Aste honetan Arrosadiako energia garbia sortzeko guneetara egindako bisitaren ondoren, talde eragilea sortzeko fasea hasiko da
Aste honetan amaitu dira Milagrosa-Arrosadia, Santa María La Real, Azpilagaña eta Lezkairuko etorkizuneko energia-komunitatea sortzeko prestakuntza- eta dibulgazio-saioen sorta; Lezkairuko zaldua ere batzen ahalko da, eta hala balitz bertako auzokideendako prestakuntza-saio bat eginen litzateke.
Otsailaren hasieratik hiru topaketa egin dira herritarrekin hiriko beste komunitate batzuetako autokontsumoaz, gobernantzaz, entitate horien forma juridikoaz eta jardunbide egokien adibideez hitz egiteko. Udalaren aste honetarako proposamena Arrosadian barna energia-ibilbidea egitea izan zen. Proposamen horietan 120 lagunek parte hartu dute. Bisitari dagokionez, taldeak auzoko zenbait toki bisitatu zituen adituen eskutik.
Ibilbidea Arrosadiko kiroldegiko instalazio fotovoltaikotik abitatu zen; 75kW-eko indarra du eta azpiegitura horrek sortzen duen energiaren zati bat etorkizuneko energia-komunitateari emanen dio. Ondoren, ondoko disuasio-aparkalekura jo zuen taldeak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko berriki ezarri diren zutabeak ikustera. Bertan, teknikariek disuasio-aparkaleku guztiak estalki fotovoltaikoez estaltzeko dagoen lege-aurreikuspenaz hitz egin zuten, eta horrez gain energia-komunitatean bertan mugikortasun partekatuaren inguruan dauden ekimenak argitu zituzten.
Errepidea gurutzatuta, parte-hartzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategi ingurura hurbildu ziren bertako pergolak duen instalazio fotovoltaikoa, udal bizikleta elektrikoak kargatzeko balio duena ikustera. Azkenik, Hegoalde Ikastolara iritsi ziren, ikastetxeko instalazioak eta haren elementuak ezagutzera, izan ere ikastetxe hori duela bi hamarkada, Ikastetxe Fotovoltaikoen Sareko udal-egitasmoa hasi zenetik dago plakaz hornitua. Bertan, fotovoltaikoen autokontsumo kolektiboko sistemaren eta Udalak energia-komunitateendako udal-eraikinen estaldurak lagatzeko duen prestasunaren berri eman zioten taldeari. Bisitak 90 minutu inguru iraun zuen guztira.
Energia berdea energia-pobreziaren aurka
Dibulgazioko udal-ekimen horren oinarria da Iruña herritar orori bideratutako energia-komunitateak sustatzen ari dela kontsumo berde eta arduratsuko aukera gisa. Auzo horietan, gainera, kudeaketa mota horren aldeko apustua egitea gune horiek berritzeko modu bat izan daitekeela uste da.
Energia-komunitateen helburua energia berriztagarriak gizartean hedatzeak dakartzan onurei ahalik eta etekinik handiena ateratzea da. Alde batetik, herritarren parte-hartzea ahalbidetzen dute energiaren sorreran, baina bestetik, energia eraginkortasunaren aldeko ahalegina bultzatzen dute etxeetan. Energia-komunitateei mota horretako instalazioak lagatzeko udalak jartzen duen baldintzetako bat da sortzen denaren ehuneko bat kontsumitzaile zaurgarriendako gordetzea.Horrela, energia-pobreziaren aurka borrokatzen da ingurunean bertan sortutako energia berdeari esker.
Datozen asteetan Milagrosa-Arrosadia, Santa María La Real, Azpilagaña eta Lezkairuko etorkizuneko energia-komunitatearen talde eragilea osatu nahi da, estatutuak, barne araudia, negozio eredua eta komunikazio planaren inguruan lanean jarraitzeko. Horri guztiari lotuta, proiektuari lotutako Energia Informazioko Bulegoa sortze bidean da, energia-, birgaitze eta hiri-berroneratze gaietan aholkuak emateko, leihatila bakarrean.
Horrelako ekimenekin Iruñeko Udalak eragile aktiboa izan nahi du energia-trantsizioa bultzatzen eta energia-birgaitzean, mugikortasunean, fotovoltaikoetan eta instalazio termiko berriztagarrien inguruko jarduera sortzen, bai eremu publikoan bai energia-komunitateen bidez, zein inbertsio pribatuak sustatzen.