2026ko sanferminak abian dira jada, Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzako langileen eskutik. Clint Jean Louis Fernández mediku eta Larrialdietako zuzendariordeak eta Araceli Sergio Aguilera Tafallako ZIU mugikorreko erizainak batera piztu dute urtean gogo handienez espero den suziria, bederatzi eguneko jaiei hasiera emanez. Bi osasun-langileak Itsaso Sexmilo Aymara eta Miren Oscáriz Ojer lankideekin batera heldu dira Udaletxera. Balkoitik, osasun-lankideak agurtu eta plazan bildutakoei honako hau esan diete: “Pamplonesas, pamploneses, ¡Viva San Fermín! Iruindarrok, Gora San Fermín!”. Ondoren, besarkada bat eman eta jaietako metxa piztu dute.
Larrialdietako zuzendariordetzako ordezkariak zuriz jantzita joan dira, eta haiekin batera Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea izan da. Txupinazoa bota ondoren, zapia lotu dute lepoan. Lehen suziria jaurti dute Pirotecnia Fiesta enpresako arduradun Andrea López Lana-ren jarraibideei segituz, hura izan baita, azken zortzi urteotan, txupinazorako erabiltzen diren suziriak jarri eta ikuskatzeko arduraduna. Lehenaren ondotik, beste batzuk izan dira.
Udaletxe plaza mukuru bete duen jendetzak kantu artean egin die harrera aurtengo jaiei. Udaletxeko ezkaratzean, Nafarroako eta Euskadiko hainbat tokitako txistularien andanak eta La Pamplonesa musika-bandak Gainza-ren Biribilketa jo dute, jaiei hasiera ematen dien usadiozko pieza. Gero, plazaren erdian, Agur jaunak ohiturazko kanta jo dute. Txistulariei gaitariek hartu diete lekukoa, eta dantzan jarri dituzte bertan zeuden milaka lagunak. Eta hortik gutxira La Pamplonesa atera da.
Hiriko hainbat tokitan ikusi eta entzun ahal izan da txupinazoa, sei pantaila erraldoi instalatu baititu Iruñeko Udalak. Pantaila horien bidez, Gazteluko plazan, Antoniuttin, Foruen plazan, Yamaguchi plazan, Arrotxapeko Anelier pasealekuan eta Txantreako Arriurdiñeta plazan ikusi dira zenbait hedabidek emandako irudiak. Lortu nahi izan da, horrela, jaien hasieraz goza dezaten Udaletxe plazara bertaratu ezin baina jaien hasiera gozatu nahi izan duten iruindar eta bisitariek.
Politikaren, hezkuntzaren, kirolaren eta gastronomiaren munduko ordezkari zenbait
Txupinazoan, Udalbatzako kideak eta haien gonbidatuak izan dira Udaletxe barruan; ehun pertsona baino gehiago, guztira. Administrazio publiko eta instituzioetako ordezkari batzuk izan dira, baita hezkuntzaren eta kirolaren munduko zenbait ordezkari ere, eta ordezkari sozial batzuk. Horiek guztiek topa egin dute jaiak hasi direla ospatzeko. Bertaratuen artean, honako hauek daude: Elma Saiz Delgado Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioko ministroa; María Chivite Navascués Nafarroako Gobernuko lehendakaria; Javier Remírez Apesteguía lehen lehendakariorde, Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilari eta Gobernuaren bozeramailea; Ana Ollo Hualde bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria; Fernando Domínguez Cunchillos Osasuneko kontseilaria; José Luis Arasti Pérez Ekonomiako eta Ogasuneko kontseilaria; Imanol Pradales Gil Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Alicia Echeverría Jaime Gobernuaren ordezkaria. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea, Xabier Alcuaz Andueza, bertan izan da ere.
Ospakizunetan Nafarroako hainbat udaletxetako udal-ordezkariek parte hartu dute: Marta Ruiz de Alda Parla Lizarrako alkatea; Jose Etxarri Sueskun Erriberriko alkatea; José Manuel Menéndez González Beriaingo alkatea; Félix Ramírez Hoyos Berriobeitiko alkatea; Berta Arizkun González Burlatako alkatea; Zuriñe Peñas López Eguesibarko alkatea; Guillermo Larrayoz Otazu Esteribarko alkatea; Pedro Lezaun Esparza Ezkabarteko alkatea; Alfredo Arruiz Sotés Uharteko alkatea; Mikel Navarro Ayensa Noaingo alkatea; Alejandro López Orejuela Orkoiengo alkatea; Mikel Oteiza Iza Atarrabiako alkatea; Jon Gondán Cabrera Zizur Nagusiko alkatea eta Itziar Imaz Artazcoz Gareseko alkatea.
Hauek ere ospakizunetan izan dira: Jon Insausti Maisterrena Donostiako alkatea; Maider Etxebarria García Gasteizko alkatea; Jean-René Etchegaray Baionako alkatea eta Yves Ugalde Baionako alkateordea. Horiekin guztiekin batera, uneaz gozatu dute María Iraburu Elizalde Nafarroako Unibertsitateko errektoreak, Martín Larraza Kintana NUPeko Ikerketa saileko errektoreordeak, Andrea Lusarreta Monreal Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako lehendakariak eta Fernando Goñi Erice erakunde horretako lehendakariordeak, baita Unai Laso, Jon Ander Albisu eta Dario Gómez Gil pilotariek ere.
