Joan den irailaren 2an ireki zituen berriro ateak Donibane Haur Eskolak, eraberritze-lanak egiteko urtebetez obretan egon eta gero. Haur-eskola foru-araudira egokitu da, eta horretarako, instalazioak goitik behera berritu dira, gune berriak sortu, barnean birbanaketa berriak egin dira eta lehen solairu bat egin da zerbitzuen eremua kokatzeko. Lanek hamabi hilabete iraun dute, 2023ko uztailetik 2024ko uztailera, eta gutxi gorabehera 2,9 milioi euroko inbertsioa egin da.
Hirigintza Batzordeak eta Hirigintza Gerentziak Donibane Haur Eskola bisitatu dute gaur goizean (Ekoiengo Monasterioa kalea 1). Ikasturte honetan guztira 0 eta 3 urte bitarteko 102 haur izanen ditu talde guztiak kontuan hartuta (bularreko haurrak, ibiltariak 1, ibiltariak 2, ertainak eta nagusiak). Eskolak gaztelaniaz gauzatzen ditu hezkuntza-proposamenak, eta jantoki-zerbitzua ere badu. Eraikina 70eko hamarkadaren amaierakoa da, eta, ia-ia bost hamarkada hauetan, zenbait eraberritze-lan egin dira eraikina handitzeko eta haur-eskola erabilerarako egokitzeko.
Azken urte honetan egin den esku-hartzean, moduluen arteko bereizleak eraitsi dira batez ere, solairu garden eta argitsu bat sortzeko. Era berean, zerbitzuen eta instalazioen guneko eraikina handitu da, lehengoa eraitsi eta bi altuerako bat eraikita. Erreformak erabat aldatu ditu administrazio-guneak, zerbitzu-guneak eta, batez ere, instalazioak, lehen solairura eta estalkira eraman baitira. Lehen solairu horrek 225 m2 handitu du haur-eskolaren azalera, eta orain 1.150 m2 ditu guztira.
Bi gune berri kanpoaldean
Lan horiek eginda, estali gabeko bi espazio berri sortu dira, eta horiei esker, moduluak aireztatu eta argiztatu ahal izanen dira, eta hala, 28/2007 Foru Dekretuan jasotako irizpideak bete. Horrela, egungo haur-eskolaren espirituari eusten zaio, batez ere estalitako eta estalkirik gabeko espazioen inguruko bizipenetan oinarritzen den horri. Bost taldeetako bakoitzak (bularreko haurrak, ibiltariak 1, ibiltariak 2, ertainak eta nagusiak) bere gela, jangela, komuna eta logela ditu.
Lehendik zegoen eraikin bat handitzeko lanak egin direnez, kanpoan material berdinak erabiltzen ahalegindu dira, nolabaiteko eraikuntza-jarraitutasuna lortzeko. Lehendik dagoen egitura kamuflatzen egin da ahaleginik handiena, zutaberik gabeko espazioak ahalbidetu eta haurrei begira zainduagoa, eta tenperatura-, aireztapen- eta argiztapen-prestazio hobeak dituen espazio berri bati bide emateko.
Energia-instalazioei dagokienez, eraikina berria balitz bezala egin dira haur-eskola eraberritzeko lanak. Energia fotovoltaikoa eta aerotermia sartu dira elektrizitatea sortzeko, zoru erradiatzailea klimatizazio-sistema gisa eta bero berreskuratzaileak aireztapen-sisteman. Eskolak orain elektrizitatea bakarrik kontsumitzen du. Kontsumo horren zati bat estalkian instalatutako 30 kW-eko potentziako eguzki-panel fotovoltaikoen bidez sortuko da.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- 0 eta 3 urte bitarteko ehun bat haurrek Donibane Haur Eskolako instalazio berrituak estreinatu dituzte irailean