14 adituk osatutako batzorde bat arduratuko da Erorien Monumentuan eginen duten memoria demokratikoko eta faxismoaren aurkako zentroaren edukia proposatzeaz, eta biktimarioaren inguruko kontakizuna izanen da lehentasuna

14 adituk osatutako batzorde bat arduratuko da Erorien Monumentuan eginen duten memoria demokratikoko eta faxismoaren aurkako zentroaren edukia proposatzeaz, eta biktimarioaren inguruko kontakizuna izanen da lehentasuna
Eraikinak babes-maila jakin bat ezarria du Iruñeko Udal Planean, eta Tokiko Gobernu Batzarrak babes-maila hori aldatzea onetsiko du eraikina eraldatzeko arkitektura-lehiaketa abiatu baino lehen

14 adituk osatutako batzordea arduratuko da Erorien Monumentuaren eraikinean eginen den memoria demokratikoko eta faxismoaren aurkako interpretazio-zentroaren edukiak proposatzeaz. Biktimarioaren eta Guda Zibilaren eta Frankismoaren garaiko errepresioaren eta erailketen inguruko informazioa eskainiko da zentroan. Hala, memoriarekin lotutako zentro paregabea sortuko dute, etorkizuneko Nafarroako Memoriaren Institutuaren osagarri gisa. Zentroa eraiki aurretik, Gobernu Batzarrak Erorien Monumentuaren babes-maila aldatuko du, eta astelehenean jarriko du abian neurri hori. Neurria Kulturako Zuzendaritza Nagusiko – Vianako Printzea Erakundeari jakinaraziko zaio, eta erakunde horren txosten nahitaezko eta loteslearekin osatuko da prozesua.

Memoria historikoaren interpretazio-zentroak faxismoa salatzea du helburu, eta horretarako, prestigio handiko 14 aditu arituko dira aholkularitza-lanetan. Besteak beste, José Miguel Gastón Aguasek osatuko du adituen batzordea: Historian doktorea da, Historia Ekonomiko eta Sozialeko Institutuko presidentea izan zen, eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren zuzendaria da gaur egun; gainera, argitalpen ugari (egin)? ditu. Beste kide bat César Layana Ilundain izanen da, Historian doktorea, ikertzailea, irakaslea eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren Dokumentazio alorreko burua.

Beste aditu hauek ere batzordearen parte izanen dira: Fernando Mendiola Gonzalo Historian doktorea, irakaslea eta NUPeko Memoria Historikoaren Funts Dokumentalaren zuzendaria; Emilio Majuelo Gil Historian doktorea, irakaslea eta zazpi liburu eta dozenaka artikuluren egilea; Asun Larreta Ayesa irakaslea eta gizrta ekintzailea, eraildako maisu baten biloba eta faxismoaren aurkako erresistentziaren militanteen ondorengoa; Matilde Eiroa San Francisco irakaslea eta Frankismo garaian espezializatutako ikertzailea: bereziki garai horretako errepresioa, emakumeen historia, nazioarteko harremanak eta komunikabideak jorratu ditu; Fernanda García Iribarren aktorea, arteetan lizentziaduna, komunikazio politikoan aditua eta Txileko Memoria eta Giza Eskubideen Museoko zuzendari exekutiboa eta Nora Hochbaum Arte Ederren irakaslea eta Buenos Aireseko Memoriaren Parkeko eta Estatu mailako Terrorismoaren Biktimen Monumentuko zuzendari nagusia. 

Halaber, Iratxe Momoitio Astorkia arituko da haiekin batera: Gernikako Bakearen Museoko zuzendaria eta Filosofia eta Letretan lizentziaduna da eta graduondokoa du museologian eta museografian, kultur kudeaketan eta memoriarekin lotutako politika publikoetan; Nuria Ricart Ulldemolins doktore eta irakasleak ere parte hartuko du batzordean: Arte público y memoria: monumentalidad, arte público, espacio público y memoria (Arte publikoa eta memoria: monumentaltasuna, arte publikoa, espazio publikoa eta memoria) argitalpenaren egile eta ikertzaile nagusia izan zen, eta Arte Publikoko, Memoriako eta Ondareko Ikerketa-taldearen zuzendaria da.

