010 herritarrendako arreta telefonoak jasotako dei kopuruak % 25 egin du gora azken hilabeteotan Udalarekin izapideak egiteko

010 herritarrendako arreta telefonoak jasotako dei kopuruak % 25 egin du gora azken hilabeteotan Udalarekin izapideak egiteko
Udalak gestioak eta kontsultak egitea erraztu du 010 eta pamplona.es zerbitzuen bidez, baina aurrez aurreko zerbitzuak zabalik mantentzen ditu

chica en el ordenador tecleando

Pandemiaren hasieraz geroztik, eta COVID-19ak Udalaren zerbitzu eta jarduera askoren garapenean izan duen eraginagatik, herritarrek gehiago erabili izan dute Iruñeko Udalaren herritarrendako arreta telefonoa. Kontsultek % 25 egin dute gora uztail, abuztu eta irailean zehar aurreko urteetako epe berean jaso ohi zirenekin konparatuta. Hilabete hauetan zehar guztira 85.200 dei jaso dira, hau da, batez beste 950 dei eguneko. Iruñeko Udalak herritarrei gestioak eta kontsultak egitea erraztu die, joan-etorrian ibili gabe, bai telefono bai internet bidez, Udalaren Egoitza Elektronikoa webgunean. Hala ere, aurrez aurre zerbitzuak ematen dituzten bulego eta erregistro guztiak zabalik iraunarazten ditu.
 

Iruñeko Udalak herritarrei arreta ematea eta 300 administrazio-izapidetik gora egitea bermatzen du egoitza elektronikoaren bidez (sedeelectronica.pamplona.es) eta 010 herritarrendako arreta telefonoaren bidez (948.420.100 mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero). Telefonoak astelehenetik ostiralera arreta ematen du, etenik gabe, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbat goizetan 09:30etik 13:30era.
 

Tipologiaren arabera, azken hilabeteetan 010ean jasotako deiak, batez ere, udal-izapideei buruzko argibideak dira, horien artean nabarmentzen direlarik agiri ekonomikoak eta errolda-orria, eta aurretiko hitzorduen kudeaketak. Udal-egoitzetan itxaronaldi eta egonaldi luzeak saihesteko, Udalaren telefono bidezko arreta zerbitzuak erroldako eta erregistroko bulegoko hitzorduak kudeatzen ditu, baita ezkontza zibil eta izatezko bikoteena ere. Gainera, uztailaz geroztik zerbitzu hau Zergadunendako Arreta eta Hirigintzako Bulegoetara ere zabaldu da. 010 zerbitzua ere tresna erabilgarri bat izan da azken hilabeteotan birusa geldiarazteko abiatu diren murrizketen aurrean. Zentzu horretan, adibidez, irailaz geroztik Civivoxetako gonbidapenen salmenta eta erreserba eta jardueretarako izen-emateak kudeatzen ditu, eta horrela interesdunek ez dute zentroetara joan beharrik.
 

300 izapidetik gora online, Udaleko Egoitza Elektronikoaren bidez
 

Iruñeko Udaleko Egoitza Elektronikoaren webgune nagusiaren bidez (sedeelectronica.pamplona.es) erraz sar daiteke gaur egun Udalak telematikoki egitea ahalbidetzen duen izapide guztietara. Hala, lizitazioak, lehiaketak eta deialdiak tipologiaren arabera ordenatuta agertzen dira, eta kronologikoki ere kontsulta daitezke. Gauza bera gertatzen da enplegu publikoarekin. Atal horretan etengabe argitaratzen dira eta izapidetu daitezke Udalararekin zerikusia duten deialdi guztiak. Ordainagiriak ordaintzeari dagokionez, webgunearen bidez zirkulazio-isunak ordaindu, autolikidazioak egin edo Udalarekin edukitako bestelako zorrak kitatu daitezke. Eskari gehien dituzten izapideen artean badaude agiriak eskatu eta eskuratzeko eskaerak, errolda kasu, zeina orain udal-bulego batera joan beharrik gabe eskuratu baitaiteke.
 

Duela gutxi Iruñeko Udaleko Egoitza Elektronikoak bere segurtasun-errekerimenduen artean Cl@ve nazioko identifikazio sistema bateratua sartu du, zeinak prozesuak bermatzen baititu aurrez aurreko eskaera beharrik gabe. Halaber, eta Udalak telematikoki eskaintzen dituen 300 izapideen eraginkortasun handiagoa lortzeko ildo berean, sinadura elektronikoaren mekanismoak hobetu dira, erabilera errazteko eta horietara jo ahal izateko baita mugikor eta tabletetatik ere.
 

Pandemiaren kontrako prebentzio-neurriak kontsultatzeko gune bat
 

Iruñeko Udalaren webguneak gune bat ere abiatu du, non zehazten baitira Udalak hartu dituen prebentzio-neurriak bai bide publikoan bai Udalaren jardueran,  joan den astelehenean Nafarroako Gobernuak 54/2020 Foru Aginduaren bidez agindutako xedapenak betetzeko. Udalaren webgunearen ataritik ere sar daiteke online gune horretara, eta baldintzak aldatu ahala eta neurri berriak inplementatu ahala eguneratuko da, edo jada abian direnen indarraldia amaitu ahala.
 

Udalari buruzko edozein informazio ere 010 telefonoaren bidez ere kontsultatu daiteke, bertako arduradunak etengabeko komunikazioa eta koordinazioa baitute Udaleko Alor guztiekin eta beste entitate batzuekin, hala nola Nafarroako Gobernu, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritza zein Iruñerriko Mankomunitatearekin, hainbat zerbitzuri buruzko informazioa eguneratzeko (012 InfoNavarra, eskualdeko hiri-garraioa, agiri eta izapide ofizialei buruzko galderak eta erantzunak...). Halaber, Udalaren telefono bidezko arreta zerbitzua zabalik dago elkarteek edo beste entitate batzuek helaraz diezaioketen informazioa jasotzera, adibidez, boluntario-ekimenei, arreta psikologikoari zein beste gai batzuei buruzkoa.

¿Te ha sido útil esta página?