140 metroko omenaldia 47 emakumeri. ‘Aitzindarien bidea’ horma-irudiaren proiektuaren helburua da, Lezkairuko parkea goiko aldetik zeharkatzen duen horma batean kokatutako artelan bat. Izan ere, espazio hura, hasieratik emakumeak izendatzeko sortu zen . Udalak 140 x 1,50 metroko friso bat diseinatzeko eta egiteko eskatu dio«Variopintas» artista-kolektiboari, hormigoizko horma baten gainean. Hormaren azalera aurrez tratatu da eta kanpoalderako pintura plastikoaz estalita dago. Baina herritarrek ere parte hartzen ahalko dute eremu publikoko esku-hartze aldarrikatzaile eta artistiko horretan. Iruñeko Udalak adin guztietarako zortzi lantegi programatu ditu azaroko eta abenduko larunbatetan, baina herritarrek eta auzoko elkarteek lehentasuna izanen dute.
Gaur goizean Herritarren Aferen Batzordeak lehen eskutik ezagutu du zein den obra kolektibo honen azken emaitzaren aurreikuspena; izan ere, askotariko koloreak eta teknikak erabiliko dira horma historian zehar kultura, arte, hezkuntza edo zientzia arloetan aitzindari izan diren emakumeei egindako omenaldi bihurtzeko. Esku-hartze hori Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioari esker gauzatu da.
Lantegiak doakoak dira, adin guztietako lagunendako dira eta larunbatetan garatuko dira: azaroaren 20an eta 27an, eta abenduaren 4an, 11n, 18an, 23an, 28an eta 30ean, 11:00etatik 12:30era. Hiriaren konfigurazio estetikoan zein kontzeptualean parte hartzeaz gain, parte-hartzaileek jardueran zehar ordezkatutako emakumeen garaiari eta historiari buruzko informazioa jasoko dute. Gaurtik eman daiteke izena teaenlaazotea@gmail.com helbide elektronikoan edo 665 30 15 54 telefonoaren bidez. Larunbatero, topalekua Lezkairuko hiri-igogailuaren ondoan dagoen biribilgunean izanen da.
Lantegiak horma-irudiaz arduratu den kolektiboko kideek tutorizatuko dituzte. Talde horretako kideak Gabriela Barrio (Tea en la azotea), Mila García, (Similarte), Rebecca Gil, Itziar Goñi, Idoia Iribertegui, Leire Olkotz, Concha Pasamar eta Berta Suescun dira. Ehungintza edo paperen ebakinak, ilustrazioa, poesia, pintura, eskultura edo diseinua dira, besteak beste, haien sormen-alderdia banaka garatzen duten esparruetako batzuk.
Garai eta jatorri guztietako emakumeak
Hautatzeko irizpidea zabala izan da jarduerari, jatorriari eta kronologiari dagokienez, baina aukeratutako 47 emakumeak aitzindariak dira nolabait, beren garaian eta inguruan bide berriak egin zituztelako: guztiek ireki diete bidea, hainbat modutan, beren garaikideei eta hurrengo belaunaldiei. Hautaketa emakume garrantzitsuetan oinarritu da, baina gehienak ez dira oso ezagunak izan.
IV. mendetik gaur egunera arte, horma-irudirako aukeratutako emakumeak bost kontinenteetako hainbat herrialdetatik datoz: Frantzia, Italia, Espainia, AEB, India, Peru, Ingalaterra, Alemania, Honduras, Nigeria, Kenia, Japonia, Australia, Errusia, Costa Rica, Mexiko, Egipto, Somalia eta Argentina.
Beste horrenbeste esan beharra dago haien esperientzia-eremuez. Diseinatzaileak, tatuatzaileak, eskubide zibil edo ingurumenekoen aldeko aktibistak, artistak, pintoreak, musikariak, hainbat herrialde eta garaitako gizarteetako erreformatzaileak, zientzialariak, filosofoak, irakasleak, kazetariak, naturalistak, argazkilariak, zinema-zuzendariak, astronautak, medikuak... Haien eremu profesionalean punta-puntakoak diren emakumeak dira, gaitasun ugari dituztenak eta haien ibilbideak nabarmentzeko modukoak izan zirenak, aldez aurretik aintzatespen orokorra izan ala ez. Horien artean Nafarroako zortzi emakume daude.
‘Aitzindarien bideko’ emakumeak
- Josephine Baker
- Maud Wagner
- Sofonisba Anguissola
- Rosetta Tharpe
- Camino Oscoz
- Savitri Phule
- Ruth Buendía
- Wallada bint al-Mustakfi
- Christine de Pizan
- Rosalind Franklin
- Josefina Castellví Piulachs
- Marianne Brant
- Berta Cáceres
- Malala Yousafzai
- Ane Goodall
- Funmilayo Ransome-Kuti
- Gerda Taro
- Maruja Mallo
- Teresa Catalán
- Wangari Maathai
- Harriet Tubman
- Carmen Baroja
- Eularia Abaitua
- Benita Asas
- Maddalen Jauregiberry
- Margaret Elizabeth Fountaine
- Remigia Echarren Aranguren
- Vanessa Bell
- Alice Guy
- Tazuko Sanake
- Vida Jane Mary Goldstein
- María Blasco
- Valentina Tereskhova
- Chavela Vargas
- Martija de Jaúregui
- Hipatia de Alejandría
- Lotte Reiniger
- Francisca Bartolozzi (Pitti Bartolozzi)
- María del Villar Berruezo
- Murasaki Shikibu
- Leyla Hussein
- Maddalena Casulana
- Azucena Villaflor
- Anne Sullivan
- Helen Keller
- Carmen Amaya
- Sylvia Alice Earle