Yala Nafarroa con Palestina plataformak jaurtiko du sanferminetako txupinazoa

Yala Nafarroa con Palestina plataformak jaurtiko du sanferminetako txupinazoa
Herri palestinarrari babesa emateko plataforma gailendu da herri-bozketan, boto guztien % 52,85 eskuratu baititu
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Yala Nafarroa con Palestina plataformak jaurtiko du 2025eko sanferminei hasiera emanen dien txupinazoa. Herritarrek emandako boto guztien erdiak baino gehiago eskuratu ditu hautagaitza horrek, eta aurtengo bozketan bildu dira boto gehien. Zehazki, Yala Nafarroa con Palestina plataformak 20.045 boto baliodunen 10.594 eskuratu ditu, boto guztien % 52,85. 

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Yala Nafarroa con Palestinako Lidón Soriano Segarra eta Eduardo Ibero Albo ordezkariek lagunduta, prentsaurrekoan jakinarazi du parte hartzeko prozesuaren emaitza. 225 talde eta 1.700 lagun baino gehiago dira herri palestinarrari babesa emateko plataformaren parte. Oraindik ez dute erabaki plataformaren zein kidek botako duen txupinazoa. Dena den, araudiak ezartzen duenaren arabera, boto gehien jaso dituen hautagaitza entitate bat baldin bada, gehienez ere hiru lagunek jaurtitzen ahalko dute txupinazoa. . Hautatuek hauxe esanen dute jaiei hasiera emateko: “Pamplonesas, pamploneses, ¡Viva San Fermín! Iruindarrak, Gora San Fermin!”. Ekitaldia arautzen duen alkatetza-dekretuari jarraikiz, hitz horiei ezin zaie beste ezer gehitu, ez iritzia adierazten duen hitzik eta ez bestelakorik ere.

Yala Nafarroa izan zen Sanferminetako Mahaiak herri-bozketara aurkeztutako bost hautagaietako bat. Mahaiak zazpi proposamen zituen esku artean, baina Ezkirotzeko BSHko langileen hautagaitza Balorazio Batzorde Teknikoak ezetsi egin zuen. Beste sei proposamenen artean, Mahaiak bost hautagai hauek aukeratu zituen: AFAN Alzheimerra eta bestelako dementziaren bat dutenen Senideen Elkartea, Iruñeko Gaiteroak, Alberto Gurrea Saenz, Juan José Martinena Ruiz eta Yala Nafarroa con Palestina. Idoate familiaren hautagaitza bozketatik kanpo geratu zen. 

Hamabi egunez, ekainaren 2tik 13ra bitarte, Iruñean erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoek bozkatu dute aurtengo txupinazoa nork edo zer entitatek botako duen aukeratzeko. 20.045 boto baliodun bildu dira guztira. Yala Nafarroa con Palestina plataformak 10.594 boto lortu ditu, AFAN Alzheimerra eta bestelako dementziaren bat dutenen Senideen Elkarteak lortu dituen botoen bikoitza. Hain zuzen ere, AFAN izan da boto gehien eskuratu dituen bigarrena: 4.337 boto, boto guztien % 21,64. Iruñeko Gaiteroek, berriz, 3.474 boto eskuratu dituzte, boto guztien % 17,33. Beste bi hautagaiek boto gutxiago eskuratu dituzte: Juan José Martinena Ruiz historialariak 1.051 boto lortu ditu, boto guztien % 5,24; Alberto Gurrea Saenz jotari eta ile-apaintzaileak, berriz, 589 boto, boto guztien % 2,94. 

Batez ere, Internet bidez
2016an jarri zen martxan txupinazoa nork edo zer entitatek jaurtiko duen hautatzeko bozketa-sistema, eta aurten erregistratu dira boto gehien. 20.045 boto izan dira guztira, 2018an baino gehiago; izan ere, orain arte 2018an bildu zituzten boto gehien, 12.213. 

Iruñeko Udalak bozkatzeko hiru bide hauek jarri ditu abian: aurrez aurre, hiriko Civivoxetako boto-ontzietan, 010 (948420100) herritarren arretarako telefonora deituta edo Internet bidez, udal-webgunean. Internet bidez bozkatu dute herritar gehienek: 20.045 botoetatik 17.759 boto Internet bidez eman dituzte, boto guztien % 88,6. Civivoxetan, aurrez aurre, 1.485 boto bildu dituzte (boto guztien % 7,4), eta 010 telefonoaren bidez, 801 boto eman dituzte (boto guztien % 4).

Halaber, botoa eman dutenek Udaletxe plazako Seminario Etxean entzierroa ikusteko bi lagunendako 40 sarrera-baimen eskuratzeko zozketan parte hartzen ahal zuten. Botoa eman duten 20.045 lagunetatik 17.339k beren datuak eman zituzten asteazkenean eginen den zozketan parte hartzeko. Zozketa bidez hautatutako herritarrek 010 Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren jakinarazpena jasoko dute.

Yala Nafarroa, giza eskubideen aldeko apustua
Iruñeko Peñen Federazioa eta Nafarroako Kirol eta Kultur Zentro Dominikarrak aurkeztu zuten Yala Nafarroaren hautagaitza Sanferminetako Mahai Orokorrera; izan ere, plataformak “balio demokratikoen, giza eskubideen eta Iruñeko elkarbizitzaren aldeko konpromisoa du, eta bakearen eta justiziaren aldeko aldarria zabaltzen lagundu du”. Plataformak arlo guztietako eta Nafarroa osoko 220 talde baino gehiago biltzen ditu; halaber, beste 1.700 lagunek egin dute bat plataformarekin, “Palestinaren okupazioari eta genozidioari aurre egiteko eta palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko”. Hori gutxi balitz bezala, plataformak Iruñeko gizartean kontzientzia kritikoa zabaldu du giza eskubideen alde, nazioarteko legea errespetatzearen alde eta palestinar herriarekiko elkartasunaren alde, eta hainbat hitzaldi eta jardueraren bidez egin du hori, hirian jarduera ugari antolatuta, bertako kultura eta kirola bultzatzeko.  

¿Te ha sido útil esta página?