Sanferminetako programa ofizialean indartu egin dute auzoetako kultur eskaintza, eta inklusioaren eta aniztasunaren aldeko apustua egin dute programatutako 517 ekitaldietan

Sanferminetako programa ofizialean indartu egin dute auzoetako kultur eskaintza, eta inklusioaren eta aniztasunaren aldeko apustua egin dute programatutako 517 ekitaldietan
Hainbat formatutako musika-ekitaldiek hartzen dute programaren erdia, eta aurten bada berritasun bat: Sorotan Bele Gogoan talde ezagunak emanen die amaiera Gaztelu plazako kontzertuei, hilaren 14an
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi
Fitxategi

2025eko sanferminetako programa ofizialak ospakizuna aberastuko duten 517 ekitaldi biltzen ditu, eta kulturarekin eta aisialdiarekin loturiko hainbat jarduera antolatu dituzte auzoetan ere. Ohiko moduan, kontzertuak, familiendako eta gazteendako guneak, kaleko animazioa, su artifizialak, hainbat modalitatetako musika-ekitaldiak eta gune alternatiboak izanen dira, baina horrez gain, musika elektronikoaren gune bat jarriko dute Taconera parkean, Antoniutti ondoan, eta aurten ere herritar guztiendako gune inklusibo eta irisgarriak egonen dira.

Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako zuzendariak programaren ezaugarri nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean, prentsaurrekoan. Liébana Goñi Yárnoz programaren diseinatzailea ere izan da aurkezpenean. Orotara 1,95 milioi euroko aurrekontua behar izan dute ekitaldi guztiak antolatzeko, iaz baino % 5,4 gehiago. Hainbat berritasun izanen dira aurtengo sanferminetan: esaterako, bi pantaila berri jarriko dituzte txupinazoa zuzenean ikusteko, bat Federico Soto plazan eta bestea Yamaguchi plazan. 

Auzoetako kultur programazioa
Goizetan bermuta hartuko dute musikaz girotuta Txantrean, Mendebaldean, Arrotxapean, Etxabakoitzen, Milagrosa-Arrosadian eta Donibanen, 12:30etik 14:00etara, uztailaren 8tik 14ra. Egun horietan, arratsaldez, 18:00etatik 21:00etara, PAI animazio-konpainiak haurrendako ikuskizunak eskainiko ditu Sanduzelain, Mendillorrin, Lezkairuko zalduan, Arrotxapean, Buztintxurin eta Azpilagañan. Iturramako Lopez pilotalekua umorez beteko dute uztailaren 8tik 10era bitarte, 19:00etatik aurrera.

Gune kolaboratiboetan –Antoniuttin, Basotxoan, O-ko Andre Maria plazan eta Taconeran, alegia–, kultur jarduera alternatiboak eskaini ohi dituzte urtero, eta aurten indartu eginen dute eskaintza: izan ere, musika elektronikoa entzuteko eta bertako kolektiboen dantza-ikuskizunetarako gune bat jarriko dute Antoniutti parkean, garai bateko instalazio militarren ondoko aparkalekuan, DLC Kultur plataforma kulturalak kudeatuta. Disko-jartzaileen saioak eta kontzertuak eginen dituzte, 50 orotara, eguerditik hasi eta goizaldeko 03:00ak arte. Uztailaren 14an, ordea, 23:00etan itxiko dute gunea. 

Guztiondako jaiak
Irisgarritasuna da programaren beste ardatzetako bat, eta are, programaren webgune irisgarria sortuko dute informazioa hainbat formatutan emateko. Pertsona gorren familien Nafarroako elkartearekin (EUNATE), Retina Navarra elkartearekin, ONCE eta Nafarroako Autismoaren Elkarteaerkin (ANA) elkarlanean ondu dute webgunea, eta jaien inguruko bideoak ikusi, programa eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren ibilbidea entzun eta programa piktogramen bidez ikusten ahalko da. 