Pello Reparaz Escala, Zetak taldeko burua, gonbidatuetako bat izan da. Eta nola ez, Marta Garatea Almagro, sanferminetako kartel irabazlearen egilea, bertan izan da ere, bikotekidearekin batera. Honako hauek ere parte hartu dute: Isatxa Mengíbar Martínez de Goñi Lisa Simpsoni ahotsa jartzen dion bikoizketa-aktorea; Josete de Luna eta Eduardo Luky aktoreak, Doscapacitados taldeko bikote artistikoa; egun hauetan Gayarre antzokian arituko diren La Cubana taldeko aktoreak (Montse Amat, Toni Torres, Toni Sans eta Rubén Montaña) eta Damián Sánchez Martínez eguzki-tendiduko alkatea.
Jaia, kalean
Jaien hasieran, Udaletxea da jaiaren erdigune, baina sanferminak kaleetan bizi dira bereziki. Hala, txupinazoa jaurti eta gero, martxan jarri da uztailaren 14ko (asteartea) gauerdira arte iraunen duen bostehun ekitalditik gorako programa ofiziala. Musikak hartuko ditu jaien lehen orduak, txarangak eta bandak izanen baitira kaleetan barrena, Udaletxe plazatik, Antoniutti parketik eta San Frantzisko plazatik abiatuta. Ondoren, Foruen plazako folklore-jaialdiak lekukoa hartuko du 13:30ean, Dantzari Dantza, Arantza eta Larrain Dantza zikloaren eskutik.
Arratsaldean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa aterako da lehenengoz sanferminetan, 17:00etan, autobus-geltokitik. Konpartsa Zabalguneko eta Alde Zaharreko zenbait kaletan barrena ibiliko da, Kale Nagusiko Ezpeleta jauregiraino. Zehatz-mehatz, hauxe izanen da ibilbidea: Bake plaza, Yanguas y Miranda k., Gartzia Ximénez k., Francisco Bergamín k., Emilio Arrieta k., Karlos III.aren etorb., Orreaga etorb., San Ignazio etorb., Lizarra k., Yanguas y Miranda k., Navas de Tolosa k., Arazuri Doktorearen pasealekua, Kale Nagusia eta Ezpeletaren jauregia.
18:00etatik aurrera, haurren aisialdirako eremuak irekiko dira: Birjolastu, Taconeran, eta Hauek Festak Hauek!, Askatasun plazan. Biak ala biak zabalik egonen dira 21:00ak arte. Eta ordu horretan bertan, 18:00etan, Entzierroaren Monumentuaren ondoan joten erronda eginen da, Manuel Turrillas jota-eskolaren eskutik; 20:30ean, berriz, txistu- eta gaita-dantzaldi tradizionalak entzunen dira Gazteluko plazan, eta kalean dantzatzeko musika jarriko da Entzierroaren Monumentuan.
23:00etan, herritarrak Ziudadelara inguratuko dira Su Artifizialen Egileen Nazioarteko XXV. Lehiaketa ikustera. Lehen saio honetan, Ourenseko Fuegos Artificiales Josman piroteknia izanen dugu ikusgai, “Con afouteza nos Sanfermíns” (Sanferminetan adoretsu) izeneko emankizunarekin.
Bezperak eta prozesioa
Udalbatzak Bezperetan parte hartuko du gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera: jaiekin lotutako ekitaldi tradizionaletako bat da, San Fermin kaperan egiten da, eta Katedraleko Musika Kaperaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren musikak lagunduta egonen da, Julián Ayesa Gorri organo-jotzailearekin batera, Ricardo Zoco Lampreabe kapera-maisuaren zuzendaritzapean. Aurtengo errepertorioari hasiera emateko, J. S. Bach-en (1685-1750) 172. Kantataren korua joko dute, Udalbatzari harrera egiteko. Jarraian, musikari nafarren lanak interpretatuko dira, besteak beste: Mariano Garcíaren (1809-1869) Domine ad adjuvandum eta Beatus vir antifona gregorianoa; Haritz Sagaseta Urroz bakarlariaren eskutik, Joaquín Mayaren Deus tuorun militum ereserkia; eta Fernando Remacharen Magnificat (1898-1984); azken hori 1951n Udalaren enkarguz konposatutako Bezperei dagokie, eta beraz, aurten 75 urte betetzen dira hura estreinatu zenetik. Irteteko orduan W. L. Dawson-en Soon I will be done interpretatuko da, zeina Aurelio Sagaseta (1935) musikagileak orkestrarako moldatu baitzuen.
Sanferminetako Bezperek bidea emanen diote santuaren omenezko prozesioari: asteartean izanen da, jaietako egun handian, Alde Zaharrean barna. Udalbatza, Joseba Asiron alkatea buru duela, 09:55ean aterako da udaletxetik Andre Maria katedralera, honako hauek lagunduta: Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, La Pamplonesa musika-banda, txistulariak, gaitariak, tinbalariak, lebitadun eta mazolariak, besteak beste. Denak elkarrekin joanen dira Katedraleko kabildoak harrera egin diezaien.
Katedraletik San Ferminen kaperara joanen da segizioa, Kale Nagusian barna, santua prozesioan eramateko. Segizioa tenplutik atera eta Arazuri Doktorearen pasealekurantz joanen da. Ondoren, kale hauetan barna ibiliko da: San Anton kalea, Zapatería, San Saturnino eta Kale Nagusia; azkenik, kaperara bueltatuko da, eta eukaristia eginen da bertan. Ibilbidean zehar, ohiko ‘momentikoak’ izanen dira, adibidez: Canta et Yanta-ren Quieren todos cantar jota, San Anton eta Taconera kaleen elkargunean; Glorioso San Fermín jota, Kontseiluko plazan, Txantreako Santiago abesbatzaren eskutik; San Zerningo putzutxokoa, zeinetan loreak jartzen baitira santuaren idulkian, Agur Jaunak entzuten den bitartean, eta Artearen Adiskideen jota, Kale Nagusian. Meza 12:00etan izanen da, santuaren irudia tenpluan dela.