12 atestatu helarazi dira epaitegietara festetan arropa eta objektu faltsuak saltzeagatik, bi lagun atxilotu dira eta bost, penalki salatu

12 atestatu helarazi dira epaitegietara festetan arropa eta objektu faltsuak saltzeagatik, bi lagun atxilotu dira eta bost, penalki salatu
Beste produktu batzuen 70 konfiskazio-administratibo eman dira baita ere, gehien bat janaria, edariak, globoak, arropa eta artisau-lanak

Sanferminak hasi zirenetik 12 atestatu helarazi dira epaitegietara, produktu faltsuen salmentarekin lotuta. Jarduketa horien ondorioz 2 lagun atxilotu dira eta beste bost penalki salatu dira. Jabetza intelektualaren kontrako ustezko delitu bat leporatzen zaie, eremu publikoan produktu faltsuak saltzeagatik.

Konfiskazio horiek Alde Zaharrean eta Zabalguneetan eman dira nagusiki. Zehazki, Aduanako zokoan, Sarasate pasealekuan, Txapitelan, Vínculo kalean, Kale Berrian, Gipuzkoako etorbidean eta García Castañón kalean. Eremu publikoan objektu eta arropa faltsuak saltzen ari ziren, hala nola kamisetak eta kirol-oinetakoak, poltsak, motxilak eta erlojuak. 

Gainera, sanferminetan zehar, beste produktu batzuen 70 konfiskazio-administratibo eman dira. Konfiskazio horien herenak –27– zerikusia du edateko zein jateko produktuekin dagokion salmenta-baimena ez zuten postuetan. Globoen baimenik gabeko salmentarekin zerikusia duten 11 jarduketa egin dira; 9, artisau-lanak eta jostailuak saltzeagatik; 4, imitaziozko bitxiengatik; eta beste 10 beste produktu eta objektu motengatik. Momentuz, konfiskazio-jarduketa gehien egin diren egunak honako hauek izan dira: uztailak 7, igandea –20 konfiskazio–, eta uztailak 9, asteartea –18–. 

Berrerorlea entzierroan
26 urteko Valentziako gazte bat zigortua izan da bi aldiz, bi egun ezberdinetan, Entzierroaren ordenantza ez betetzeagatik. Bi kasuetan morroiak zezenari heldu dio, adarretik edo bizkarretik, eta hori debekatuta dago Entzierroaren ordenantzaren arabera. Horregatik bi zigor ezarri zaizkio: bata, 1.000 eurokoa, zezena heltzeagatik uztailaren 10eko entzierroan; eta bestea, 3.000 eurokoa, berriz ere portaera hori errepikatzeagatik uztailaren 12ko entzierroan. Gaztea gaur goizean identifikatu dute entzierroan korrika egiteko prestatzen ari zenean.

Babes Zibileko Tokiko Batzordeak jakin du, baita ere, bart gizon bat atxilotu zutela emakume bati ukituak egiteagatik. Ustezko lesio-delitu bat ere leporatzen zaio, horren ondoren liskarrean sartu baitzen emakumearekin batera zihoazenekin. Halaber, salaketa bat erregistratu zen atzo festetako lehen egunean jazotako gertaera batzuengatik. Jazoerak ikertzen ari dira eta kalifikazio baten zain daude.