
Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzak emanen die hasiera 2026ko sanferminei, txupinazoa jaurtiko baitu Udaletxeko balkoitik. Osasun-langileek sanferminetan egiten duten lana balioetsi nahi du hautagaitzak, eta entzierroetarako dispositiboaren garrantzia azpimarratu nahi du bereziki. Emandako 11.740 botoetatik 3.775 boto jaso ditu Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzak, boto guztien % 32,15.
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eman du jakitera hautagaitza irabazlea, eta ekitaldi horretan Clint Jean Louis Fernández eta Miren Oscárizekin izan dira, Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzaren izenean. Orain, sanferminei hasiera emanen dien metxa nork piztuko duen erabaki behar dute. Hautatuek hauxe esanen dute jaiei hasiera emateko: “Pamplonesas, pamploneses, ¡Viva San Fermín! Iruindarrak, Gora San Fermin!”. Ekitaldia arautzen duen alkatetza-dekretuari jarraikiz, hitz horiei ezin zaie beste ezer gehitu, ez iritzia adierazten duen hitzik eta ez bestelakorik ere.
Larrialdietako zuzendarioretzaz gain, beste lau hautagai lehiatzen ziren 2026ko sanferminei hasiera emateko. Izan ere, Sanferminetako Mahai Orokorrak maiatzaren 27an bozkatu zituen bost hautagaitzak, hori baita araudiak ezarritako gehienezko kopurua, eta ondoren, herritarrek gustukoen zutenaren alde bozkatu zuten. Guztira hamaika proposamen zeuden, baina horietatik bi baldintzak ez betetzeagatik baztertu ziren. Gainerako bederatzien artean Sanferminetako Mahai Orokorraren boto gehien eskuratu zituzten bostak hautatu ziren. Horiek horrela, hautagaitza hauek azken bozketatik kanpo geratu ziren: Iruñeko Mandazainak, Fermintxo Garaikoetxea Aranburu, Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkartea eta San Saturninoko musika kofradia. Herritarrek 14 egun zituzten bozkatzeko, ekainaren 2tik 15era bitarte.
Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzak emandako 11.740 botoen % 32,15 eskuratu du (3.775 boto). Sexu Indarkeriaren Aurkako Emakumeen Plataforma izan da boto gehien lortu dituen bigarrena, botoen % 24,33 eskuratuta (2.857 boto); Txantreako Santiago Abesbatzak, berriz, botoen % 22,39 lortu du (2.629 boto). Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzak botoen % 11,94 (1.402 boto) lortu du, eta, azkenik, Nafarroako I+G+B Sistemako emakume ikertzaileek botoen % 9,17 (1.077 boto).
Hamarretik bederatzik Interneten bidez bozkatu dute
Herritarrek bozka zezaten, Iruñeko Udalak hiru bide hauek gaitu zituen: aurrez aurre Civivox Sareko zentroetan, 010 telefonoan (948 420 100 telefonoan mugikorretik edo Iruñetik kanpo deituz gero) eta https://votacionessanfermin.pamplona.es/eu webgunean. Beste urte batez, telematikoki eman dira boto gehien. Hain zuzen ere, hamarretik zortzik bide hori aukeratu zuten bozkatzeko. Emandako 11.740 botoetatik 10.157 (% 86,51) Interneten bidez erregistratu ziren. Civivox sarean, berriz, 1.236 (% 10,52) boto eman ziren aurrez aurre. Eta azkenik, 347 boto (% 2,95) 010era deituta eman ziren. Txupinazoa jaurtiko duen entitatea edo pertsona hautatzeko, Iruñean erroldatutako 16 urtetik gorakoek ematen ahal zuten botoa.
Helbide horretan 11.740 boto erregistratu dira, iazko kopurutik urruti (20.045 boto). Iaz izan zen, hain zuzen ere, parte-hartze kopururik handiena 2016an bozketa herrikoia ezarri zenetik. COVID-19aren pandemiaren bi urteak (2020 eta 2021) eta bozketa herrikoirik gabeko hurrengo bi edizioak kontuan hartu gabe, parte-hartze handiena 2025ean izan zen (20.045 boto), eta Yala Nafarroa hautatu zuten txupinazoa jaurtitzeko. Boto gehien erregistratu zituen bigarren urtea 2018a izan zen (12.213 boto). Urte horretan, Motxila 21 taldeak jaurti zuen txupinazoa. 2026ko edizioak hirugarren parte-hartzerik handiena izan du (11.740 boto), eta 2024koak, laugarrena (10.159 boto): Duguna - Iruñeko Dantzariak taldeak jaurti zuen urte horretan.
Iaz bezala, herri-bozketan botoa eman dutenek Udaletxe plazako Seminario Etxean entzierroa ikusteko bi lagunendako 40 sarrera eskuratzeko zozketan parte hartuko dute. Botoa eman duten 11.740 lagunetatik 10.211k eman zituzten beren datuak ekainaren 18an (osteguna) eginen den zozketan parte hartzeko. Zozketa bidez hautatutako herritarrek 010 Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren jakinarazpena jasoko dute.
Osasun-azpiegitura, 24 orduz
La Escalerica de San Fermín peñak proposatu du Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzaren hautagaitza. Helburua da larrialdietako osasun-langileek sanferminetan egiten duten lana ikusarazi eta nabarmentzea, bereziki azpimarratuta egunero entzierroetan gertatzen diren ezbeharrei arreta emateko egiten duten esku-hartzea. Izan ere, edozein larrialdiren aurrean berehalako erantzuna emate aldera, entzierroetako osasun-dispositiboak zerbitzu hauek barne hartzen ditu: ZIU mugikorra, 112arekin koordinatzea eta ospitalez kanpoko larrialdietako zentroetan arta ematea.
Osasun-dispositiborik aurreratuenetako bat da, eta oso ospe ona du nazioartean, duen gaitasun tekniko eta profesionalagatik eta egiten duen koordinazio-lanagatik. Baina, ezaugarri horiek alde batera utzita, hautagaitzak zerbitzu horrekin lankidetzan aritzen diren langileak balioestea zuen xede, erakutsitako hurbiltasunagatik, buru-belarri aritzeko gaitasunagatik, konpromisoagatik eta zerbitzua emateko bokazioagatik.