100 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute 2021ean Iruñeko Udalak antolatutako natur ibilbideetan

100 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute 2021ean Iruñeko Udalak antolatutako natur ibilbideetan
Halaber, beste 60 ikaslek intsektuendako ostatu bat egiten lagundu eta han bizi direnei buruz ikasi dute

HOTEL INSECTOS

 

Guztira 131 ikaslek parte hartu dute azken urtean zehar Iruñeko Udalak, Agenda 21eko zerbitzuaren bitartez, hiriko fauna eta flora ezagutzeko antolatu dituen natur ibilbideetan. Halaber, 60 ikaslek intsektu mota ezberdinei buruzko prestakuntza jaso dute. Jarduera horiek guztiek Udalaren ingurumen hezkuntzako programa osatzen dute, zeinak herritarren kontzientzia ekologikoa eta ingurumenarekiko kontzientzia sustatzea helburu duten lantegi eta proiektuak barne hartzen baititu.

Natur Ibilbideen lantegiaren bost saio egin ziren, eta ordu eta erdi inguruko ibilbideak proposatu ziren hiriko eremu berdeetan barna, inguru horietan bizi diren eta gizakion bizikide diren landare eta animalia espeziak ezagutzen ikasteko. Zehazki, parte hartzaileek Taconera parkean eta Ezkaba mendiaren hegalean barna ibili ziren. Esparruko profesionalekin batera, animalia horiek ekosisteman duten eginkizuna aztertzen zuten.

Lehenengo edizioan, San Frantzisko HLHIPko eta Iñaki Ochoa de Olza BHIko ikasleek parte hartu dute, eta haiekin batera espezieak identifikatzea, hegaztiak behatzea eta txioak ezagutzea errazten duten hainbat dinamika landu ziren. Ibilbideek hainbat hegazti ikusi eta ezagutzeko aukera eman zien, hala nola, amilotx urdinak, kaskabeltzak, txantxangorriak, buztangorriak eta buztanikarak.

Intsektuendako ostatua

Ibilbideez gain, Agenda 21eko zerbitzuak iaz ikasleei zuzendutako jarduera bat sortu zuen Ermitagaña HLHIPn kokatutako intsektuendako ostatu baten inguruan. Ostatua erraz muntatzen den maketa bat da, eta, behin muntatuta, lorategietan eta baratzeen inguruetan jartzen da, hala eskoletakoetan nola komunitarioetan. Intsektuak ez dira jartzen, baizik eta modu naturalean gune horiek okupatzen dituztela denbora igaro ahala. Hotel horien xedea zonaldean intsektuen presentzia areagotzea da, ekosistemari mesede egiteko, izan ere, polinizazioa hobetu eta izurriteen kontrol biologikoa ahalbidetzen dute.

Jarduera horretan 60 ikaslek parte hartu zuten guztira, eta azaldu zitzaizkien landareen eta intsektuen arteko elkarrekintza, horiek elikagaien ekoizpenean duten zeregina eta intsektiziden erabilerak eragindako arazoak.

Jarduerak elkarteekin

Joan den urtean zehar, halaber, ingurumen hezkuntzako lantegiak beste kolektibo batzuei eskaini zitzaizkien, hezkuntzakoez haratago. Hala, Nafarroako Osasun Mentalerako Elkarteko kideek habia-kutxei buruzko lantegi bat egin zuten, non Iturramako Civivoxaren ondoan eta zentroko baratzean jarri zituzten lau habia-kutxa eraiki baitzituzten.

Gainera, Erruki Etxean bizi diren 75 eta 90 urte bitarteko 21 lagunek  beren habia-kutxak eraiki zituzten eta barrutiaren barruan dauden zuhaitzetan jarri zituzten.

¿Te ha sido útil esta página?