1.290 lagunek parte hartu ahal izanen dute Batasunaren Pribilegioaren ospakizunen baitan Udaletxera eginen diren bisita gidatuetan. Abuztuaren 26an, asteazkenarekin, irekiko da izena emateko epea

1.290 lagunek parte hartu ahal izanen dute Batasunaren Pribilegioaren ospakizunen baitan Udaletxera eginen diren bisita gidatuetan. Abuztuaren 26an, asteazkenarekin, irekiko da izena emateko epea
Udalak doako 43 bisita eskainiko ditu eta izena emateko hurrenkeran beteko dira, www.pamplona.es/eu webgunearen edo 010 / 948420100 telefonoaren bidez

Bihar, abuztuak 26, asteartea, 08:00etan, irekiko da epea Udaletxera eginen diren 43 bisita gidatuetan izena emateko. Urtero agortzen dira lekuak ibilbideetan, eta herritarrei udaletxean –Udalaren boterearen egoitza– dagoen ondare historiko eta artistikoa ezagutzeko aukera ematen diete. Parte hartu nahi dutenek www.pamplona.es/eu udalaren webgunean eman behar dute izena, edo 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan (mugikorretik edo Iruñetik kanpoko tokiren batetik deituz gero, 948 420 100 doako zenbakia erabili behar da). 1.290 lekuak izen emateen hurrenkeran beteko dira.

Bisitak Batasunaren Pribilegioaren irailaren 8ko ospakizunaren karietara antolatu dira. Agiri hori hiri modernoaren sorrera-gutuna da, Karlos III.a Nobleak 1423an hiriari eman ziona. 2025eko irailaren 8an, hain zuzen, 600 urte beteko dira Karlos III.a Noblea hil zela. Aurten, gainera, bisitak bat datoz Pompelo hiri erromatarra sortu zeneko 2.100 urteurrenaren ospakizunarekin.

Guztira, 43 bisita egitea aurreikusi da, irailaren 1etik 10era bitarte, eta gaztelaniaz (29) zein euskaraz (14) eginen dira, hainbat ordutan. 1etik 5era bitarte bost bisita eginen dira egunero, asteburuan (irailak 6 eta 7) sei bisita eguneko. 8an ez da bisita gidaturik eginen, eta astearte eta asteazkenean hiru bisita eginen dira egun bakoitzean. Bisitak 30 laguneko taldetan eginen dira gehienez ere, eta 45 minutuko iraupena izanen dute. 6 urtetik beherakoak izena eman gabe sartzen ahalko dira, helduez lagunduta. Bisitetarako topalekua udaletxearen ate nagusia izanen da, bisita hasteko adierazitako ordua baino 5 minutu lehenago.

Bisitak Eneko Aritza kolektiboko langile espezializatuek gidatuko dituzte, hala ere, ibilbideetako batzuk Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak komentatuko ditu. 2.100 urteko elkarbizitza leloari helduta, Iruñeko Udalak martxoaz geroztik 2025ean ospatzen ari diren urteurren horien balioa azpimarratzeko lanean ari da, eta haien esanahia ideia bakar batean bildu nahi du: askotariko sentimen, sinesmen eta hizkuntzen arteko elkarbizitza etengabearen isla da hiriaren historia.

Historia eta artea batera
Urtero bezala egun hauetan, Iruñeko Udalak hainbat bisita gidatu antolatu ditu udaletxera, herritarrek eraikinaren barrualdea xehetasun handiagoz ezagut dezaten. Bisitari hasiera emateko tokia fatxada nagusiko atea izanen da: José Zay y Lorda-ren rokoko estiloko 1755eko elementu multzoa da. Gerora, Juan Lorenzo Catalánek goiko tartea aldatu zuen José Jiménezen urte horietako eskulturekin. 

Taldeak 1951ko eraikinean sartuko dira hainbat gelatan barna ibiltzeko: ezkaratzea, oin nagusira sartzeko eskailerak, Harrera-aretoa eta “kapera ezkutua”, Osoko Bilkuren aretoa –bertan hiriarendako garrantzitsuenak diren erabakiak hartzen dira– eta uztailaren 6ko eguerdian txupinazoa jaurtitzen den balkoia, besteak beste.

