11 emakumek eta 4 gizonek prestakuntza eta enplegu inklusiboko 240 orduko programa abiatu dute ostalaritzan, profesional gutxi eskuragarri dituen sektorean

11 emakumek eta 4 gizonek prestakuntza eta enplegu inklusiboko 240 orduko programa abiatu dute ostalaritzan, profesional gutxi eskuragarri dituen sektorean
Nafar Lansarek finantzatutako Iruñeko Udalaren ekimena 2022ko urtarrilaren 28ra bitarte eginen da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Iruñeko Udala, Nafar Lansareren finantza-laguntzarekin, ‘Ostalaritzako enplegu inklusiboko Programa’ ematen hasi da. Ikastaroa emakumeei bereziki zuzenduta dago ostalaritzaren sektorean modu balioaniztunean gaitzeko, hau da, hala sukaldaritzako laguntzaile gisa, nola barran eta jantokian lan egin ahal izateko. Izan ere, Nafarroako sektore horretako enpresen oso ehuneko handia, duten tamaina eta ezaugarriengatik, ezagutza eta trebetasun profesionalak dituzten langileak behar dituzten negozioak dira, eta premia hori areagotu egin da COVID-19aren ondoren, sektoreko profesionalek alde egin baitute. Prestakuntza-ekimen horrek ikasleen % 25a laneratzeko konpromisoa du.

María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria prestakuntza horretako ikasleekin elkartu da. Presntakuntza Fiteroko Monasterioaren kaleko udal-lokaletan ematen ari zaio 26 eta 57 urte bitarteko 15 pertsonako talde bati. Ikasleen % 73 (15 tokietatik 11) lanbide-kualifikaziorik ez duten emakumeak dira, gehienez Oinarrizko Heziketa Orokorra edo Batxilergoa dutenak, eta gainontzekoak lan mundura sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak dira. Ikasleen % 80 Errenta Bermatua, Laneratzeko Errenta Aktiboa edo Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera edo antzekoren bat jasotzen ari da.

Ostalaritzako Enplegu Inklusiboko Programak 240 ordutan eduki maila ugari uztartzen ditu. Ostalaritza eta sukaldaritzako prestakuntza-jarduerak askotarikoak dira, hala nola, pintxoen eta otamenen barra bat prestatzea, hornitzaileekin eskariak kudeatzea, kutxa egitea, konbinatuak eta kafeak prestatzea eta jankideei zerbitzatzea. Baina, horrez gain, ikasleek gaitasun pertsonalei, enplegu-bilaketa aktiboari, administrazio-tramiteak egiteari eta oinarrizko gaitasun digitalei buruzko prestakuntza jasoko dute, hori guztia, parte-hartzaileen laneratzea ez ezik lanpostua mantentzea ere errazteko. Ikastaroaren metodologiak parte-hartzaile bakoitza du ardatz: ikasle bakoitzarekin batera enplegagarritasun diagnostiko bat eta ibilbide pertsonal bat eginen dira, eta ikasleak beren bizitza-ibilbideetan ahaldunduko dira.

Helburua, lan kualifikatua

Ekimena 2022ko urtarrilaren 28ra bitarte eginen da eta ikastaroa egin izanaren egiaztagiriaz gain, osorik egiten dutenek elikagaiak manipulatzeko txartela jasoko dute.

Ikasleek profesionalen laguntza eta aholkuak izanen dituzte proiektuaren xedea lortu arte: parte-hartzaileen laneratzea. Parte-hartzaileekin aurreikusitako ekintzen artean, ikasle bakoitzak lana bilatzeko orientazio-jarduerak eginen dira, bai prestakuntzan zehar, bai prestakuntza amaitu ondoren, prestakuntza-prozesuan zehar eskuratutako ezagutzak eta tresnak erabiliz.

Halaber, banakako tutoretza-saioak eginen dira, hilabetean behin, hitzorduak programatuta parte-hartzaile bakoitzarekin (laneratu arte), eta hitzordu horietan helburu zehatzak markatu eta egindako ekintzak elkarrekin ebaluatuko dira. Programak sektoreko enpresetan eragina izanen du, prospekzioak eta kontaktuak eginez, eta lortzen diren lan-eskaintzetan bitartekari lanak eginez. Lankidetza-hitzarmen bat ere sinatuko da Nafarroako Ostalaritza eta Turismoko Elkatearekin elkarteko kide diren enpresen artean programa hori hedatzeko.

Prestakuntza horretarako irispidea Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko eta Bigarren Mailako Arretako programen bidez egin da: Auzo-unitateak, Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Lantaldea, HNAL eta EUAZ.

¿Te ha sido útil esta página?