Aurten ere Kondestablearen jauregian jarriko dute Zentzumenen babeslekua, CERMINekin, Haur Eskolekin eta Traza Espacio Creativo gunearekin elkarlanean. Jauregiaren erdiko patioan eta beheko solairuan egonen da gune inklusibo hori, eta sentikortasun handia dutenei zuzendua da, lasai egoteko eta jaiez gozatzeko babesleku bat izan dezaten, zarata gutxikoa eta egokitutako materialez hornitua. Edozein adinetako herritarrendako egokia izanen da tokia, gune atsegin bat desgaitasunen bat edo garapeneko nahasmenduren bat dutenendako eta haien familia edo erreferenteendako. Uztailaren 8tik (asteartea) 12ra (larunbata) egonen da zabalik, bi egun horiek barne, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era, eta sarrera librea izanen da.

Gainera, kalean zerbitzuak eta ibilbideak egokitu dituzte; uztailaren 9an, 10ean eta 11n, barraketan ez da musikarik izanen 12:00etatik 14:00etara, eta sarrera bereziak prestatu dituzte erreferentziazko ekitaldietarako, hala nola prozesiorako eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa agurtzeko ekitaldirako (Udaletxe plazan izanen da aurten ere). Halaber, Iruñeko Udalak kontzertuetarako plataformak jarriko ditu Gazteluko plazan eta Foruen plazan.

Oholtzak, kontzertuak eta guneak
Antolaturiko ekitaldien erdiak musikarekin lotuta daude, eta zuzeneko kontzertuak emanen dituzte Gazteluko plazan, Foruen plazan, Compañía plazan, Gurutzeko plazan, Sarasate pasealekuan eta Antoniutti parkean. Gaur iragarri dutenez, Sorotan Bele Gogoan talde ezagunak emanen die amaiera Gazteluko plazako kontzertuei, uztailaren 14an. Hondarribian sortu zuten Sorotan Bele folk taldea 90eko hamarkadan, eta orain garai hura gogoratzeko sortu dute Sorotan Bele Gogoan kontzertua.

Ekitaldi klasikoak ere izanen dira, hala nola Txistularien 66. Alardea, uztailaren 9an, asteazkenarekin, 12:00etan, Sarasate pasealekuan. Eta Sarasaten bertan, bertso-emanaldiak ere antolatu dituzte hilaren 7an (astelehena), 10ean (osteguna) eta 12an (larunbata), 19:00etan. Azkenik, uztailaren 8tik 14ra bitarte jotak abestuko dituzte Sarasate pasealekuan, 12:00etan.

Uztailaren 10a, osteguna, Haurren eguna izanen da, eta haurren dantza-jaialdia eginen dute 12:30ean Gazteluko plazan. Uztailaren 11, ostirala, berriz, Adinekoen eguna izanen da, eta Manu Tenoriok kontzertu berezia eskainiko du Gurutzeko plazan, 20:30ean. Haurrek eta familiek ohiko guneez gozatzen ahalko dute: Kirolari Sport Kids Media Luna parkean, Birjolastu Taconera parkeko Larrainako eremuan, eta Hauek festak hauek! Askatasun plazan. Hauek festak hauek! gunean txotxongilo-ikuskizunak eta kaleko animazioa izanen dira azken orduan.

Su Artifizialen Nazioarteko XXIV. Lehiaketa
Ohi bezala, Ziudadelatik jaurtiko dituzte egile-su artifizialak, 23:00etan: Sanferminetako Nazioarteko XXIV. Lehiaketa izanen da. Epaimahai tekniko bat arduratuko da aurkezten dituzten bederatzi bildumen artean hiru onenak aukeratzeaz, eta ikusleek ere iritzia ematen ahalko dute egunero, bozka emateko aukera jarriko baitute bai online www.sanferminespamplona.es/eu/ webgunean, eta bai aurrez aurre Kondestable Civivoxean eta Turismo Bulegoan. Sariak zozkatuko dituzte bozketan parte hartzen dutenen artean.

