Iruñeko Udalak uda osoan zehar '¡Biba Iruña bizirik!’ programaren barruan antolatu dituen 400 kultur jarduera baino gehiagok 108.231 lagun bildu dituzte. Sanferminak bigarren urtez jarraian bertan behera utzi izanari erantzuteko abiatu zen programa, xede hartuta hiria kultur jardueren proposamenez hornitzea, doakoak gehienak, birusa hedatzea saihesten zuten inguruneetan gozatu ahal zirenak, eta udako egun guztietan jardueraren bat programatuta egoteko konpromisoarekin. Ziudadela, aire zabaleko agertoki batekin eta erakusketa-areto guztiak zabalik, ‘Biba Iruña bizirik!’ programaren topagune nagusia izan da, eta Ezpeletaren jauregiko patiora ere heldu da, baita hiriburuaren erdiguneko zein auzo bakoitzeko plaza eta parke ugaritara ere.
Udalak uda hasieran agertoki bat jarri zuen Ziudadelako barruti harresituan, edukiera kontrolatzea eta bertaratuak banatzea posible egiten zuen toki batean, gomendatutako segurtasun-tartea bermatze aldera. Toki hori ‘Biba Iruña bizirik!’ programaren erdigunea izan da, hor egin baitira, esaterako, ‘Ziudadela gauak’ zikloko kontzertuak, nazioko lehen mailako artistak ekarri dituztenak ostiral eta larunbat gauetan. Guztira ia 11.100 lagun izan ziren hitzordu horietan. Horietako zortzitan leku guztiak bete ziren, eta beste lautan, 600 pertsona baino gehiago bildu ziren.
Ziudadelako aire zabaleko agertokian ere Konpartsaren ‘Erraldoien dantza’ ikuskizuna egin da. Bi urteren ondoren eta indarrean zeuden osasun-neurriak errespetatuz ,txikienek erraldoiak, buruhandiak eta kilikiak jardunean ikusi ahal izateko konponbide praktiko bakar gisa abiatu zen. Guztira 18 saio programatu ziren, eta gonbidapen guztiak –webgunearen bidez banatu ziren jende ugari toki fisiko batean pilatu ez zedin– ordu eskasetan, batzutan minututan ere, agortu ziren. Guztira 14.400 lagun bertaratu ziren.
Jaialdiak, musika zuzenean eta zirku-arteak
Harresietako Jaialdia Ziudadelara itzuli zen aurten ere, ikuskizunak osasun-araudiari egokituta, eta 8.000 pertsonak baino gehiagok gozatu dituzte. Nabarmentzekoa da inaugurazio-ikuskizuna, bertako Suakai taldearen eskutik. Aurten Gaztelugibelen egin zen espazio gehiago izateko, eta ‘Volatineros’ ikuskizunak lubanarroetako harresiak hartu zituen agertoki gisa. Halaber, Iruñeko Remigia Echarren ‘Argako Erregina’ funanbulista omentzen zuen ikuskizunaren hamalau emanaldi egin ziren, haren heriotzaren mendeurrenean. Udako azken txanpan, ‘Musika martxan’ jaialdia egin zen ere Ziudadelan, non hiriko gazte talentudunek aire zabaleko agertokiaren gainean jotzeko aukera izan baitzuten, bi arratsaldez.
Ziudadelako eszenatokiak programazio etengabea izan du uda osoan zehar, gustu guztietarako proposamenak eskainiz. ‘Ostegunetan, jazza’ zikloak lau kontzertu eraman zituen barruti harresitura, ia 1.800 entzulerekin. Nafarroako musika-bandak ere agertokira igo ziren, eta hainbat generotako bederatzi kontzertu eskaini zituzten, 2.800 lagun baino gehiagorentzat. Hiriko etorkinen kultur elkarteek, bestalde, gune horretan bere lana eta ohiturak erakusteko aukera izan zuten, folkloreari buruzko bi zikloren bidez. Ia 3.200 pertsona joan ziren horiek ikustera. ‘Munduko melodiak’, ‘Operaren eguna’ eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren doako emanaldia izan ziren agertoki horrek hartu zituen beste hitzorduetako batzuk.
Barruti horretan egin eta sarrerak saldu dituzten jaialdien barruan, ‘Pim Pam Ville’ bigarren urtez jarraian egin zen Ziudadelan, eta ia mila lagun bildu zituen. Barrutia berriz ere ‘Flamenco on Fire’ jaialdiaren egoitzetako bat izan zen, Udaletxeko balkoiarekin eta Ezpeleta eta Kondestablearen jauregiekin batera, guztira 2.330 pertsona izan zirelarik.
