Sanferminetako janzkera tipikoa irudikatzen du kartelak: arropa zuria eta gerrikoa eta zapi gorriak. Iruindarren etxea 5. kartela zen, eta herritarren boto gehien jaso ditu. Hain zuzen ere, botoen % 39,1 jaso du Sandra Nadal Vital artista iruindarrak egindako kartelak.
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak prentsaurrekoan eman du kartel irabazlearen berri, Sandra Nadal Vital egilearekin batera; aurreko urteekin alderatuta, aurten jaso dira herritarren boto gehien, boto kopurua eta bozkatzeko egunak kontuan hartuta. Izan ere, 10.475 boto jaso dituzte, eta 12 egun izan dituzte bozkatzeko: maiatzaren 7tik maiatzaren 18ra arte (igandea). Soilik 2019an jaso ziren boto gehiago: 10.629 boto; hala ere, bozkatzeko hamabost egun izan zituzten urte horretan.
Iruindarren etxea kartelak 4.096 boto lortu ditu, boto guztien % 39,1. Alde handiz izan da boto gehien jaso dituen kartela. 4. kartela, Festaz bete-betea, geratu da bigarren postuan: 1.849 boto jaso ditu, boto guztien % 17,65. Uneak (8.a) eta Uztailaren 6an, 12:00etan (2.a) kartelek, botoen % 10 lortu dituzte, eta gainerako kartelek botoen % 1 eta % 5 artean jaso dute.
Tradizio bat, identitate bat
Kartelaren bidez, Sandra Nadalek sinbologia sakonagoz islatu nahi ditu arropa garbitzearen eguneroko ekintza eta festetarako prestatzea. Artistak olio-pintura erabili du kartela sortzeko, eta Iruñeko tradizioei eta hiriaren eta iruindarren identitateari keinu egiten die. Lehiaketaren hasieran dosier bat entregatu zuen, eta haren bidez azaldu zituen kartelaren nondik norakoak: “Irudi abegitsua da, egunerokoaren sinbolo boteretsua: ez da arropa bakarrik, harrotasunez eskegitako gure identitatearen isla ere bada, batzen gaituen tradizio komuna”.
Arropa esekitze hutsak adierazten du jaiak “gure etxearen parte direla; ez dira ekitaldi bakanak, baizik eta gure bizimoduaren eta sentitzeko moduaren hedapena.” Izan ere, Nadalek zaintza, errutina eta bizikidetzaren arteko antzekotasunak nabarmentzen ditu, eta arropa esekitzearekin, harrera egitearekin, epeltasunarekin eta komunitate-senarekin lotzen ditu. Izan ere, “gure jaietan jende guztia, izan hemengoa edo kanpotik etorria, babestuta sentitzen da, ongi etorria, etxean”. Kartelaren bidez, artistak gonbita egin nahi du “murgildu eta parte hartzera, ospakizun batetik harago doan zerbaiten parte izatera: familia ireki bat da, aterik gabeko etxea”.
Epaimahai teknikoak kartelaren kalitate teknikoa nabarmendu zuen, baita festak gertutik bizi dituztenen ohiko eszena bat transmititzeko gaitasuna ere. Proposamen xumea den arren, oso iradokitzailea dela azpimarratu dute. “Olioa erabiltzeak epeltasuna eta testura ematen dio kartelari, eta arropa esekita duen balkoiaren irudiak sanferminetan hain berezkoak diren zalaparta hasi aurretiko une horiek ekartzen ditu gogora”.
Lehiaketa irabazteagatik lanak inguruan, Espainiako Estatuan eta nazioartean izanen duen oihartzunaz gain, 5.000 euroko saria ere jasoko du.
Artista plastikoa
Sandra Nadal Vital (Iruña, 1990) artista plastikoa da, eta pinturak pizten dio grina. Marisol Esparzaren lantegian hasi zen pinturan, txikitan. Marisol Esparzari esker dihardu pinturan, eta bere ideia propioak islatzeko gai izan da. Batxilergo Artistikoa eta Barne-diseinua ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan, eta Industria Grafikoko Goi Mailako Gradua Salestarrenean. Gaur egun, diseinatzaile gisa lan egiten du errotulazio-enpresa batean, eta lantegi propioa du artista grafiko gisa aritzeko.
Adierazten duenez, materialei eta euskarriei buruz jakitea eta haien arteko proba-errore jolasa dira artistaren proiektuen ardatzak. Artistaren lanetan teknika bezain garrantzitsua da alderdi emozionala. Horretarako, askotariko materialak baliatzen ditu: ehunak, egurra, euskarri gardenak, baita igeltsua eta karea ere. Helburu nagusi bat du artistak: mezua eta obra hartu-emanean egotea.
Adingabea zenean ekin zion ibilbide artistikoari: sorkuntza plastikoen instalazioak eratzen zituen haurrendako hiri-lantegietarako; gainera, erakusketa kolektiboak egin ditu, baita azoketan parte hartu ere. Gainera, Paula Bonetek emandako egoitza artistiko bat egin, eta Coque Bayón artistak antolatutako lantegi batean parte hartu du: bietan itzalak, orbanak, argia eta kolorea landu zituzten. Sandra Nadalen bederatzi lan Iruñeko San Fermin kaleko Itziar tabernan daude, apaingarri gisa; halaber, beste bat Kale Nagusiko Aika zentroan dago.
Artista honek ederki islatzen du “hirugarrenean asmatu” esaera. Aurtengoarekin hirugarrenez parte hartu du Sanferminetako kartelen lehiaketan. 2013an hartu zuen parte lehenengo aldiz, eta 2023an beste saiakera bat egin zuen; epaimahai teknikoak bietako batean ere ez zuen aukeratu artistak aurkeztutako kartela. Baina aurten bai: epaimahaiak Nadalen kartela hautatu zuen hamar finalisten artean, eta orain, 2025eko sanferminetako kartela izanen dela erabaki dute herritarrek.