Aurten, bertako eta nazioarteko egileek hartuko dute parte lehiaketan, eta emakume asko egonen dira tartean. Uztailaren 6an hasiko da lehiaketa, eta Frantziako Fabrice Cadarioren Fantaisies scéniques (Fantasia eszenikoak) bildumak apainduko du zerua. Hilaren 7an, astelehenarekin, María José Bárbara Lora Zamorano valentziarraren Des del bressol, coetera (Sehaska garaitik, suzirizale) bildumaz gozatzen ahalko da. Uztailaren 8an, asteartearekin, Ben Johnson artistak Erresuma Batutik ekarriko ditu su artifizialak, eta Party of the sky (Zeruko jaia) ikuskizuna eskainiko du; hilaren 9an, berriz, asteazkenarekin, Manuel Cabrera Berral kordobarraren txanda izanen da, eta Boreal (Boreala) ikuskizuna eskainiko du. Hilaren 10ean, ostegunarekin, Andrea López Lana iruindarrak bere sustraiak omenduko ditu Pamplona, color y emoción (Iruña, kolorea eta zirrara) ikuskizunarekin, eta uztailaren 11n, ostiralarekin, David Bordes Santamaría valentziarrak Akelarre (Akelarrea) bilduma erakutsiko du.

Uztailaren 12an, larunbatarekin, Reyes Martí Mirók Castelloko Burriana herritik ekarritako Alea jacta est (Erabakia hartua da) bilduma erakutsiko du; hilaren 13an, igandearekin, Tania Fernández Fernández leondarraren txanda izanen da, eta Magia de la Ciudadela (Ziudadelaren lilura) ikuskizuna eskainiko du, eta azken bilduma, hilaren 14an, astelehenarekin, Madrildik datorkigu: Sylvia Vivar Dorado madrildarrak Noche de verano (Udako gaua) bilduma erakutsiko du.

Papereko programa: aniztasuna, sormena eta energia
Orotara 7.200 ale inprimatuko dituzte, paper iztukatu zurian, kuatrikomian, eta 155x280 milimetrokoak izanen dira. 2025eko kartel lehiaketa irabazi duen kartela jarri dute programaren azalean, Sandra Nadal Vitalen irudia. Papereko programak 2 euro balioko du, iaz bezala, eta Elkar banaketa-enpresari atxikitako dendetan eta Cáritasek Sarasate pasealekuan jarri ohi duen tonbolan eskuratzen ahalko da. 

Liébana Goñi Yárnoz arduratu da programaren kontzeptuaz, diseinuaz eta ilustrazioez. Arde Ederretan lizentziaduna da, eta diseinu grafikoan eta publizitate interaktiboaren arte-zuzendaritzan espezializatua. Loreak eta eskuak dira garrantzitsuenak, eta jaietako ikurrak ere ageri dira: diseinu horren bidez, Liébanak adierazi nahi izan du komunitatearen espiritua dagoela sanferminen oinarrian, eta tradizioak eta modernitateak elkar hartu eta aberasten dutela. Eskuek eta loreek, jaietako beste ikur batzuekin batera, bakoitzak ematen duen energiaren isla dira: energia horri esker, hiria loratu eta jaiak berritu egiten dira urtero, eta denen ekarpena behar da horretarako. Proposamen bisual garaikidea, inklusiboa eta sinbolismoz betea da emaitza, eta sanferminak Iruñeko aniztasunaren, sormenaren eta energia kolektiboaren ospakizun gisa aurkezten ditu.

Sakelako programa ere eskuragarri dago: 54.500 ale inprimatu dituzte, birziklatutako paperean. 27.500 gaztelaniaz dira; 10.000, euskaraz; 10.000, ingelesez; 2.500, frantsesez eta 7.000, alemanez. Sakelako programa doan banatuko dute Cáritasen tonbolan eta hiriko beste hainbat tokitan, hala nola Udaletxe plazako Turismo Bulegoan, tren- eta autobus-geltokietan, hoteletan, ostalaritzako establezimenduetan eta Kondestable Civivoxean. Toki horietan bertan eskuratzen ahalko da, halaber, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandiek eginen duten ibilbidea: 12.000 ale inprimatu dituzte.

¿Te ha sido útil esta página?