Kultura, hiri osoan eta auzoetan barna sakabanatutako hamarnaka puntutan
‘Dantza zoroan’ jaialdiko emanaldiak Jito Alain egin ziren beste urte batez. Guztira lau hitzordu izan ziren, larunbat arratsaldeetan, eta 2.200 ikusle baino gehiago izan zituzten. Ostiral arratsaldeetan, O-ko Andre Maria plaza ‘Iruña ilunabarrean’ ikusteko tokirik onena bihurtzen zen, artearen, teknologiaren eta ingurumenaren laguntzaz. 3.000 pertsona baino gehiago joan ziren programatutako hitzorduetako batera. Beste hainbeste izan ziren hiriko hainbat puntutan programatutako hamabi kontzertuetan, ‘Musika-aretoak kalean’ ekimenaren barruan. Tokiko taldeei eta haien kontzertuak programatu ohi dituzten ostalaritza-establezimenduei babesa ematea zen helburua, pandemiaren ondorioz halakorik ezin izan baitzuten egin azken hilabeteetan. Zuzeneko musikako programa hori ‘Enklaves’ zikloarekin osatu zen, zeinak tokiko soinuak eraman baitzituen hiriko puntu berezietaraino, 1.600 lagunetik gorako audientziarekin.
La Pamplonesa auzoetara hurbildu da udan zehar zortzi kontzertu programatuz, beste horrenbeste puntutan, eta bi mila lagunek baino gehiagok gozatu dituzte. Ia 4.000 pertsonek gozatu zuten abuztuan zehar udako zinema-gau batez Iruñean. ‘Zinema-gauak’ programak aurten 25 urte bete ditu, hiriko auzoetan zeinen finkatuta dagoen erakutsiz. Auzoak ere izan dira Udal Katalogoko talde ez-profesionalek antolatutako 32 kontzertuen agertoki, guztira 4.800 ikus-entzulerekin. Uda honetan, lehenengo aldiz, txistularien alardea gauez antolatu zen, Gazteluko plazan, eta 750 lagun bertaratu ziren, barruti mugatuak baimentzen zituen guztiak. Halaber, ia 1.200 lagun bildu ziren Arrotxapeko Runa parkean egin zen ‘Emakumeak aurrera’ jaialdian.
Ezpeletaren jauregiko patioa, ‘Biba Iruña bizirik!’ programaren beste topagune bat
Ezpeletaren jauregiko patioan kontzentratu dira ‘Biba Iruña bizirik!’ barruan programatutako jardueren zati handi bat, antolakuntza eta segurtasun arrazoiengatik, COVID-19a dela eta. Bertan egin ziren ‘Bertsionatuz’ familiarteko kontzertuak, ‘Musika familiartean arnastuz’ zikloa zein kaleko arteetako proposamenak eta hainbat lantegi. Guztira, 3.363 lagun izan ziren jarduera horietakoren batez gozatzen. Horrez gain, txikienek Ziudadelan euskaraz jolasteko eta ongi pasatzeko plan bat izan uzten, ‘Mihiluze’ ekimenari esker.
Sanferminei buruzko erakusketak Ziudadelan eta Kondestablen
Sanferminik gabeko bigarren urte jarraian, ‘Biba Iruña bizirik!’-eko programazioak festei omenaldia egin nahi zien erakusketen bidez. Hori horrela, hainbat erakusketa antolatu ziren Ziudadelan eta Kondestablen sanferminak ardatz hartuta baina ikuspegi desberdinetatik.
Hala, iraganeko sanferminak gogora ekarri ziren Inge Morath eta Jim Hollander argazkilarien begiradaren bidez. Nafarroako hogeita hamar pintore eta eskultorek COVID-19 garaian sanferminei buruz dituzten ikuspegi artistikoez gozatzeko aukera ere egon zen. Halaber, sanferminak iragartzeko kartelei omenaldia egin zitzaien, eta Iruñean uztailaren 6tik 14ra bizi den sentsazioa helarazi zitzaien bertaratuei, ikus-entzunezko muntaia baten bidez.
Sanferminen inguruan ere, ‘Biba Iruña bizirik!’ programak bi literatur ibilbide proposatu zituen. Hirian barnako ibilbide gidatuak izan ziren, uztailaren 6tik 14ra, eta hizpide hartu zituzten festak eta haien isla literatura unibertsalean. Egun horiek igaro ondoren, ibilbideek hiriko beste erreferente batzuei ere heldu zieten. Jarduera gaztelaniaz zein euskaraz eskaini zen.