
Gaur, astelehena, Iruñeko Udaleko hamabi haur-eskoletan matrikulatutako 0 eta 3 urte bitarteko 1.026 haurrek hasi dute ikasturtea. Orain arte, eskainitako ikaspostuen % 90,71 bete dira. Oraindik 105 ikaspostu huts daude, eta gehienak 2 urte dituzten haurrendako dira, hau da, 2023ko urtarrilaren eta irailaren artean jaio ziren horiendako. Hala ere, 1.199 haur daude itxaron-zerrendan.
Iruñeko Udalak hamabi haur-eskola ditu Iruñeko auzoetan, ahalik eta herritar gehiagori zerbitzua eskaintzeko. Hala, auzo hauetan daude haur-eskolak: Azpilagañan, Milagrosa-Arrosadian, Buztintxurin, Arrotxapean, Txantrean, Mendebaldean, Mendillorrin, Lezkairun eta Donibanen.
Haur-eskola hauek dute itxaron-zerrendarik luzeena: Lezkairu (311), Mendebaldea (171), Hello Azpilagaña (147), Donibane (126) eta Mendillorri (120). Datu horiek guztiek agerian uzten dute gero eta hiritar gehiagok eskatzen dutela tokia Udaleko haur-eskoletan; izan ere, haurren garapenerako funtsezkoak dira lehenengo urteetan, lana eta familia bateragarri egiteko aukeretako bat dira eta abangoardiazko hezkuntza-proiektu baten aldeko apustua egiten dute. Hala, hauek dira aurtengo ikasturterako helburuak: haurrek profesionalen laguntza izan ahal izateko ikerketa, prestakuntza eta agiriak abian jartzea, askotariko familietako seme-alaben heziketan laguntza emateko prest egotea, baita haurrak samurtasunez eta sentikortasunez zaintzeko, hezteko eta laguntzeko moduen inguruan sakontzea.
Halaber, abuztuaren 18an, astelehena, 2025-2026ko ikasturterako epe arruntetik at eskaerak jasotzeko epea irekiko da, 08:30etik aurrera. Eskaera horiek aintzat hartuko dira baldin eta ikaspostu hutsik badago onarpen-prozesu arruntean sortutako itxaron-zerrenda agortu ondoren.
Ikasturtearekin bat, Hello Buztintxuri eta Hello Azpilagaña haur-eskolen kanpoko guneetan birmoldatze-lanak eginen dira bi guneak berregituratu eta egunerokoan haurrendako hezkuntza-aukera sentsorialak hobetzeko. Iruñeko Udaleko Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorrarekin elkarlanean egin dira birmoldatze-proiektuak, gune horien kanpoaldea diseinatzeko modua hezitzaile- eta teknikari-taldeekin hausnartu eta gero. Next Generation Europako funtsek finantzatu dituzte lanak.
Iruñeko Udaleko haur-eskolen aurrekontua 13.603.530 eurokoa da 2025ean. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 5.260.375,14 euroko dirulaguntza eman dio Haur Eskolen Erakundeari, 2024-2025eko ikasturtean Iruñeko Udaleko haur-eskolen kudeaketa finantzatzeko; halaber, finantzazio hori behar bezala berrituko dute 2025-2026ko ikasturteko deialdian.
Lau hizkuntza-aukera eskaintzen dituzte haur-eskolek: gaztelaniaz, euskaraz, gaztelaniaz ingelesezko jarduerekin eta euskaraz ingelesezko jarduerekin. Halaber, egonaldi osoko eta egonaldi erdiko ikaspostuak eskaintzen dira, eta gehienek jantoki-zerbitzua dute.
Horren harira, Udalak Hemengoak proiektua jarri zuen abian 2016an: egitasmo berritzailea da, eta hari esker, zentroetan bertan prestatutako menu osasuntsu eta jasangarriak eskaintzen dira, elikagai ekologiko, fresko eta hurbilekoak baliatuta eta nutrizionistak eta haur-eskoletako sukaldeen koordinatzaileak antolatuta. Programari esker, 950 haurrek baino gehiagok eta haur-eskoletako sareko 154 langilek bazkaltzen dute haur-eskolen sareko jantoki-zerbitzuari esker (sareko 12 haur-eskoletatik 11k eskaintzen dute jantoki-zerbitzu hori).
IRUÑEKO UDALEKO HAUR ESKOLEN IKASPOSTU-ESKAINTZA
HAUR-ESKOLA | EREDUA | GUZTIRA | Beteta | Ikaspostu hutsak | Itxaron-zerrenda |
| DONIBANE HAUR ESKOLA | Gaztelaniaz – egonaldi osoa | 104 | 104 | 0 | 126 |
| GOIZ EDER HAUR ESKOLA | Euskaraz – egonaldi osoa | 32 | 31 | 1 | 12 |
| Euskaraz – egonaldi erdia | 16 | 11 | 5 | 0 | |
| Gaztelaniaz / ingelesez – egonaldi osoa | 32 | 31 | 1 | 13 | |
| Gaztelaniaz / ingelesez – egonaldi erdia | 16 | 6 | 10 | 0 | |
| HAURTZARO HAUR ESKOLA | Gaztelaniaz – egonaldi osoa | 88 | 86 | 2 | 23 |
| HELLO AZPILAGAÑA HAUR ESKOLA | Gaztelaniaz / ingelesez – egonaldi osoa | 82 | 77 | 5 | 137 |
| Gaztelaniaz / ingelesez – egonaldi erdia | 41 | 31 | 10 | 10 | |
| HELLO BUZTINTXURI HAUR ESKOLA | Euskaraz / ingelesez – egonaldi osoa | 44 | 38 | 6 | 16 |
| Gaztelaniaz / ingelesez – egonaldi osoa | 44 | 45 | -1 | 24 | |
| EGUNSENTI HAUR ESKOLA | Gaztelaniaz / ingelesez – egonaldi osoa | 72 | 48 | 24 | 9 |
| IZARTEGI HAUR ESKOLA | Euskaraz – egonaldi osoa | 84 | 82 | 2 | 23 |
| JOSE MARÍA HUARTE HAUR ESKOLA | Gaztelaniaz / ingelesez – egonaldi erdia | 52 | 36 | 16 | 0 |
| LEZKAIRU HAUR ESKOLA | Euskaraz / ingelesez – egonaldi osoa | 44 | 42 | 2 | 114 |
| Gaztelaniaz / ingelesez – egonaldi osoa | 72 | 67 | 5 | 197 | |
| MENDEBALDEA HAUR ESKOLA | Euskaraz – egonaldi osoa | 44 | 44 | 0 | 65 |
| Gaztelaniaz – egonaldi osoa | 44 | 42 | 2 | 106 | |
| MENDILLORRI HAUR ESKOLA | Gaztelaniaz – egonaldi osoa | 104 | 101 | 3 | 120 |
| PRINTZEAREN HARRESI HAUR ESKOLA | Euskaraz / ingelesez – egonaldi osoa | 72 | 61 | 11 | 86 |
| Gaztelaniaz / ingelesez – egonaldi osoa | 44 | 43 | 1 | 118 | |
| GUZTIRA | 1131 | 1026 | 105 | 1199 |