Beste bi aditu hauek ere batzordearen parte izanen dira: batetik, Miguel Ángel del Arco Blanco dugu, gerra zibilean, gerraostean eta faxismoan aditua eta argitalpen ugariren egilea; bestetik, Lourenzo Fernández Prieto katedraduna eta Galiziako errepresio frankistari buruzko Nomes e Voces unibertsitate-proiektuaren zuzendaria. Azkenik, beste bi kide hauek arituko dira aditu-lanetan: Jordi Guixé Coromines historialari eta irakaslea eta Memorien Behatoki Europarreko zuzendaria eta Cristian Dürr filosofo eta historialaria: Austriako Mauthausen memorialean lan egiten du, errepresioarekin lotutako memorialei eta XX. mendeko diktadurei buruzko hainbat argitalpen idatzi ditu, eta garai bateko Gusen kontzentrazio-esparruko memoriala berritzeko lantaldearen parte da.

Adituak aurretiko lanekin hasi dira dagoeneko, baina datorren astetik aurrera izanen dituzte zeregin esanguratsuenak. Udalaren bide-orriaren arabera, adituen batzordeak irailaren erdialdean aurkezten ahalko du edukien proposamena. Dokumentu hori arkitekturako nazioarteko lehiaketaren oinarrietan txertatuko dute, eta lehiaketa horren bidez, Erorien Monumentuko memoria demokratikoaren eta faxismoaren aurkako zentroaren behin betiko proiektua onduko dute. Aurreikuspenen arabera, lehiaketa aurtengo urrian eta azaroan jarriko dute martxan.

Udal Planaren babes-maila
Iruñeko Udalaren Gobernu Batzarrak Udal Planaren babes-maila aldatuko du; horretarako, Erorien Monumentuko osagai batzuk aldatuko ditu, eta hori izanen da memoria historikoaren zentroa sortzeko lehenengo urratsa. Erdiko gunearen, arkuteriaren eta sotoaren babes-maila aldatuko dute, 2025eko otsailaren 6ko Osoko Bilkuran martxoaren 20ko 3/2025 Foru Legearekin bat adostutako akordioa gauzatzeko.

Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak Erorien Monumentua eraldatzeko prozesua bultzatzea onetsi zuen, eraikin hori memoria demokratikoaren eta faxismoaren aurkako interpretazio-zentro bihurtzeko. Akordioak Erorien Monumentua eraldatzeko eta Maravillas Lamberto Interpretazio-zentroa sortzeko akordio politikoaren oinarriak jasotzen zituen, baita edukia zehaztu eta proiektuen lehiaketa martxan jartzeko adituen batzarra sortzea ere.

Monumentua eraldatu ahal izateko, Iruñeko Udal Planaren katalogoak ezarritako babes-maila aldatu beharra dago. Eraikinak ez du aparteko balio arkitektonikorik, baina babestuta egon behar du garrantzi historiko, enblematiko eta urbanistiko handia duelako. Hiri-mugarria da, eta Karlos III.aren etorbideari ematen dio amaiera; gainera, hegoaldean muga bat sortzen du hiriko hazkunde naturalarekin.

Babes-maila aldatzeari esker, esku hartzeko aukera handiagoa dago; hortaz, erdiko guneko babes-maila murriztea proposatzen da, 3. mailatik bigarrenera. Erdiko gunean eraikinaren oin nagusia dago, sarbidearen parean; sotoan, aldiz, kripta dago, eta arkuteriaren pean dauden Kristo Erregearen parrokiara eta parrokia-etxera sartzeko galerietarako sarbideak. Halaber, babes-mailaren xehetasunen erregimena egokitu nahi dute; hala, monumentuaren sotoko babesa bertan behera utziko dute, baita kriptakoa, galerietakoa, sartzeko eskaileretakoa eta alboetako arkuteriakoa, bai lur gainean eta bai lurzoruan.

Horrenbestez, eraikineko gune esanguratsuenen babes-maila egokituko dute, bat etorrita Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak hartutako erabakiarekin eta martxoaren 20ko 3/2025 Foru Legearekin. Foru lege horrek azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea aldatzen du, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa.

 

¿Te ha sido útil esta página?