Ibilbidean barna honako gai hauei buruzko informazioa emanen da: eraikuntzari buruzkoa, espazioetan duen ondareari buruzkoa (koadroak, zirriborroak, eskulturak, beirateak, altzariak, giltzak, heraldika-oihalak eta abar) eta, azken finean, XVIII. mendetik eraikin horretatik zuzentzen den eta hura buru duen hiriaren historiari buruzko informazioa.

Iruña modernoaren sorrera-gutuna
Aurreikuspenen arabera, eraikinean Udal Artxiboko dokumentu- eta bibliografia-funtseko agiri historiko batzuk eskuragarri egonen dira, nahiz eta “Nafarroako Erresumako Hiriburua den Iruña Hiri Txit Prestu eta Leialeko Batasunaren Pribilegioa” izanen den guztietan garrantzitsuena. Agiri hori Karlos III.a Nobleak eman zuen 1423ko irailaren 8an eta mugarri garrantzitsua izan zen Iruñearen osaketan eta garapenean, hiri modernoaren sorrera izan baitzen.

XII. mendetik aurrera, Nafarroako hainbat monarkiak sustatuta egin ziren birpopulatzeen ondoren, hiru eremu eratzen joan ziren Navarrería hiriko jatorrizko burguaren inguruan –baskoiek eta erromatarrek okupatutako eremuan zegoen burgu hori–: San Zernin burgua (jatorri frankoa zuena) eta San Nicolas (nafarren eta frankoen nahasketa). Bakoitzak bere antolaketa eta harresi propioak zituen. Batasunaren Pribilegioaren aldarrikapenak burguen arteko liskarrak eta banaketa-fisikoa amaitzea eragin zuen. Agiri horretan, besteak beste, honako hauek xedatu ziren: Udalaren osaera edo errejidore kopurua (10 zinegotzi), kokalekua, alkatearen hautaketa, bilkurak egiteko modua, hiriko armarria eta bandera.

BISITA GIDATUEN EGUNAK ETA ORDUAK
Irailak 1, astelehena
•    12:00etan (gaztelaniaz)
•    13:00etan (euskaraz) 
•    17:00etan (gaztelaniaz)
•    18:00etan (euskaraz)
•    19:00etan (gaztelaniaz)

Irailak 2, asteartea
•    11:00etan (gaztelaniaz)
•    12:00etan (euskaraz)
•    13:00etan (gaztelaniaz)
•    18:00etan (euskaraz)
•    19:00etan (gaztelaniaz)

Irailak 3, asteazkena
•    12:00etan (gaztelaniaz) 
•    13:00etan (euskaraz) 
•    17:00etan (gaztelaniaz)
•    18:00etan (euskaraz)
•    19:00etan (gaztelaniaz)

Irailak 4, osteguna
•    12:00etan (gaztelaniaz) 
•    13:00etan (euskaraz) 
•    17:00etan (gaztelaniaz)
•    18:00etan (euskaraz)
•    19:00etan (gaztelaniaz)

Irailak 5, ostirala
•    11:00etan (gaztelaniaz)
•    12:00etan (gaztelaniaz) 
•    13:00etan (gaztelaniaz) 
•    17:00etan (gaztelaniaz)
•    19:00etan (gaztelaniaz)

Irailak 6, larunbata
•    11:00etan (gaztelaniaz)
•    12:00etan (euskaraz)
•    13:00etan (gaztelaniaz)
•    17:00etan (gaztelaniaz)
•    18:00etan (euskaraz)
•    19:00etan (gaztelaniaz)

Irailak 7, igandea
•    11:00etan (gaztelaniaz)
•    12:00etan (euskaraz)
•    13:00etan (gaztelaniaz)
•    17:00etan (gaztelaniaz)
•    18:00etan (euskaraz)
•    19:00etan (gaztelaniaz)

Irailak 9, asteartea
•    17:00etan (gaztelaniaz)
•    18:00etan (euskaraz)
•    19:00etan (gaztelaniaz)

Irailak 10, asteazkena
•    17:00etan (gaztelaniaz)
•    18:00etan (euskaraz)
•    19:00etan (gaztelaniaz)
 

¿Te ha sido útil esta página?