Otsailaren 23an (astelehena) irekiko da 2026-2027ko ikasturterako Iruñeko Udalaren hamabi haur-eskoletan ikaspostua eskatzeko epea. Guztira 1.131 ikaspostu eskainiko dira, 0 eta 3 urte bitarteko haurrendako, eta horietatik asko beteta egonen dira, haur askok hurrengo ikasturtean eskola berdinetan jarraituko baitute. Ikasle berriek behin-behinean izena emateko epea martxoaren 6an amaituko da. Haur Eskoletako Gobernu Batzarra gaur goizean bildu da, eta hurrengo urterako haurrak onartzeko prozedura eta egutegia onetsi du.
Aurreko urteetan bezala, familiei eskabideen izapidetzea errazteko, Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoak aurrez aurre artatzeko bulego bat jarriko du Ingurumen Hezkuntzako Museoan, eta bertan, eskabideak betetzeko eta igortzeko laguntza eskainiko da. Bulegoaren ordutegia honakoa izanen da: astelehenetik ostiralera, goizez, 08:30etik 14:30era bitarte. Hitzordua aurrez eskatu beharko da Udalaren egoitza elektronikoan dagoen ‘Hitzordua eskatu edo ezeztatu’ izapidearen bidez edo 948 420 098 telefonoan.
Haur-eskoletan ikaspostua eskatzen ahalko dute 2024an eta 2025ean jaiotako haurrek, bai eta 2026ko maiatzaren 11ra arte jaiotakoek ere. Eskaera egiteko unean oraindik jaio ez diren umeen behin-behineko izen-ematea egiten ahalko da, baldin eta 2026ko lehenengo seihilekoan jaioko direla aurreikusten bada. Horretarako, hori justifikatzen duen dokumentazioa (medikuaren txostena) aurkeztu beharko da. Soilik maiatzaren 11 baino lehen jaio direnek jarraitzen ahalko dute prozesuan. Haur bakoitzeko eskabide bakarra aurkezten ahalko da.
Eskabideak Educa plataformaren bidez eginen dira, bai familiek zuzenean, bai Ingurumen Hezkuntzako Museoko bulegoaren laguntzaz. Eskaera aurkeztu duten familiek eskaeren behin-behineko egoera Educa atarian ikusten ahalko dute, apirilaren 22an, eta erreklamazioak aurkezten ahalko dira apirilaren 23tik 29ra. Onartutako haurren behin-behineko zerrenda maiatzaren 6an argitaratuko da, erreklamazioak maiatzaren 12ra arte aurkezten ahalko dira, eta maiatzaren 15ean argitaratuko da behin betiko zerrenda. Matrikula maiatzaren 18tik 22ra bitarte eginen da.
Ikaspostuen % 88,9, egonaldi osokoak
Udalaren hamabi haur-eskoletan eskaintzen diren 1.131 ikaspostuak honela banatzen dira: 1.006 egonaldi osokoak dira (% 88,9) eta 125 egonaldi erdikoak (% 11,1) Hurrenez hurren, Haurtzaro, Mendillorri eta Donibane Haur Eskolek 88, 101 eta 104 ikaspostu eskaintzen dituzte, gaztelaniaz; Izartegi HEk, berriz, 84 eskaintzen ditu, euskaraz. Mendebaldea HEk 88 ikaspostu eskaintzen ditu euskaraz eta gaztelaniaz.
Printzearen Harresin, Hello Buztintxurin eta Lezkairun hizkuntza-eredu hauek eskaintzen dituzte: gaztelania, ingelesezko jarduerekin eta euskara, ingelesezko jarduerekin. 116, 88 eta 116 ikaspostu dituzte, hurrenez hurren. Hello Azpilagaña, Hello Egunsenti eta José María Huarte HEk ingelesezko jarduerak dituen gaztelaniazko eredu baten aldeko apustua egin dute, eta 123 ikaspostu (82 egonaldi osokoak eta 41 egonaldi erdikoak), egonaldi osoko 72 leku eta egonaldi erdiko 52 leku eskaintzen dituzte, hurrenez hurren. Goiz Eder HEn 96 ikaspostu daude, 64 egonaldi osokoak eta 32 egonaldi erdikoak, euskaraz zein gazteleraz eta ingelesezko jarduerekin.
Egonaldi erdiko eskola guztietan 08:00etatik 09:00etara bitarte sartzen ahalko dira, eta 12:00etatik 13:00etara bitarte atera: gehienez ere lau orduko egonaldia. Egonaldi osoko eskoletan gehienez ere zazpi ordu egonen dira haurrak, eta ikastetxea, gehienez ere, 07:30etik 16:00etara egoten ahalko da zabalik.