
Iruñeko Udalak luzatu egin du 15 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzendutako Taldeka bitartekaritza artistikoko programaren lehen edizioan izena emateko epea. Elkar ezagutzeko eta kultur esploraziorako gune honek gazteek lurraldeko kultur ekosistema garaikidean parte hartzea bultzatzen du, kultura garaikidearen ezagutza kritiko eta sortzailea sustatzeko xedez.
Urriaren 10etik ekainaren 15era arte hiru astez behingo ostegunetan eginen den doako programa honetan parte hartzeko www.pamplonaescultura.es/eu webgunean gaitutako inprimakia bete behar da. Epea urriaren 14ra arte luzatu da. Oihane Mcguinnessek eta Karmele Oterosek koordinatuko dute programa, eta gazte-taldeen arteko trukea bideratuko dute.
Programak bi talde planteatzen ditu, 10-15 lagunekoak, adinaren arabera banatuta: 15-17 urtekoak, eta 18-21 urtekoak. Talde horiek topaketetan, lantegietan, bisitetan eta bitartekaritza-jardueretan parte hartuko dute, elkarrizketa eta sorkuntza kolektiborako guneak sortzeko. Kultur aktibazioak ere proposatzen ahalko dituzte. Guztira 13 saio egiteko aurreikusitako ordutegia 17:30etik 20:30era izanen da, Ziudadelako Arma Aretoan.
Topaketak inguruko kultura nola hautematen eta ulertzen den hausnartzeko gonbidapena izanen dira, besteak beste "Ikusi, behatu ala begiratu egiten dugu?” eta "Ulertzen dugu ala adi gaude?" galderei erantzuteko. Aukera bat dira, hiriko pertsona gazteenek kultura deskubritu eta esperimentatzeaz gain, kultura birdefinitu eta bere egin dezaten, lurraldeko kultur panorama garaikideari ekarpen aktiboa egiteko.
Programari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu www.pamplonaescultura.es/eu web orria edo idatzi taldeka.programa@gmail.com helbide elektronikora.
TALDEKA 2024/2025
- Bitartekaritza artistikorako programa
- Izen-ematea: urriaren 14ra arte, webgunean www.pamplonaescultura.es/eu
- Informazio gehiago www.pamplonaescultura.es/eu webgunean eta taldeka.programa@gmail.com helbide elektronikoan
- Izen-ematea: urriaren 14ra arte, webgunean www.pamplonaescultura.es/eu