
10.983 ibilgailu gutxiagok zirkulatu dute Emisio Gutxiko Eremuan (EGE), indarrean egon den lehen bederatzi asteetan. % 6,11 murriztu da kopurua iazko denbora-tarte berarekin alderatuta, eta, beraz, 2025ean 190.597 ibilgailuren sarrera erregistratu ziren, eta aurten, berriz, 179.614. Emisioei dagokienez, 10.983 ibilgailu gutxiago sartu direnez, 0,3 tona CO2 gutxiago isuri dira egunero, baldin eta kalkuluak egitean ibilgailuen erdia gasolina-autoak eta beste erdia diesel ibilgailuak direla eta egunero auto bakoitzak 10 kilometro egiten dituela aintzat hartzen bada. Urteko kalkuluen arabera, 75 tona CO2 gutxiago isuri dira, betiere 250 lanegun daudela kontuan hartuta.
Emisio Gutxiko Eremua 2026ko urtarrilean sartu zen indarrean, eta honako kale hauek zedarritzen dute: Taconera, Navas de Tolosa, Sarasate pasealekua, Ahumada Dukearen kalea, Joan Labritekoa kalea, Vergel kalea eta San Domingo kalea (San Domingoko baratzeak). Urteko lehenengo astean 9.625 ibilgailu sartu ziren, iazko aste berean, berriz, 14.337, eta, beraz, % 30 murriztu da kopurua. Bosgarren astean, 25.247 ibilgailutik 23.998ra murriztu zen (% 5), eta zortzigarren astean, 25.063 ibilgailutik 22.728ra jaitsi dela erregistratu da (% 9 gutxiago). Zero emisioko eta ECO ibilgailu gehiago sartu dira eremuan, % 26,53 eta % 10,19 egin dute gora, hurrenez hurren: 9.001etik 11.389ra eta 18.279tik 20.142ra.
EGErako sarbidea Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren ingurumen-sailkapenaren menpe dago, eta, beraz, 0, Eco, B eta C etiketak dituzten ibilgailuek soilik zirkulatzen ahal dute barruan, baimendutako ibilgailuez gain. Honako hauek ez dute bereizgarririk behar: 1. sektoreko (Alde Zaharra) eta 2. sektoreko (Sarasate pasealekua) bizilagunak; mugikortasun urria edo mendekotasuna duten pertsonen ibilgailuak; garajeetako plazen titularrak eta aparkaleku publiko batean aparkatu behar dutenek; saltoki eta hoteletako establezimenduen titularrak; larrialdietako, etxe-aldaketetako, obretako eta konponketetako ibilgailuak eta garraio publikoa.
Emisio Gutxiko Eremuari buruzko informazio guztia kontsultatzen ahal da http://www.accesocascoantiguo.com/eu/ webgunean, 010 (948 420 100) Herritarrendako Arreta Telefonoan eta Herritarren Segurtasuneko arreta-zerbitzuan (Iratxeko Monasterioaren kalea 2).
Ibilgailuak martxan eta gidaririk gabe
EGEa indarrean sartu zenetik, Udaltzaingoak zedarritutako espazioan gidaririk gabe martxan gelditzen diren ibilgailuen kopuruak gora egin duela hauteman da, eta horrek zarata-maila, arriskua eta emisio kutsatzaileek gora egitea ekartzen du berekin. Bizilagunen ezinegona eragin duen egoera horri aurrea hartzeko, gogorarazi nahi da ibilgailu bat aparkatzeko araudi espezifikoa honakoa dela: motorra gelditu eta abio-sistema deskonektatu behar dira, eta, gidaria ibilgailutik urruntzen bada, baimenik gabe erabiltzea saihesteko beharrezko neurriak hartu beharko ditu, eta esku-balaztari eragin. Jokabide desegoki horiek zehatz-mehatz zainduko dira, eta dagozkien zehapenak jarriko dira.