta beste ikuspegi batzuetatik eta modu kolektiboan berrinterpretatzea. Arte- eta kultura-kezkak dituzten gazteen arteko topaguneen eskasiari erantzuteko sortu da proposamena, elkarren arteko truke-harremanak sortzeko.

Gaur goizean, programa berri honen aurkezpena egin dute Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko alorreko zuzendari Iñigo Gómez Eguiluzek eta Oihane McGuinness proiektuaren koordinatzaile eta dinamizatzaileetako batek. Agerraldian azaldu dutenez, Taldeka urriaren 10etik ekainaren 15era bitartean gauzatuko da, eta hiru astetik behin eginen dira hitzorduak, ostegunetan. Horrez gain, aurkezpen horretan, bi talde "lekuko" hautatzeko sistema zein izanen den jakinarazi dute. Talde bakoitzean 10-15 pertsona izanen dira, adinaren arabera banatuta: talde batean 15-17 urtekoak, eta bestean 18-21 urtekoak.

Proiektuak hainbat jarduera barne hartzen ditu, hala tokiko artistekin topaketak egitea nola erakusketa eta kultur-ekitaldiak aztertzea. Programan elkarrizketa kolektiboko eta sorkuntza kolektiboko guneak sortuko dira, zeinetan parte hartzaileek kultur jarduerak proposatzen ahalko dituzten, ideiak partekatu eta proiektu artistikoetan laguntzearekin batera. Oihane Mcguinness eta Karmele Oterosek gidatuko dute programa, eta jarduerak koordinatu eta gazte-taldeen arteko trukea bideratuko dute.

Izen-ematea irailaren 29ra arte egonen da zabalik
Programan parte hartzea doan izanen da. Programan parte hartzeko eskaera gaurtik irailaren 29ra arte egin beharko da www.pamplonaescultura.es/eu webgunean gaitutako inprimakiaren bidez. Zalantzak argitzeko taldeka.programa@gmail.com helbide elektronikora idazten ahalko da. Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaritzak, programa koordinatuko duten bi lagunek eta Udaleko Kultur teknikari batek osatutako balorazio-batzorde batek baloratuko ditu eskaerak eta hautatuko ditu bi taldeak osatuko dituzten gazteak. Aukeraketa aldez aurretik ezarritako irizpide batzuetan oinarrituko da. 

Topaketak inguruko kultura nola hautematen eta ulertzen den hausnartzeko gonbidapena izanen dira, besteak beste "Ikusi, behatu ala begiratu egiten dugu?” eta Ulertzen dugu ala adi gaude? galderei erantzuteko. Prozesu horretan gugandik hurbilen dauden kultur- eta arte espazioetan kultura zein formatan agertzen den sakondu nahi da eta nola jartzen garen harremanetan kulturarekin. Programa 2024ko urriaren 10etik 2025eko ekainaren 20ra bitartean gauzatuko da, eta hainbat topaketa, lantegi, bisita eta bitartekaritza-jarduera antolatuko dira horretarako. Guztira, 13 saio aurreikusi dira, eta ostegun arratsaldeetan eginen dira, 17:30etik 20:30era. 

Kultura garaikidea “bere” egitea
Proiektu hau aukera bat da hiriko pertsona gazteenek kultura deskubritu eta esperimentatzeaz gain, kultura birdefinitu eta bere egin dezaten, eta lurraldeko kultur panorama garaikideari ekarpen aktiboa egiteko. Audientzia berriak sortzeko eta/edo erakartzeko tresna izateaz gain, Taldeka arte-bitartekaritzako programaren helburua da artean eta artearekin espazio komuna pentsatzeko moduak ezagutzera eman eta eraldatzea, eta, horretarako, esanahi berriak sortzea kolektiboki. Horrela, egiteko eta pentsatzeko moduak berresteko gogoeta argitaragabeak egitera bideratuko dira topaketak.

Udalak topaketarako eta sorkuntzarako espazio bat diseinatu nahi du, kultur aktibaziotik abiatuta, esperientziak partekatzeko eta adierazpen artistikoko hainbat modu aztertzeko, eta, horrela, kultur panoraman aktiboki parte hartzea bultzatzeko. Bertan, tresna eta egiteko modu garaikideak landuko dira, tokiko artistekin topaketak sustatuz (programa bakoitzeko gutxienez hiru); parte-hartzaileen artean lankidetza-praktikak sustatuko dira, esperimentaziorako esperientzia kolektiboak sustatuz, eta gazteak kultura-intereseko lekuetara joatea sustatuko da, hala nola erakusketa, ekitaldi eta beste jarduera batzuetara.

 

TALDEKA-KO “GIDARIAK”

  • Karmele Oteros: Sorkuntza eta Diseinuan graduatua Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultatean eta bitartekaritza artistikoan espezializatua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua Adierazpen Plastikoaren Didaktika arloan. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan ere ari da hezitzaile lanetan, Jorge Oteiza museoan.

  • Oihane McGuinness: Artean graduatua Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultatean eta Praktika Artistikoak eta Ikasketa Kulturalak masterduna Uharte Zentroan. Artista honek bere praktika pertsonala eta bitartekaritza artistikoa uztartzen ditu, eta irakasle eta ikertzaile dihardu Nafarroako Unibertsitate Publikoko Adierazpen Plastikoaren Didaktika arloan. 
¿Te ha sido útil esta página?