1. sektoreko bizilagunek Arrotxapeko Domingotarren kirol anitzeko pistan aparkatzen ahal dute gaurtik aurrera

1. sektoreko bizilagunek Arrotxapeko Domingotarren kirol anitzeko pistan aparkatzen ahal dute gaurtik aurrera
Uztailaren 20ra bitarte erabiltzen ahalko dute, egun hori barne, Alde Zaharrean aparkaleku gutxiago egonen direlako sanferminek iraun bitartean



Gaur arratsaldetik aurrera (ekainak 20, ostirala), 1. sektoreko bizilagunek Arrotxapeko Domingotarren kirol anitzeko pistan aparkatzen ahalko dute. 18:30ean jarriko dute martxan zerbitzua. Iruñeko Udalak neurri hori hartu du sanferminek iraun bitartean Alde Zaharrean aparkalekuak murriztuko direlako. 1. sektoreko bizilagunek soilik erabiltzen ahalko dute gune hori aparkatzeko, uztailaren 20ra arte (igandea), egun hori barne.

Iruñeko Udalaren eta Domingotarren Hezkuntza Pribatuko Fundazioaren arteko hitzarmenari esker eskaini ahal izan dute irtenbide hori; izan ere, klausuletako batean dio San Fermin jaiek iraun bitartean Arga Ibaiaren kaleko kirol anitzeko pistaren zati bat ibilgailuak aparkatzeko edo Udalak egoki deritzon beste edozertarako erabiltzen ahalko dela. Iruñeko Udalak beharrezko jo du 2025ean aparkaleku gisa erabiltzea kirol anitzeko pista, 1. sektoreko bizilagunendako soilik, Alde Zaharrean aparkaleku gutxiago egonen direlako jaiek iraun bitartean. 

Aparkaldi arautuko eremuei dagokienez, sanferminetan izanen den berritasun nagusi da hori. Gainerakoan, uztailaren 5etik 14ra, biak barne, Iruñeko aparkalekuak eremu laranjakoak izanen dira aurten ere eguneko 24 orduetan. Gainera, egun horietan, 1. eta 2. sektoreko bizilagunek baino ezin izanen dute autoa utzi Nafarroa Behereko etorbidea, Oliveto Condearen etorbidea, Armada etorbidea eta Pio XII.aren etorbidea eta 1. sektorearen muga hartzen dituen 2. sektoreko zatian.  Halaber, Larraina elkartearen ondoko eremuan 1., 2. eta 6. sektoreetako bizilagunek soilik aparkatzen ahalko dute. Gaseko eskorten ondoko aparkalekua, berriz, 1. eta 8. sektoreetako egoiliar-txartela dutenendako soilik izanen da. 

Azkenik, uztailaren 5etik 14ra, biak barne, aipatutako mugen barruan ez dagoen 2. sektoreko zatia eta 3., 4., 5., 6., 7., 8., 9. eta 10. sektoreak eremu laranjakoak izanen dira eguneko 24 orduetan. Zenbait aparkaleku ez dira arau horren pean egonen: Kaiko kaleko egonaldi luzeko aparkalekuak (9. sektorea) urte osoan izan ohi duen erregulazio bera izanen du; Renferen geltokiko aparkalekua gorria izanen da, urte osoan bezala, eta San Jose hilerriaren eremuan doan aparkatzen ahalko da ordubetez, baina hortik gora laranja izanen da eguneko 24 orduetan. 

Uztailaren 15etik aurrera, aparkaldi mugatuko eta murriztuko eremuek eta hiriko sektoreek betiko moduan funtzionatuko dute berriz: ohiko koloreak (berdea, urdina, laranja, gorria eta gorri/berdea) eta ohiko ordutegia izanen dituzte berriro, eta aparkatzeko baimendutako gehieneko denbora ere betikoa izanen da.
 

¿Te ha sido útil esta página?