12 “bizitza-istorioren” protagonistek Gazteluko plazako karpan kontatuko dituzte haien istorioak, Migratzaileen Nazioarteko Egunaren karietara

12 “bizitza-istorioren” protagonistek Gazteluko plazako karpan kontatuko dituzte haien istorioak, Migratzaileen Nazioarteko Egunaren karietara
‘Giza liburutegiak, harrera-prozesuak lehen pertsonan’ jarduera abenduaren 18an, asteazkenarekin, eginen dute, 17:00etatik 20:00etara

dia de la persona migrada


 Abenduaren 18an, asteazkenarekin,17:00etatik 20:00etara, ‘Giza liburutegiak, harrera-prozesuak lehen pertsonan’ jarduera izanen da Gazteluko plazako karpan eginen den ekitaldi bakarra. Ekimen horrek topaguneak sustatzeko metodologia baliatzen du. Parte hartzen dutenek Iruñean bizi diren askotariko herrialdetako pertsonekin hitz egiteko aukera izanen dute; pertsona horiek gorabehera ugari bizi izan dituzte Iruñera iritsi aurretik.

Hala, jarduera egongela bat inprobisatuz eta giro abegitsuan eginen da, sei topagunetan, eta kafea, tea eta pastak dituen itxarongune zentral batean, hain zuzen ere. Jardueran Iruñean bizi diren 12 migratzailek beren harrera-prozesuak eta esperientziak bertatik bertara partekatuko dituzte bertaratuko diren pertsonekin, eta elkartasunari eta erresilientziari buruz arituko dira. Txile, Ekuador, Venezuela, Mexiko, Kenia, Ukraina, Kolonbia eta Malitik datoz, besteak beste.  Jarduera Nafarroako Gobernuaren Familia Bitartekaritzako Zerbitzuarekin eta Kulturarteko Hezkuntza Zerbitzuarekin (SEI) elkarlanean egin da.  Helburuak da, 10-15 minutuko elkarrizketen bidez, bata eta bestea hurbiltzea, aurreiritziei eta bereizkeriari aurre egitea, eta gizarte-kohesioa hobetzen laguntzea. 

Giza liburutegietan liburuak beren bizitza-istorioak kontatzen dituzten gizakiak dira, eta kontakizun horiek ondare materiagabearen parte bihurtzen dira. Hala, entzuten ari direnak bizitza-irakurle bihurtzen dira. Entzute aktiboko metodologia hori Kopenhagen sortu zen 90eko hamarkadaren hasieran, gaueko indarkeriaren bolada bati erantzuna emateko. Ekimenaren arrakastaren harira, ‘Human Library’ nazioarteko mugimendua sortu zen 2000. urtean.

Nazio batuek abenduaren 18a izendatu zuten Migratzaileen Nazioarteko egun, 1990ean sinatu zen Langile Migratzaileen eta haien Familien Eskubideak Babesteari buruzko Nazioarteko Hitzarmena oroitzeko. Migrazioa mundu osoko fenomeno esanguratsua zela aitortu zuten, migratzaileen jatorrizko eta helmuga herrialdeetan egindako ekarpenak nabarmendu zituzten, eta haien eta pertsona ororen giza eskubideak errespetatzearen eta babestearen garrantzia gogora ekarri zuten.

Iruña hiri abegikorra da, eta hiriak Kultur Aniztasunaren I. Plana (2023 – 2026) du indarrean; plan hori hausnarketa bat da, eta kultur-aniztasunari balioa ematea du helburu, herritarren ikuspuntuak aberasteko. Dokumentuak 150 neurri baino gehiago biltzen ditu lau ildo estrategiko hauetan: kulturartekotasuna, hiri hezitzaile eta bitartekaria, gehiago jakitea aurreiritziak bazter batean uzteko, eta herritarren aldeko apustua.

¿Te ha sido útil esta página?