1, 2, 3... UBUNTU! lantegiak hasiko dira Iruñeko liburutegien sarean, 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoen ahozko narrazioko proposamen bat, alderdi praktikoa ere baduena. Bihar, urriaren 10ean, ostegunarekin, 18:00etan, urtea amaitu bitarte aurreikusita dauden hiru lantegietako lehenengoa eginen da San Frantziskoko liburutegi publikoan, kasu honetan, euskaraz. 1, 2, 3... UBUNTU! lantegiak Nafarroa osoko zentroei zuzendutako Liburutegiak Bakearen eta elkarbizitzaren alde izeneko programa zabalago baten parte dira.
Ubuntu terminoa Hegoafrikan sortu zen, eta balioetsi nahi ditu hala barkatzeko gaitasuna nola talde bat kohesionatzeko behar den enpatia. Azpian dagoen ideia filosofikoak atsotitz zulu bat du oinarrian, eta esan nahi du pertsona bat pertsona dela besteak existitzen diren heinean. Lantegiak bi zati ditu; alde batetik, hasieran gizarte-aniztasuna, aniztasun kulturala, familiarra eta abar jorratuko dituzten ipuinen ahozko narrazio bat eginen da; beste aldetik, lantegiaren fase praktikoan, hiru dimentsioko maskota bat egin beharko dute, eta izena jarri.
Hortik abiatuta, egindako lanak liburutegi bakoitzean ikusgai jarriko dira, tokiren batean, gogorarazteko “Ubuntuz kutsatutako lekua” dela. Abendura bitarte lau saio aurreikusi dira, lehenengoa, ostegun honetan; gaztelaniazko saioa urriaren 16an izanen da, Yamaguchiko Liburutegi Publikoan, eta urriaren 21ean, astelehenarekin, Sanduzelaiko Liburutegi Publikoan. Azaroan (14an) Txantreako Liburutegi Publikoan eginen da, berriz ere euskaraz.
Liburutegiak Bakearen eta elkarbizitzaren alde ekimena Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren inguruan Liburutegi Zerbitzua egiten ari den ahaleginaren parte da. Proposamen honetan, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko programak oinarrizko tresnak dira “Bakea, justizia eta erakunde indartsuak” xede dituzten helburuak lortzeko.
Lantegiaren dinamika
Lantegiaren lehen fasean, ahozkoan, Izaskun Mújica narratzailea, pertsonaia baten bitartez eta munduan barna egin dituen bidaietan eskuratu dituen objektuak baliatuta, 30 bat minutuz arituko da gizarte baten askotariko aniztasun-modalitateak erakusten dituzten istorio eta ipuinak kontatzen. Xedea da bertaratuak “Ubuntuz kutsatzea”, ulertzeko bai ezberdintasunak eragiten duen aberastasuna, bai nola elementu horrek osatzen duen banakotasuna halabeharrez. Fase horretan, hainbat narrazio-genero erabiltzea bilatuko da: prosa, poesia, haikuak, pipitakiak eta abar, eta haurrek aukera izanen dute beste herrialde batzuetako abesti, pipitaki edo atsotitzak ikasteko.
Jarraian, esku-trebetasuna erabiltzeko unea helduko da. Taldeka, bertaratuek hiru dimentsioko maskota/txotxongilo baten atalak eraikiko dituzte oihalak, botoiak, tapoiak eta paperak (egunkariena, aldizkariena, opari-papera...) erabiliz: batzuek burua eginen dute, beste batzuek gorputz-adarrak, eta gainerakoek gorputza. Ideia ezberdinak dituzten pertsonek egindako elementu hauek panpin bakar batean muntatuko dira, eta, amaitzeko, oinarri bat paratuko zaio. Liburutegiak berak jarriko ditu eskura panpina egiteko materialak.
1, 2, 3... UBUNTU! LIBURUTEGIAK BAKEAREN ALDE
Narratzailea: Izaskun Mujica
Ordua: 18:00
Doan
Urriak 10, osteguna
- Euskaraz
- San Frantziskoko Liburutegi Publikoa. 18:00. Izen-ematea doan biblisfr@navarra.es helbidean edo 948 210524 telefonoan
Urriak 16, asteazkena
- Yamaguchiko Liburutegi Publikoa. 18:00. Sarrera librea
Urriak 21, astelehena
- Sanduzelaiko Liburutegi Publikoa. 18:00. Sarrera librea
Azaroak 14, osteguna
- Euskaraz
- Txantreako Liburutegi Publikoa. 18:00. Sarrera librea