15 eta 16 urte bitarteko 960 ikaslek aukera izanen dute zinemako lau hamarkada aztertzeko, emakumeen kontrako biolentzia sinbolikoa zer den eta nola funtzionatzen duen hausnartuz, Iturramako Civivoxean

15 eta 16 urte bitarteko 960 ikaslek aukera izanen dute zinemako lau hamarkada aztertzeko, emakumeen kontrako biolentzia sinbolikoa zer den eta nola funtzionatzen duen hausnartuz, Iturramako Civivoxean
Azaroaren 25, 26, 27 eta 28an izanen dira hitzorduak, eta Emakumeen Kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Egunaren ospakizunen baitan programatu dira
igualdad


Iruñeko Udalak hiriko ikastetxe publikoei eta itunduei proposamena bidali die, DBHko 4. mailako ikasleei zuzendua, Berdintasunean hezi zinema bitartez izenburupean;  xede du neska eta mutilek ikuspegi kritikoa bereganatu dezaten zazpigarren arteak ia oharkabean helarazitako genero-estereotipoek eta rolek sortzen dituzten desberdintasunen gainean.

Azaroaren 25, 26, 27 eta 28an izanen dira saioak, Iturramako Civivoxean; izan ere, Emakumeen Kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Egunaren ospakizunen baitan programatu dira. Saioak gaztelaniaz edo euskaraz egiteko eskatzen ahalko da; hasiera 09:30ean izanen da, ikusiko diren zatien gakoak azaltzeko aurkezpena eginen da, eta ondoren ikus-entzunezko lanak proiektatuko dira. Edukien koordinatzailea María Castejón Leorza da, Historian doktorea, generoan aditua eta zinema-kritikaria.

 Aztertuko diren zintak 80ko hamarkadatik gaur egun artekoak dira; tartean hauek daude: Crepúsculo film-sail modernoa, Thelma & Louise film klasikoa, Spielberg-en trilogiaren eszenak, Indiana Jones eta Paco Leónen filmak –ama Carmina hizpide–. Landuko diren ardatzei dagokienez, emakume-pertsonaiek filmetan duten ikusezintasuna eta esleitzen zaizkien rolak –zaintza-lanetakoak eta objektu-emakumeenak edo emakume sexualizatuenak– izanen dira gai nagusiak. Era berean, ohitura horiekin apurtzen duten ereduak landuko ditugu, emakumeak biktima gisa aurkezteaz haratago joate aldera.

Hausnarketarako ardatz nagusia indarkeria sinbolikoaren kontzeptua izanen da, hots, munduaren ikuskera baten, genero-funtzioen eta -rolen inposaketa; izan ere, horrelakoek zaintzaile zein ama sakrifikatu izatera eta lanaldi bikoitza edo hirukoitza egitera bultzatzen dituzte emakumeak, eta gizonak, ordea, eremu publikoko menperatzaile izatera, ahultasunik erakusteko aukerarik gabe eta etxera baliabideak eramateko betebeharraz. Jardueraren oinarria zinemak erreferenteak zein imajinarioak sortzeko duen gaitasuna da, batez ere gazteengan; eta erreferente horiek desberdintasuna areagotzen ahal dute, ala gizarte orekatuago eta zuzenago baten alde lan egin.

Saioaren inguruko gaiak aldez aurretik lantzen ahalko dira ikasgelan, Iruñeko Udalak irakasleei aurrez helaraziko dien didaktika-materialaren bidez. Jarduera honi buruzko argibide guztiak eskuratzeko eta aldez aurretik izen-emateko Iturramako Civivoxera, civivoxiturrama@sedena.es helbidera edo 948 366 655 telefonora jo behar da.