10.475 boto baliodun
Aurten 2024an baino herritar gehiagok parte hartu dute bozketan; parte-hartzeari dagokionez, handienetan bigarrena izan da urte guztiak kontuan hartuta. 10.475 botoek ezin hobeki islatzen dute herritarrek gero eta interes handiagoa dutela sanferminetako irudia izanen den kartela aukeratzeko. Herritarrak 2008an hasi ziren bozkatzen, eta gero eta jende gehiagok parte hartzen du urtez urte. Urte hartan 6.391 lagunek bozkatu zuten. Hurrengo urteetan murriztu egin zen botoen kopurua, eta 2014an 3.474 boto baino ez ziren jaso; aldiz, 2019an jaso ziren boto gehien, 10.629. Sanferminak bertan behera utzi zituzten pandemia bitartean (2020an eta 2021ean), eta urte horien ondoren, 2022an, 8.191 boto jaso ziren. Aurten, berriz, 10.475 boto.
Gainera, bozkatzeko egun gutxiago zian dituzte aurten. Hamabi egun baino ez dira izan, eta batez beste 872,9 lagunek bozkatu dute egun bakoitzean: orain arte erregistratu den zifrarik altuena.
Aurreko urteetan bezala, Iruñean erroldatutako herritarrek bozkatzeko hiru bide izan dituzte: aurrez aurre, Civivox sareko zentroetan, telefono bidez, 010 Herritarrendako Arreta Telefonora deituta, edo online, www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu webguneen bidez. Hain zuzen ere, online bozkatu dute gehienek: 10.475 boto baliodunetatik 7.318 online erregistratu ziren (boto guztien % 69,86). 3.027 lagunek aurrez aurre bozkatu dute (boto guztien % 28,89), eta 130 lagunek, 010 telefonora deituta (% 1,24). Aurrez aurreko botoen artean, 738 baliogabeko boto erregistratu ziren, eta arrazoi hauengatik baliogabetu zituzten: boto-emailea hirian erroldatuta ez egoteagatik, datu-faltagatik edo boto-paperetan idazteagatik.
Arropa zaintzean oinarritutako lehen kartela
Iruindarren etxea kartelak arropa zaintzeari ematen dio protagonismoa, eta sanferminak iragarriko dituen kartelean gai hori jorratzen den lehen aldia da. Zalantzarik gabe, sanferminetako janzkera tipikoa erakargarri zaie parte-hartzaileei, eta, modu batean edo bestean, urtero islatu izan dituzte gerrikoa, zapia eta arropa zuria. Dena den, aurten sortu da lehenengo aldiz arropa garbitzearekin lotutako artelan bat.
2009an saiakera bat egin zen. Hautatutako zortzi kartelen artean, Garbigailua izenekoa zegoen: arropa zuria eta zapi gorria barruan zuen garbigailu bat. Bigarren postuan geratu zen: 1.571 boto eskuratu zituen (boto guztien % 16,06). Lehenengo postuan Ángel Blanco Egoskozabalen San Fermin, gora San Fermin izeneko kartela geratu zen: 3.175 boto jaso zituen, boto guztien % 32,46.
2025EKO SANFERMINETAKO KARTELA HAUTATZEKO HERRI-BOZKETA
Erregistratutako boto baliodunak
| GUZTIRA | % |
1.a | 317 | 3,02 |
2.a | 1079 | 10,30 |
3.a | 419 | 4 |
4.a | 1849 | 17,65 |
5.a | 4096 | 39,10 |
6.a | 110 | 1,05 |
7.a | 427 | 4,07 |
8.a | 1107 | 10,56 |
9.a | 524 | 5 |
10.a | 547 | 5,22 |
GUZTIRA | 10475 | 100 |
Aurreko herri-bozketak
Urtea | 2014 | 2015 | 2016 | 2017 | 2018 | 2019 | 2022 | 2023 | 2024 | 2025 |
Emandako botoak | 3474 | 5124 | 6078 | 5682 | 6511 | 10629 | 8191 | 6242 | 10018 | 10475 |
Bozketa-egunak | 19 | 12 | 12 | 17 | 13 | 15 | 10 | 13 | 15 | 12 |
Botoen batezbestekoa eguneko | 182,8 | 427,0 | 506,5 | 334,2 | 500,8 | 708,6 | 819,1 | 480,1 | 667,8 | 872,9 |
2025eko kartel finalistak
1. kartela. 3017. plika. Distira David Muñiz Fernández. Iruña (Nafarroa)
2. kartela. 3129. plika. Uztailaren 6an, 12:00etan Alfredo León Mañú. Agoiz (Nafarroa)
3. kartela. 3225. plika. Lore-koroa Paola Craver Suils. Zaragoza (Aragoi)
4. kartela. 3144. plika. Festaz bete-betea! Nerea Bermejo Olaizola. Irun (Gipuzkoa)
5. kartela. 3395. plika. Iruindarren etxea Sandra Nadal Vital. Iruña (Nafarroa)
6. kartela. 3247. plika. Bauhaus 1919 Ángel María Haro Pelegrín. Iruña (Nafarroa)
7. kartela. 3155. plika. Ni Iruña naiz Jesús (Chechu) Ramírez Jiménez. Motril (Granada)
8. kartela. 3520. plika. Uneak Julen Alberdi Navarro. Iruña (Nafarroa)
9. kartela. 3514. plika. Zaldiko Paco Ramos Zugasti. Lizarra (Nafarroa).
10. kartela. 3440. plika. Egin korri Ignacio Cid Edreira. Cádiz (Andaluzia)