Iruñeko herritarrek gaurtik aurrera eta maiatzaren 2ra arte aukera izanen dute hamar lan finalisten artean 2023ko sanferminetako kartela hautatzeko

Iruñeko herritarrek gaurtik aurrera eta maiatzaren 2ra arte aukera izanen dute hamar lan finalisten artean 2023ko sanferminetako kartela hautatzeko
Segurtasuna indartu da bozketa telematikoan, baieztapen prozesu baten bidez, boto bakoitzaren benetakotasuna bermatze aldera
Irudia
Irudia
Irudia
foto


Iruñeko Udalak gaur goizean eman ditu ezagutzera 2023ko sanferminetako kartel lehiaketako hamar lan finalisten diseinuak. Hautatutako lanak publiko eginda, datozen sanferminak iragarriko dituen kartela hautatzeko bozketa abiatu da. Hamar kartelak Kondestablearen jauregian egonen dira ikusgai maiatzaren 2ra arte (asteartea), egun horretan amaituko baita epea Iruñean erroldatuek botoa emateko epea. 

Ana Elizalde Kulturako zinegotzi ordezkariak eta epaimahaikideek gaur goizean egin dute agerraldia, Kondestablearen jauregian bertan, aurkeztutako 465 obren artean aukeratu dituzten diseinuak jakinarazteko. Hautatutako hamar lanak honako hauek dira:

-    1. 1.039. plika. 204 horas
-    2. 1.096. plika. Nueve letras, nueve días, nueve emblemas
-    3. 1.141. plika. Chupinazo
-    4. 1.161. plika. El color del año
-    5. 1.171. plika. Seguimos
-    6. 1.329. plika. Euforia
-    7. 1.411. plika. Kiliki-ki
-    8. 1.433. plika. Instante
-    9. 1.458. plika. Los vanguardistas
-    10. 1.533. plika. Tipazo

Apirilaren 12an Iruñeko Udalak epaimahaiak hautatutako 10 kartelen plikak argitaratu zituen. Horren berri eman ondoren, kartel finalisten ekoizpen, komunikazio eta hedapena prestatzeko prozesuan, aukeratutako karteletako baten irudi nagusia Interneteko doako irudi-banku batean zegoela detektatu zen. Epaimahaiak aho batez erabaki zuen lan hori deskalifikatzea nahitaez bete behar diren oinarrietako puntu bat, “kartelak jatorrizkoa, eta argitaratu gabea izatea” eskatzen duena, ez betetzeagatik  Hori dela eta, epaimahaiak egin zuen finalisten hautaketan boto gehien izan zituen hurrengo kartelak ordezkatu du.

Obren hautaketa lehiaketaren oinarrietan lehenego aldiz txertatu diren balorazio artistikorako irizpideak jarraituz egin da. Hainbat alderdi baloratu dira, besteak beste, lanak beste formatu batzuetara egokitu ahal izatea, tipografiaren eta kartelaren diseinu orokorraren arteko lotura eta kartelaren arte-estilora doitutako Iruñeko armarriaren diseinu berriak irudikatzea. Aldiz, kartel irabazlearen egilearendako 6.000 euroko zenbatekoa, bere horretan mantendu da.

Aurkeztutako kartel guztien egileen eta diseinuen nahitaezko anonimotasuna
Iruñean erroldatuendako herri-bozketa dagoeneko martxan dago maiatzaren 2ra arte (egun hori barne), eta parte hartzeko ohiko bideen bidez eman ahal izanen da botoa. Telematikoki bozkatzen ahalko da www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es udalaren webguneen bidez. Udalak online gune bat sortu du eta, bozkatzeko aukeraz gain, obrei buruzko informazioa eskaintzen du, egileek emandako deskribapenarekin eta epaimahaiaren balorazioarekin. 

Aurten, berritasun gisa, baieztapen prozesu baten bidez bermatuko da herri-bozketan botoa ematen duen pertsonaren benetakotasuna. Boto telematikoa baliozkoa izateko, bozkatzailearen helbide elektronikora bidaliko den esteka baten bidez baieztatu beharko da botoa. Mezu horren bidez baieztatu ezean, botoa ez da zenbatuko. Gehienez ere bi pertsonak bozkatzen ahalko dute helbide elektroniko beretik.

Halaber, 010 – 948 420 100 telefonoaren bidez eta hiriko zazpi Civivoxetan gaitutako hautestontzietan aurrez aurre bozkatzeko aukerak ere mantenduko dira. Telefonoz bozkatzeko deitzen duen pertsonari NANa eskatuko zaio, horrela, beste bide batez ez duela bozkatu egiaztatzeko. Gauza bera gertatzen da aurrez aurreko botoekin ere; boto horiek guztizko erregistroan sartuko dira eta datuak alderatuko dira botoak ez bikoizteko. 

Iruñeko Udalak aurtengo lehiaketaren beste berritasunetako bat ere gogorarazten du. Lehiaketaren garapen egokia bermatzeko eta hautatutako kartelei kalterik ez eragiteko, aurkeztutako kartelen egilearen eta irudiaren anonimotasuna mantentzeko betebeharra ezarri da kartel irabazlea argitaratu arte. Apartatu hori ez betetzeak automatikoki lehiaketatik kanpo gelditzea ekarriko du, bai eta hurrengo hiru urteetan lehiaketara ezin aurkeztu izatea ere.

Kartelen % 96 nazio barrukoak dira
Iruñeko Udalak aurten 465 lan jaso ditu sanferminetako kartelen lehiaketarako, iaz baino % 23 gutxiago. Ohikoa denez, kartel gehienak Espainiatik datoz (447), eta 18 nazioartetik, hain zuzen ere, Mexikotik, Frantziatik, Erresuma Batutik, Italiatik, Kolonbiatik, Finlandiatik, Txiletik, Herbehereetatik, Txinatik, Brasildik eta Estatu Batuetatik. Nazioko 447 obretatik, ia erdia (217) Nafarroatik heldu dira, eta 121 Iruñetik. Adin-tarteei dagokienez, 154 lan 30 eta 49 urte bitartekoek egin dituzte; 149, 50 urtetik gorakoek; 131, 19 eta 29 urte bitartekoek eta, 13, 18tik beherakoek.

Jorge Urdánoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendaria aritu da hamar kartel finalisten hautaketa egin duen epaimahaiaren buru eta diseinuaren, komunikazioaren edo arte plastiko eta bisualen arloko profesionalek osatu dute epaimahaia. Aurten epaimahaikide izan dira: Patti Martínez diseinu grafiko-, web diseinu- eta ilustrazio-aditua, Nafarroako Komunikazio- eta Publizitate-Enpresen Elkarteak izendatua; María Azkarate arkitekto eta argazkilaria eta EHAEO-ko (Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala) kulturako batzordekidea; Mikel Santos ‘Belatz’ marrazkilari, gidoilari eta ilustratzailea eta Nafarroako Komikiaren Azoka antolatzen duen Tiza elkarteko kidea; Patricia Fernández kazetaria eta KEY diseinu grafikoko eta komunikazioko estudioko kidea; Mila García artista eta ilustratzailea eta Variopintas artisten kolektiboko kidea, eta Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikaria. Lidia Aguerri Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorreko ofizial administraria idazkari gisa aritu da.
 



 

¿Te ha sido útil esta página?